Eivissa eta beste planeta batzuk
Eivissa eta beste planeta batzuk –
Joan den astean enteratu nintzen badagoela tipo bat 1980tik ilargia saltzen ari dena, lursailka. Lau mila metro koadroren truke -akre bat- 30 euro eskatzen dizkizu. Hau da webgunea, inor animatzen bada: https://lunarembassy.com/
Dennis Hope -holan du izena- urrunago joan da. Bere negozioa hedatzen ari da, eta dagoeneko eros diezazkiokegu orubeak Venusen eta Marten. Hori bai, saltzailea gizon xehea da eta, jabetza tituluarekin batera, lursailaren satelitezko argazki bat eta poesia hutsa den azalpen paragrafo bat bidaltzen dizkizu: «Zure lursaila Ametsen Lakuan dago (Lacus Somniorum latinez), Serenitatearen Itsasotik eta Crater Posidoniusetik oso gertu». Ez, ez zait batere garestia iruditzen: Ziurtagiri horrek, marko txukun batean sarturik, ezin hobeto apainduko dizu egongela, eta elkarrizketa gai bat emango dizu bisitekin solasean aritzeko. Isiluneak oso deserosoak dira: ez bazaizu bururatzen zertaz mintzatu, beti esan dezakezu ilargiaren zati hori zurea dela.
Harrigarria bada ere, salmenta erabat legezkoa da, Jordi Puntik “El hombre que vende la luna” erreportaian azaltzen duen bezala: 1967an, gizakia ilargira iritsi baino bi urte lehenago, Nazio Batuek Kanpo Espazioari buruzko Tratatu bat idatzi zuten, sateliteak, planetak, meteoritoak eta beste gorputz espazial batzuk ezin direla inongo estaturen jabetzakoak izan zioena. Nahi adina paseatu zaitezke, baina ez dute nagusirik. Hopek zirrikitu bat topatu zuen itunean, argudiatuz bera ez zela herrialde bat, gizabanako bat baizik, eta gutun bat bidali zuen Nazio Batuetara, esanez bera zela ilargia erreklamatzen lehena eta, beraz, harena zela. Inork erantzun ez zionez, isiltasun administratibo gisa interpretatu zuen eta ilargiko lurra saltzeari ekin zion.
Denis Hoperi ia dena gaizki atera zitzaion gau batean ilargiari begira geratu zen arte. Kontu handiz ibili behar da zirrikituekin, batez ere lege zirrikituekin. Hortik edozer gauza sar dakizuke. Dennis horietako batez baliatu zen bederatzi milioi dolar inguru irabazteko.
Ideia zoragarri bat bururatzen ari zait: eguzkia nire izenean erregistratzea, eta, zirrikitu horretaz baliatuz, Hoperi faktura potolo bat helaraztea egunero ematen diodan energiagatik. Edo lursail batzuk erosi eta alokatu…
Iragan astean ere jakin nuen Eivissan, hau da, beste planeta batean, jada -hori diote hedabideek- ez dagoela lekurik bertan lan egiten dutenentzat. Etxebizitzen prezioak ordainezinak dira eta turistak artatzen dituzten erizainak, medikuak eta ostalaritzako langileak kanpinetan, karabanetan edo txaboletan bizi dira. Bitxia bada ere, luxuzko jatetxe batean eguna pasatzen duten sukaldariek taldean lo egiten dute pitzaduraz beteriko Decathloneko kanpin-denda batean. Bitxia bada ere, esate baterako, bost izarreko hotel batean eguna ematen duten zerbitzariek gaua izarpean pasatzen dute, ilargiari begira, non metro koadroa askoz merkeago dagoen.
Burura datorkit, halabeharrez, Suwamishen tribuko Seattle buruzagiak, haien lurrak erosteko asmoz Washingtondik heldutako funtzionarioei erantzun ziena: «Lurra ez dagokio gizakiari, gizakia lurrari baizik. Gizakiak ez du bizitzaren sarea ehundu: haren hari bat besterik ez da». Ez, ilargiari buruz, ez zuen ezer esan.
En fin.