Desirak, sortzez edo sortuak?

Desirak, sortzez edo sortuak? –

Desirak, sortzez edo sortuak?

Psikologian orain asko ez dela arte, bi korronte nagusi aurkakotzen ziren, zein baino zein, giza izaera eta portaera azaltze aldera; anbientalistak genituen korronte batekoak, eta genetistak-edo bestetzukoak (aurrez, arren, barka biezadate jakintza-arloko aditu irakurle bakarren batek zabar samar dihardudala baderitzo, eta, har dezala soil-soil jarraian datorren hausnarketarako bide emango duen aitzakia gisa). Aurrenekoek inguruari, hau da, bizi ahala bizitako esperientziei eta jasotako eraginei, ematen zieten garrantzia; genetistek, aldiz, izatez eta berez, genetikatik-edo, jada badaukagunean jartzen zuten beren azalpen-azpimarra. Badakit gerora, eta egun, erdibideko jarrera bat gailendu dela. Goazen baina muturretara, hor dago-eta sarri askotan gerorako erdibiderako zinezko mamia eta zuztarra.

Psikologia zabalean ernatutako kezkagaiak azaltze aldera, korronte hauetariko bakoitzak, zein bien arteko xextra biziak, asko emango zuten, ezin uka. Nik, baina, korronte biak bereizten dituen zuztarrari bere soilean, bere biluzian, baino ez diot heldu nahi orain. Gure desirak, nahiak, gustuak edo dena-delakorako gogoa,… guretik sortuak (ernatuak), guk geuk sortuak (soilik geurez?), edo besteek kanpotik gugan sortuak al dira?

Ur sakonak, orain, zirt edo zart, zer edo zer esan ahal izateko. Horrela, kolpe batez, eta azkar-azkar batean gehienok zera esango genuke: gizarteak, enpresek, merkatuak…gugan sortuak direla, zuzen edo zeharbidez, tamalez guretzat oharkabean edo kasik-oharkabean bada ere. Marketin arlokoek kasik gauza berbera esateko bi mozorro ezberdin erabiliko dituzte. Batzuek, argi eta garbi, eta lotsa apurrik gabe, merkatuak sortuak direla esango digute (hortaz, aurrera!, jo eta ke hiritarrari ahalik eta desirarik gehien sortzera!). Ardi larruz datozkigunek, bestalde,zera esango digute; gizakiaren baitan berez eta izatez dagoena beharrizanak direla, unibertsalak direnak, eta horiei dagokienez, merkatuak aurkitu-detektatu baino ez dituela egiten, eta, gerora, modu gero eta era finagoez (produktuak ordezkatzen dituzten produktuen bidez), beharrizan hauek ase egiten dituztela.

Utikan zehaztapen nahastaile horiek! Beharrizan zein gogo formapean, berdin zait, eta ez bakarrik soil-soilik erosi edo kontsumitu daitezkeen produktu eta zerbitzuei dagozkienak, bizitzan “honetarako” edo harako “hartarako” gogoa dugu, orain eta ume-umetandik, une oro eta atergabe. Gogotsu bizi gara, zinez gogotsu, orain honetarako, gero hartarako. Baina, “zerbait”, “dena-delako” horretarako gogo zehatz eta asmodun delako horrek, asmo zehatz horri dagokionean, zer harreman du asmo edo gogogai horrekin?

Nondik ernatu zaigu dena-delako horrekiko zaletasuna? Desiratu al dezakegu inondik inora dastatu ere ez dugun ezer? Ezezaguna gutiziatu al dezakegu? Besteek zer-nola balioesten duten jada baduten hori ikusita, imitazioz-edo, hasten gara gu delako hori nahi izaten, esango digute gizarte-psikologiatik. Baliteke. Baina, horrela ere ez liratekeen kasuetan, zer? Desiratu al dezaket berez inoiz ezagutu ez dudan ezer?

Nihil volitum quin praeconitum, nonbait.
Hala omen zioten gure kasikoek,
ezin dela ezgutugabea inolaz desiratu.
Ezingo nukeela gutiziatu, berez ezagutzen ez dudan isiltasuna,
alabaina, orroka, garrasi-oihuka dabil nire barrena isiltasun-gosez.
Barruko oihuek isilarazi nahi dizkit kanpoko oihuak,

Ba al dago iraganaldirik gabe deus desiratzea?
Ba al da posible, hortaz, oroitzapenik gabe ezer irrikatzea?
Ba al dago, oroitzapen zehatzak izanik ere, berauek zeharo neutroak, ez gazi ez goxoak, ezer nahi izatea?
Ba al dago, hartaz, zer edo zer desiratzea, berorri buruz, ezer, ezertxo ere ez baldin badakigu?
“Nihil volitum quin prae-cognitum”

Ez dago ezer desiratzerik aurrez berori, aldez edo moldez, ezagutu gabe?

Desirak, sortzez edo sortuak?

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

2 pentsamendu “Desirak, sortzez edo sortuak?”-ri buruz

  • Benat Castorene 2023-08-03 12:22

    Egun on Igor,
    Duela hainbat urte leitu nuen René Girard orduan modan zen historialari bat. Gogoratzen naizenez, erraiten zuen azkenean guk ez ginuela desiratzen besteek desiratzen zutena baizik. Hori fenomena unibertsaltzat zeukan eta deitzen zuen desira mimetikoa.
    Baina egia balitz ere horrek ez luke zorigauzez erantzunen zure galderari, ez du galdera aurreko maila batean atzeratzen baizik. Alabaina baten batek desira hori lehenik eta bakarrik kontzebitu ala kanpotik jaso behar izan zuen. Ezda?
    Beraz lehen horrek nundik zeukan ordea desira hori?
    Adeitasunez

  • Mikel Haranburu 2023-08-03 15:15

    Interesgarri eta sakon deritzot gaiari… ni ez nintzateke orain sartuko ur sakonegi horietan… zeren eta, sortzez ala sortaraziak, zer garen eta zer ez, eta zer bilakatzen garen gero, eta zer bilakatzerik dugun, bestalde…
    Baina bai aipatu nahi nuke bestek desiratzen dutena, ala ezagutu badazaguguna bera, ez desiratzeko edo bazter uzteko aukera ere badugula…