Egia, propagandaren aurrean errendituta

Egia, propagandaren aurrean errendituta – 

Egia, letra larrizko egia, ezin hitzetan jarri, ezin beroietara makurrarazi. Bestela, hitzetaratuz gero, kimatu, are zikiratu ere, egingo genuke, eta hala eginez gero, eskuartean gelditutakoa, egia berenez ez, gehienera jota, onenean, egia horren aztarren eskas batzuk baino ez geneuzkake. Hori horrela, ezin adierazgarriago, Bitoriano Gandiagaren olerkietako batena, honelatsuko zer edo zer zioskuna: Sua bezalakoa dugu egia; ezin dugu paperean jarri; izan ere, jarriz gero erre egingo luke-eta papera. Zeruertz moduko bat genuke benaz egia, erreal den horrekiko zin-zinezko testigantza fidel-fidela izatea aitortuko badiogu. Testimoniotutakoaren adecuatio baino areago da egia, esango nuke nik beldurrik gabe.

Egia ez da erraza, goian esanda moduan. Alabaina, horretaraino gabe ere, eta egia, horretaranzko abia-bidetzat bestetzat ez harturik ere, berau prozesu soil gisa harturik ere, prozesu-bide horrekiko fideltasun zintzoa eta, berori urratu ahala, aurrera eta aurrera egiteak luzatutako aurrerakinak besterik ez geneuzkake.

Inoiz ez dira errazak izan ez egia, ez egiarekikoak. Iñaki Segurolarekin esanda, zera ekarri genezake zuzen onez hona: “Hemen egiarekin bakarrik ez duk inor bizi… ez politiko, ez enpresario, ezta eskalerik ere”. Egiarentzat sekulan garai onik egon ez bada ere, are gutxiago, askoz gutxiago ere, izango da gurea. Xavier Zubirik El hombre y la verdad bere liburuan ezin hobeto adierazi zuen bere garairako (zer esan hortaz gureaz!), alde-alde jarraiko hauxe-edo zioskularik; Inoiz gutxitan eraso egin zaio horren bortizki egiari, gure garaian nola. Egia, kaltegabe, armarik gabekoa izanda, erraz eta samur utz daiteke bide-bazterrean abandonaturik. Honekin batera, zera ere gertatzen da; hainbeste eraso jasotzen du atergabe egiak, ezen astindua izatearen izatez azkenerako eri bezain hilezkor bilakatzen den. Hartara, erasoaldiaren ostean berriz ere agertzen zaigu zauritu bezain hilezin.

Halarik ere, egia oro manifestatzea da eta manifestatze horri ere erraz egin ohi zaio muzin, manifestatzea manifestatuarekin ordezkatzen den une oro. Eta horrela prostituitzen da egia, manisfestatua manifestatzearen ordez hartuta, eta manifestatua propaganda bilakarazita. Azkenerako egia propaganda bilakatzen da, esaten dena esateagatik eta ez, aldiz, egia delako esateagatik. Jende-masa modernoek, propagandaren eragitez, ez dute sinisten ezta ikus litekeen ezertan ere, ez eta beren esperientziaz eta bizipenez jada aski ondo jakin zezaketen horretan ere, zioen Hannah Arent-ek. Ez diote sinisterik ematen jada ez bere begiei ez beren belarriei.

Eta zeri sinisten diote orduan? Bada, informazioari, egun, informazio deitzen diogun propagandari.

Egia, propagandaren aurrean errendituta

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.