Deseraikuntza gero eta premiazkoagoa da
Deseraikuntza gero eta premiazkoagoa da –
Deseraikitzearen teoria, bere hastapenetan Jacques Derridarekin lotua, mendebaldeko hizkuntzan eta pentsamenduan inplizituak diren egiturak eta hierarkiak zalantzan jartzen dituen ikuspegi kritikoa da. Derridak 1960ko hamarkadan garatu zuen aipatu ikuspegi hori, estrukturalismoari eta hizkuntzari, esanahiari eta egiari buruzko ideia tradizionalei egindako kritikaren zati gisa.
Deseraikitzearen arabera, hizkuntza ez da zeinu-sistema estatiko edo gardena, prozesu dinamiko eta ezegonkorra baizik, non esanahiak ez baitira inoiz finkoak edo behin betikoak izaten.
Horrela, Derridak DifférAnce neografismoa sortu zuen, frantsesezko différEnce (diferentzia) hitzaren homofonoa, hizkuntzak esanahi egonkorrak eta behin betikoak sor ditzakeen ustea zalantzan jartzeko. Kontzeptu horren arabera, zeinu (hitz) baten esanahia ez da ez berezkoa ez betierekoa, beste zeinu batzuekin duen harremanaren araberakoa baizik. Horrek esan nahi du hitz baten esanahia beste hitz batzuen aurka eraikitzen dela eta beti etorkizunerantz mugitzen dela, esanahi bakoitza «diferitua» (geroratua) baita eta beste testuinguru batzuen mende baitago. Beste era batera esanda, esanahia ez da inoiz betea edo osoa, ezta amaierakoa ere; etengabe mugitzen ari dela baizik.
Horrek filosofia tradizionalaren oposizio bitarrak desmuntatzera garamatza, ohiko kontraesanetan oinarritzen direnak, hala nola, presentzia/absentzia, burua/gorputza, arrazoia/emozioa, forma/edukia eta abar. Derridaren arabera, oposizio horiek hierarkikoki antolatuta daude, halako moldez non termino bat bestearen gainean lehenesten den (adibidez, presentzia absentzia baino hobeagoa dela jotzen da). Deseraikitzeak aurkakotasun horiek iraultzea bilatzen du, erakutsiz kontrako terminoak ez direla independenteak edo hierarkikoak, baizik eta elkarren mendekoak eta, askotan, trukagarriak ere bai.
Beraz, ez da bidezkoa esanahi finko bakarra aurkitzea, ez baitago «azken esanahirik» edo «zentrogunerik» testu batean, ezta lor dezakegun egia absoluturik ere. Horren ordez, edozein testuren esanahia etengabeko interpretazio-prozesu batean eta etengabe aldatzen ari den prozesu batean dago. Testu baten irakurketa edo interpretazio bakoitzak zerbait berria ekarri eta esanahia aldatzen du.
Ondorioz, egilearen jatorrizko asmoa ez da testu baten esanahi-iturri bakarra. Irakurleek interpretazio propioak egiten dituzte, eta testuak berak esanahi eta barne-kontraesan ugari ditu, irakurketa bakar batera mugatu ezin direnak. Beraz, testuaren atzean ez dago benetako esanahirik; esanahia irekia eta jarioan dabilena baita.
Horrenbestez, deseraikitzea metodologia kritikoa da, ez da suntsipen-prozesu bat, baizik eta ezkutuko egiturak, barne-kontraesanak eta testu edo diskurtso baten barruan aztertu gabeko usteak agerian uztea bilatzen duen azterketa xehe bat. Derridak metodologia hori testu filosofiko eta literarioetan erabili zuen, testu zorrotzenek ere beren hastapenei aurre egiten dieten ezegonkortasunak eta anbiguotasunak dituztela frogatuz.
Praktikan, deseraikitzea testuaren egituraren kontra irakurriz gauzatzen da, testuak berak ezabatu edo alde batera utzi nahi dituen elementuak bilatuz. Horrek guztiak beste diziplina batzuetan ere eragina izan du; izan ere, jatorrian hizkuntzaren eta filosofiaren teoriaz ari garen arren, deseraikitzeak eragina izan du beste esparru batzuetan, hala nola literaturan, teoria politikoan, genero-ikerketetan, antropologian edota arkitekturan. Arlo horietan guztietan, deseraikuntza identitateari, autoritateari eta objektibotasunari buruzko ideia tradizionalekiko lehian aritu da, eta esanahi-egitura oro berez ezegonkorra dela proposatu.
Valentziako azken euriteek uholde-arriskuko lurzoruko eraikin ugari erakutsi dizkigute, bai eta tranpa hilgarri bihurtu direnak ere.
Bai errealitate fisikoan, baita pentsamenduaren arloetan ere, balio tradizionalak deseraiki behar ditugulakoan nago, hala nola ohiko estruktura politiko eta merkantilak, akatsak errepikatzera eta, are okerrago, atzera bueltarik ez duten tragedietara garamatzatelako.
Deseraikitzea, bada, gero eta beharrezkoagoa zaigu.