Egiten duzuna egiten duzula
Egiten duzuna egiten duzula –
Hirurogei urte bete berri dituzu eta baten bati -ez dakizu nori- abisatzeko beharra sentitzen duzu: Bizitzea -Pau Donesek zioenez- premiazkoa dela. Bizitza -Fitok abesten duenez- hozka egin beharreko zerbait dela; aho bakoitzean zapore desberdina duela. Edonori, bai.
Hirurogei urte bete berri dituzu eta ulertzen duzu errua -edo meritua- ez dela erabat zurea izan. Norbaitek abisatu izan beharko ba zizun… Bai, ez dakit nork, baina norbaitek esan izan beharko zizun galtza haiek ez zirela zure neurrikoak, ez, ez zela -agerian zegoen- bide horretatik; goizegi edo beranduegi zela. Norbaitek -agian coach bana izan beharko genuke denok- jakinarazi izan beharko zizun hura ez zela, hala iruditzen bazitzaizun arren, zure bizitzako gizona edo emakumea; argi zegoela bigarren eskuko kotxe hark arazoak emango zizkizula edo pagotxa paregabea zela; duda barik ama izan beharko zenukela edo seme-alabarik, ezta burutik jota ere, ez izateko.
Norbait zuregana gerturatu izan beharko zuen goiz hartan edo gau hartan, eta urrunegi zindoazela jakinaren gainean jarri izan beharko zintuen; titarekada bat uretan itotzen zeundela; mugitzeko edo gelditzeko, lasaitzeko; abian jartzeko. Baten batek, laburbilduz, bizitza zertan datzan ohartarazi izan beharko zigun.
Norbaitek, ez dakit nork, zerbait esan izan balizu, ez zinatekeen hainbeste aldiz erratuko; norbaitek zerbait esan izan balizu ez zenukeen hainbeste aldiz asmatuko. Hirurogei urte betetzerakoan, azkenean ere, behin asmatzeko askotan huts egin behar duzula ulertzen duzu. Akats zoragarriak daudela baita asmatze beldurgarriak, ikaragarriak ere.
Hirurogei urte bete dituzu eta burura datorkizu Robert Frosten The road not taken olerkia: ederto islatzen du zalantzazko une hori, eta nola aukeratzen dugun bata edo bestea, nahitanahiez, erabaki bat hartu behar delako, senak bideratuta agian, edo mila argudio emanez. Hautaketa hartu ondoren, kontsolatu egiten gara, esanez agian beste egun batean itzuliko garela atzean utzitako bidea aztertzera. Hori posible balitz bezala!
Hirurogei urte bete dituzu eta bai abisatu izan zizutela gogoratzen duzu baina -gehiagotan- zure bihotzaren edo erraien arrazoiak nahiago zenituen. Hirurogei urte bete dituzu eta ondorioztatzen duzu zu izan zarela erantzule bakarra. Zuk zerorrek zerbait esan izan beharko zenuen. Zapata haiek estutzen zintuztela; nazkatuta zeundela, aski, gehiegi edo gutxiegi zela. Zerbait, ez dakit. Berriro eta zerotik hasi nahi zenuela; bera bazela zure bizitzako emakumea edo gizona. Dena konpon zitekeela edo horrek jadanik ez zuela erremediorik. Bai, musu hori eman izan behar zeniola.
Hirurogei urte bete dituzu, eta ulertzen duzu bizitza agian horrela idatziko dela; azkar, bakoitzak norbanakoaren orrian, eta ez duzula astirik izango lerro horiek garbira pasatzeko, albokoari seigarren ariketa kopiatzeko, zirrimarrak makillatzeko; dagoeneko tippexak ez dizula ezertarako balio izango.
Hirurogei urte bete berri dituzu eta esan nizun inori esan behar diozula konprenitzen duzu; gehienez nik egingo nuke edo nik, agian, ez nuke egingo. Hirurogei urte bete dituzu eta burura datorkizu Nicanor Parraren esaldi ospetsua: Egiten duzuna egiten duzula, damutuko zara. Berdin dio zer gertatzen den, edo zer egiten dugun. Beti izango da zerbait akastuna eta neurriren batean okerra.
Hirurogei urte bete berri dituzu eta baten bati -ez dakizu nori- abisatzeko beharra sentitzen duzu: Bizitzea -Pau Donesek zioenez- premiazkoa dela. Bizitza -Fitok abesten duenez- hozka egin beharreko zerbait dela; aho bakoitzean zapore desberdina duela. Edonori, bai.
Egiten duzuna egiten duzula