Egia tamainan?
Egia tamainan? –
“Hemen egiarekin bakarrik ez duk inor bizi… Ez politiko, ez enpresario eta ezta eskalerik ere” bota zigun Iñaki Segurolak bere Gaur ere ez hiltzeko eguraldirik egingo liburuan, bere aita zenaren ahotik hainbat eta hainbatetan entzunda. Ez da hutsala gero adierazia!, esanahiz trinko eta mamitsua dugu berau, nire iritzirako behintzat. Hasteko, esaldiaren “bakarrik” horretan jarriko nuke nik azpimarra. Izanez ere, ez dut uste ezein munduko seme-alabarik egongo denik egia beharrezko, behar-beharrezko, dugunik duda-mudatan jarriko duenik. Bestetik baina, egiak, bakarrik, bere soilean, ez omen bizitzeko ematen.
Alabaina, egia, bere soil-bakarrean jasan-irenstea guztiz ezinezkoa izango zaigu; horren aurrean gure ezina aitortu beharrean gaude. Ez dago gizakia egia osorako prest, ez dago. Egia eta egiak daude, noski, errealitatea eta errealitateak dauden moduan. Letra larrizko Egia har dezakegu burutan, edo, bestela, horraino gabe ere, letra xeheko egiak. Batera zein bestera, egiak, egia txiki edo “sektorial” dei genitzakeen horiek, euren artean gerturatu-urruntzen, banandu-batzen, pilatu-adaskatzen doaz denboraren joanean, agertzen eta desagertzen, neurri batean edo bestean ematen.
Egia ote den horretaz ari garelarik, edo, zer ote dugun egiatzat geure buruari galdegiten diogularik, ezin bazter utziko dugu filosofiatik hain baliatutako “adaequatio rei et intellectus” delako esapidea, Aristotelesekin hasi eta Tarskirekin buka bere zer esana beti izan duena. Adimena eta objetuaren arteko elkarrekikotasunak ematen digu egiaren berri.
Hau guztiau esanda, buelta nadin berriz hasieran esandakora, alegia, bere bakarrean hartutako egiaren ezina aintzat hartzen zuen ideia delakora. Dena bere tamainan, esan ohi da beti. Egiarekikoan baina, lehendabiziko adituan behintzat, gogortxo-edo eman liezaguke horrek belarrira. Egiari dagokionean, nonbait, zera eman lezake, orekarik, neurririk, erdibididerik batere ez lukeela egon beharko. Ez dakit nik bada. Goian esanda moduan, ez dakit nik gizakiaren izaera prest ote dagoen egia bere oso-betean jasan ahal izateko. Oso gain-baliotua, oso gain-goretsia dago egia. Hau, berez, ez dago gaizki, betiere inoiz ez gauzatutako kontu idealtzat besterik hartzen ez badugu, zerumuga moduan, alegia. Halaxe ez balitz, iritsi beharreko, baina ez iritsitako kontu moduan izango ez bagenu, akabo gurea, akabo dena, gezur hutsean anoxiaz hilko ginateke. Tamainan dago hortaz kontua. Egiatik eta gezurretik zein dosi hartu, hor legoke gakoa. Honi ohartxo bat agian egin beharko genioke; agian egiarekin aurkakotasun harremanean dagoen horrek ez du zertan, ezinbestez, “gezurra” izan, agian bai, baina ez du berez zertan, ezjakina izan liteke, ezagutza falta izan liteke, egia hori bere betean zabaldu dadin behar adinako ezagutza falta izan liteke. Hortaz, aurre esandakoa zuzenduta-edo, zera esango dugu orduan orain; egiak eta “ez-egiak” dosi egoki bana eduki behar dute, gurea onik aterako bada bederen.
Egia huts potzolak berekin du izua eta beldurra. Askotan ez da samurra berorrek bizitzarekin bat egin dezan, berorrek bizitzaren behar-eskakizun bizirautezko praktikoekin bat egin dezan. Ez dago berez esaterik egiak bizitzarako balio ez duenik, baizik-eta, tamainan baino ez duela balio, tamainan, bere dosi egokian…Egia-egia, egia bere betean, ez da praktikoa bizitzarako hortaz.
Aipatu tamaina horren harrira zera aitor genezake; egia hutsak, egiak bere betean, “betekadaz” hilko gintuzke, baina gezur hutsak, gezurrak bere betean, “anoxiaz” hilko gintuzke.
Testuarena zuzentze alderako OHAR ezinbesteko bat: bizitzarako egia eta “ez-egiaren” arteko oreka beharrezkoa bada, batetik eta bestetik tamaina, neurria eta dosi egoki bana behar badira, ezin ukatuzko arazo potolo bat dugu esku artean. Egia eta “ez-egia” tamainan ezinbestez…, bale, eta orduan ebatzi-aitortutako honi dagokionean zer esan? Salbuespen dela eta, hortaz, hori badela egia-egia, egia hutsa? Nola eutsi, hortaz, taminaren aldeko aitorpen horri, berau horren irmo, borobil eta egiati aitortzen badugu? Bada, soil-solik atzera begirako aitorpen gisa, hau da, iraganeko, orain arteko gertakarietan berea bikain egin duen tamainari dagokionean soil-soilik (ikusi dugu-eta, ondo ikusi ere, gezur hutsaren praktika politiko esperimenala zer ari zaigun ekartzen berekin). Etorkizunari begira orduan zer esan? Bada, asko jota, orain arteko tamainak funtzionatuko duelako uste-itxaropenari eutsi geniezaiokeela. Edo, baliteke “egia eta ez-egiaren arteko” tamaina beharraren aitorpena bera patuaren halabeharraren tamainak, bestela, batera edo bestera, ber-orekatzea berriz.
Igor Goitia
Egia tamainan?