Denbora eskubide

Denbora eskubide –

berrian argitaratua 2020ko azaroaren 14ean

Akaso udazkena delako; akaso joan den urriaren 25ak, ordu aldaketarekin eta ordu bat oparitzearen truke, arratsalde eguzkitsu luzeagoak eraman zituelako; akaso COVID-19aren garaiak luzeegiak egiten ari zaizkigulako; akaso norberaren bizi-erritmoak erabakitzeko aukera izatea iraultzailea edo pribilegioa bihurtzen ari delako…, baina azken asteetan «denbora» zer den eta zertarako nahi dugun bueltaka dabilkit.

Denbora eskubide

Filosofian gai errepikaria izan dela irakurri dut, denbora ilusio bat dela. Izan ere, istant zehatzetan ez dugu benetan denboraren joana ikusten, baizik eta, besterik gabe, gure oroitzapenetan gordetako esperientzia batzuk izaten ditugu, eta gure adimen kontzienteak denboratzat hartzen du. Einstein ondorio logiko batera iritsi omen zen: denbora ez dela jariatzen, eta, beraz, iragana, oraina eta geroa ez direla existitzen, denbora ilusioa dela dioen kontzeptu filosofiko zaharrera itzuliz. Hala, denbora gauzen sekuentzia jarraitu bat dela esatea denbora ulertzeko modu bat besterik ez litzateke izango.

Baina denboraren irakurketa filosofikoa horrela izanda ere, iraganak orainaldian eta geroan eragina duela argi eta garbi bizi dugu. Telesforo Monzon Laborategiak argitaratutako Covid19 eta ondoren zer? zabalduz gero, orrialde askoren marmarra horixe da: nondik gatoz, zein panorama sortu dugu, nola bizi dugu pandemia, zein izan daitezke geroko agertokiak… Iragana-oraina-geroaren katearen loturak errealak bihurtzen dira, besteak beste gure ingurunean, gorputzetan, harremanetan, herrietan. Bertan idatzitako hausnarketetan denborak garrantzia hartzen du, eta kezkak usaindu daitezke (izan ere, normalitate berri hori, noizko da? Hemen dago?). Irakurketari denbora eskaintzea merezi du hainbat gako errebisatu eta aurrera erresilientziaz begiratzeko aukerak badirelako.

Feminismoan ere denboraren gaia ez da oraingoa. Genero-sisteman produkzio-lanean eta erreprodukzio-lanean gertatzen den denboren banaketa maiz aztertu da; aztertu da, gutxiago akaso, denborak bizitzako etapa desberdinetan duen izaera normatiboa ere. Izaera normatibo honek gure bizi zikloetako etapak (haurtzaroa-gaztaroa-bikote garai produktibo eta erreproduktiboa…) modu linealean aurrez nola dauden definituak norabide eta jokamolde normatiboei lotuta planteatzen du. Horrek, ez ote du ba bizi-autonomia edota autonomia ekonomiko eta sozialak ez izatea eragiten? Denbora (ez) izatearen eskubidea.

Eta hemen jira-bira zalantzak: zenbateraino gara gure proiektuen erritmoen jabe?; ari al gara lan-prozesuetan denbora desberdinak aztertzen, garatzen eta malgutasunez zereginak banatzen?; modu aldakor eta sortzailean, aukeratzen al dugu zer gairi eskainiko dizkiogun gure indarrak?; barruko eta inguruko harremanak zaintzen emango ditugun denborak zein izatea nahi dugun pentsatzen al dugu?; kapitalaren metaketak, baliabide materialak agortzeaz gain, ez al ditu gure bizi-denborak ere agortzeko mugagabeko estrategiak garatzen?; zenbateraino denbora eskubide indibiduala edota kolektiboa da?; zein lotura du denboraren kudeaketa askeak jendarteko talde zaurgarrienekin?

Bizi-denbora osatzen duten momentuen fluxugrama marraztea errealitate gordina erakuts dezake, baita denbora eskubide gisa aztertzeko aukera ere, bereziki egungo ez jakintasunaren agertokian. Abiadura azkarreko aldaketa garaiak bizi ditugu, gure kanpoa gure barrua baino azkarrago doala sumatzen dut, eta, bitartean, denbora badoa, eta gu harekin.

Denbora eskubide Denbora eskubide

Ekonomia eta Agroekologia, interdependentzia eta ekodependentzia. UPV/EHUn irakasle eta ikerlari

Zer duzu buruan “Denbora eskubide”-ri buruz

  • Kantabriako tuneltxo batea grafiti bat. Gezi.marratxoa zorura sdieraziko eta esaera:” VD. Esta aquí y ahora”

    Nik uste ORAINean egiten dutela TOPO “denbora” guztiak.c