Denboraren abiadura motelarazi nahian, gero eta ezinduago!
Denboraren abiadura motelarazi nahian … –
Nor bakoitzak, bere bizitza ibilbidea urratuxe duenean, urteetan sartuxe dagoen horretan, zahartzaroan oraindik muturra sartuta izanda edo ez, inpresio-irudipen oso berea izango du bizi izan duen bizitzaz eta, hortaz, berori positiboki, negatiboki, edota erdibide batean kalifikatuko du. Norbere irudipen hori motibo objektibo edo erdi objektiboetan egongo da oinarrituta ziurrenik, edo agian ez hainbeste, eta norbere nortasun edo tenperamentuaren betaurrekoek honela edo bestela koloreztatu izanaren ondorena baino ez da izango. Kontuak kontu, nor bakoitzak bere bizitzarekikoan duen gogobetea oso berea izango da eta beste edozeinenaren aldean ziur askoan oso bestelakoa. Norbere bizitzaren asebete hori honelako edo halako den bazter utzirik, badago zerbait oso komunean den-denok daukaguna, eta salbuespenik gabekoa, esango nuke nik, eta zeraxe da hain justu; denok sentitzen dugula bizitza gero eta azkarrago doakigula, zenbat eta urte gehiago gure bizkarraldean pilatuak izan, are eta abiadura handiagoz.
Gertakari honen nondik norakoaz, zer esan? Oinarri psikologiko-konduktual hutsezkoa ote den ez dakit. Edota, bestera den, eta gure burmuinetan gauzatuz joaten den bilakaera organiko ezin saihestuzko baten ondorioa den ere ezin esan nik. Ez dakit nik bada. Baina bigarren azalpen hau gailendu daitekeela esatera ausartuko nintzateke, gertakariaren unibertsaltasuna eta saihestu ezina ikusita.
Bestalde, eta soil-soilik niretik, nire ezjakinetik hitz eginda oraingoan, guztiz logikoa neritzoke gertakariari. Izanez ere, guztiz espero izatekoa litzateke urtebete askoz gehiago izatea bost urtetxo baino ez dituen ume baten ikusian, ordura artean ibilita duenaren ehuneko hogeia den aldetik, laurogei urtedun batentzat baino, bigarren honentzat 1/80 baino ez den aldetik. Logikoa da oso garenetik, hau da, jada bizkarraldean pilatua eta jada bagaren horretatik, senti-hautematea egiten ari garen urrats horixe, edota egin berri-berritan dugun urrats horixe.
Kontuak horrela ere, logika, kasu honetan, logikakeritzat baino ezin dugu jo; zer axola guri, honengatik edo hargatik ote den?, gure kezka zinez existentziala da-eta!… bizi gaituen jario bizi-bizi eta ziztuzko honek pixka batean sikiera moteltzea baldin badugu kezkagai. Gertakaria unibertsala den modutsuan, bada unibertsala beraren gaineko kezka. Nola moteldu hau mesedez! Hori nahiko, desiratuko, genuke, eta, honi dagokionean denetariko jarrerak ikusiko ditugu; aspaldiskotik etsia emanda daudenak; nahi eta desiratu bai baina inongo neurririk jartzen ez dutenak, geroko gerotan ibiliaz-edo, kezkagai agian izan bai, baina balizko soluziobide neurriak edo ahaleginak biharko uzten dituzten horiek; eta, azkenik, egunean egunean, korrontearen kontra bezala, euren bizitzen ziztuzko abiadura gero eta biziago hori motelarazten ahalegindu eta ahalegindu aritzen direnak. Azken hauen kasuan denetarikoak izan daitezke ahalegin-motak, egunerokotasunarenei arreta handiagoz erreparatzea dela, meditazioa bizitza errealera eramatea dela, edota bi horietatik duen “mindfulness” praktiketatik bizitzen saiatzea dela…Lorpenak eman daitezke, eta praktika hauen bidezko emaitzak hor daude; dena dela, izatekotan, borroka handia izango da beti bizitzaren azeleragailuaren kontra aritzea lortuko diren emaitzen aldean.
Badirudi bizitzak indar han-handia duela, eta geure hezur-haragitan jartzen duela gero eta bizitasun handiagoz berori erakutsian.
Honainokoan ibilita nagoen honetantxe,
Ez dut esango gehiegitxo ibilia naizenik,
Luze egin zaidanik edo…
Istant, zentimetro, txikienik ere soberan izan dezakedanik ere, ezin esan.
Bestetik ere, ez da, ez, gutxi helduaro honaino urraturiko bidea.
Ez da gutxi, atzera begiratu bat boteaz, bistaratzen dudana,
Urrats asko, metro ugari, istant, segundo, egunak, urte mordo-mordoska jada pilatzen zaizkidanak.
Bizipen anitz ere,goxoak batzuk, gaziak beste hainbatzuk…
eta gehien-genienak, egia aitor, ez hotz ez bero uzten nauten ezin neutroago horietarikoak
Honela ere, baikor edo gutxienez itxaropentsu begiratzen diot, gaur-gaurkoz oraindik urratzear eduki uste dudan horri.
Honetan ezin sekulan ezer ziurrari heldu,
Jakin baitakigu, ondo jakin ere, ez dakigula noiz, non, dagoen gure azkeneko bihurgunea.
Ezin, baina, ezkortasunean erori,
urteetan aurrera samarturik ere, ezin pentsa gain-ginean dugunik gure azken hatsa.
Halere, eta edozeinetara ere, naizen baina zaharrago sentitzen dut neure burua,
zaharra izan gabe, zahar.
urtetsu izan gabe, zamatu samar.
Denbora jada neure eskuetatik azkar-ziztu bizian ezin kontrolatuzko abiaduraz ihesian doakidalako.
Ezin geldiaraziki, ezin, pixkatean sikiera, motelaraziko moduan zait denbora joaten eskapadan.
Oso bisita arinak, eta gero eta laburragoak,
Istant batekoak dira jada jasotzen ditudan denbora-bisitak,
Istant batekoak,
Bisita-opari hutsalenik ez, jada.
Kasik-kasik ia bisita-agurrik ere ez.
Ia “gero-arterik” ere ez, jada, joandakoan…
Istant bat zaio gailentzen bestearen bisitari,
Korrika bizi batean bisita bat bestearen segidan
eta ni, honezkero, deusez ia enteratu ez.
Denbora ari naiz xahutzen konturatu gabe.
Bisita ugari eta oroitzapen gutxi,
Hau badoakit…
Denboraren abiadura motelarazi nahian, gero eta ezinduago!