Elur-jausia
Guztia elurtuta zegoen. Zaila egiten zitzaidan taxuz ibiltzea, oinak toki egokian jartzea elurretan ez hondoratzeko. Ez nengoen bakarrik, Unai, unibertsitate ikaskide ohi bat, eta Iñigo, larunbatero joaten naizen tabernako zerbitzaria, nirekin zeuden. Baina, zer demontre ari nintzen bi horiekin? Iñigorekin ez dut sekula bost hitz baino gehiago segidan trukatu, eta Unai duela bi urte ikusi nuen azkenekoz. Elurtutako mendi magal horretara nola iritsi nintzen ere ez nekien. “Nola iritsi naiz hona? Zer egiten dut bi hauekin hemen, zergatik ez dut hotzik sentitzen nahiz eta udako arropetan egon?”. Ezerk ez zuen zentzurik.
Halako batean, ikaragarrizko burrunba entzun genuen mendi tontorretako batetik eta oihartzunak arana zeharkatu zuen eta zirrikitu guztietaraino sartu zen.
–Zer izan da hori? –galdetu zuen Iñigok.
Beldurgarria izan zen, benetan. Hirurok burrunbaren iturria bilatzen saiatu ginen, urduri, lepoak tente-tente jarrita, gorantz begira, tontorrei begiradarekin galdezka.
Eta horra hor, ekialdeko tontor txiki batean, gure galderen erantzuna.
–Elur-jausia! –ohiukatu nuen.
Beldurra, ikara, izua. Orduan bai, hotza sentitu nuen. Gorputzeko poro guztiak zabaldu ziren eta aire hotza tornado baten modura sartu zen nire barreneko zelula iheskorrena ere izozteraino. Momentu berean, izerditan hasi nintzen, izerdi hotza, izotza. Azala erre zidan.
Korrika hasi nintzen, noraezean, bururik gabeko oiloak bezala, behin eta berriz elurretan estropezu eginez. Unai eta Iñigo ez zeuden nirekin, ezta nire bistak ematen zuen guztiaren mugen barruan ere. Desagertu egin ziren, elurrak irentsi balitu bezala.
Pinu baten atzean babes hartu nuen, baina berehala ohartu nintzen horrek ez zuela inongo zentzurik, elurrak berdin-berdin irentsiko ninduen. Urduri baino urduriago nengoen, zeharo beldurtuta. Hala, lasaitzeko asmoz, gauzei irtenbide logiko eta arrazional bat aurkitzen saiatu nintzen.
“Ea ba, nola iritsi naiz ni hona? Ez dut gogoratzen, ez dakit zer gertatu den honen aurretik. Elurtutako mendi magalean nago udako arropetan, inoiz imajina ez nitzakeen bi pertsonekin. Nola iritsi naiz hona eta zergatik nago bi pertsona hauekin? Hiltzear nago, heriotza maldan beheran dator elurrezko olatu gupidagabe bilakaturik. Honek guztiak ez du inolako zentzurik, ez du ez hanka eta ez bururik. Hau ametsa da, honek ametsa behar du izan! Bai ametsa da, ez dago dudarik”.
Beraz, ametsa zen, ametsetan nengoen. “Uf! Hori da hori arindua! Ez naiz hilko! Hauek ez dira nire azken segundoak, badakidalako ametsetan ari naizela”. Baina nahiz eta ametsetan egon, elur olatu bortitz hura niregana zetorren eta ez zuen gelditzeko asmorik. “Ez dut nahi elur-jausiak harrapa nazan! Ez dut nahi elurrak jo eta lurpera nazan! Ez dut sufritu nahi!!”
Esnatzea nuen ihesbide bakarra, nire logelara itzultzea elurrezko tranpa horretatik ihes egiteko. Bizkarra pinuaren kontra jarri eta begiak itxi nituen. “Tira, esnatu, esnatu, esnatu…”. Baina elur-jausia gero eta gertuago zegoen, dagoeneko hasi zen pinudiko lehen pinuak irensten eta bere marruma zitala gero eta ozenagoa zen. “Esnatu! Esnatu! Esnatu! Ez dut elurrak inrentsi nazan nahi! AAAAAAAAAAAAAAAAAAAAAAAA!”
Dena ilun zen berriz ere, nire gelako iluntasunean nintzen, izerditan blai, bihotzak bularra zeharkatuko ote zidan beldur. Bihotz taupadak moteltzen hasi zirenean, burrunba batek izutu ninduen, ametseko elur-jausia sortutako soinu berak. Trumoi bat zen, ekaitza zegoen. Burua izaraz estali, fetu-jarrera hartu eta lasaitzen saiatu nintzen berriro lo hartzeko.
Ametsen mundua harrigarria da.