Curriculum pijama

Curriculum pijama

Curriculum pijamaZuetako asko bezala, nik uste, lanean aritu izan naiz ikasten nuen bitartean, ohikoa izan da niretzako, inguruan gehiengoaren kasua ez izan arren. Working class, ingelesez esaten dena, prekarioena woking class jatetxe txinatarretakoa dela aintzat hartuta. Makina bat lanpostuetan aritutakoa naiz nerabezarotik, eta sekula egin ez dudanari ekingo diot orain: zerrendatzeari; eta jarraian, ezberdintasun bat azpimarratzen saiatuko naiz.

Donostiako izozki-denda batean aritu nintzen uda batez, jo eta su, su artifizialak ikusteko esku batean izozkia behar zuen jendea zerbitzatzen; klitxea iruditu arren, txiklea murtxikatzea bezain ohikoa da hori. Tabernari ere, zenbait tabernetan, batzuetan parranda puntualetarako, bestetan ohiko langile gisa; nire ustez edozein ostatutako edozein zerbitzarik idatzi beharko luke liburu bat egunen batean, zeren eta tabernari izateak gauza asko ikustea baitakar, diziplina asko barnebiltzen baititu: erizain, begirale, psikologo, psikiatra, komiko, tertuliano, garbitzaile, sukaldari, norberaren osasun eta higienearen ikuskatzaile, DJ, gogo (hori hautazkoa da), kontsigna zaintzaile, tabernako mikrokosmosaren historialari, zapping-aren arduradun, bi dozena giltzaren zaintzaile (sereno modernoa), kalkulagailu, argiketari, informatiko, iturgin (azken hiru hauek erabiltzaile mailan, erdizkako nibelean)… Puff, kito, baten bat ahaztu badut gehitu iruzkinetan.

Tabernariz gaindi furgofarra edo saltxitxautoko langile ere aritu naiz, mintzatu nintzen horren inguruan luze eta zabal beste idatzi batean; azkenaldian berriz itzuli naiz, zer den langilearen bizia eta sosaren beharra, mekaben sos! Dena den, ez naiz herriko jaietara itzuli, hori ez dago jasaterik; musika jaialdietan, ordea, giroa arras ezberdina da. Jendeak ilara errespetatzen du, ez dizu isekarik egiten, ez eta builarik, unean ordaintzen du… Aitortu behar da gehienak bikoteak edo adinean aurrera egindako herritar zibilizatuak izaten direla, eta horrela bai, horrela lan egin daiteke. Goxoa furgoneta goxoagoa da jaialdietan (langileontzat bederen).

Curriculum pijama

Arrasateko Alecop fabrikan ere aritu nintzen lanean hiru urtez, ekoizpen plantan; han lan eginez ordaintzen genituen ikasketak. Egunero bost ordu lanera goizetan, eta ondoren bost ordu klasera, eta gero ikasle mugimendua, eta jarraian etxeko lanak, eta ostera ostegunak, eta… Soldeatu, muntatu, enbalatu, serigrafiatu, moztu, itsatsi… nik zer dakit ba, agindutakoa egiten genuen ikus-entzunezko komunikazioko ikasleak, koipe, hauts, pintura eta ke artean; hots, gure habitat naturalean.

Lehen praktikak Xiberoko Botza irratian egin nituen, Maulen; idatziko dut beste egun batean horri buruz luze eta zabal, emango baitu artikulu baterako, nik uste. Gattiken komunikazio enpresan egin nituen beste praktika batzuk, denetik pixka bat eta amiñi bat denetik.

Ikasketak amaitu eta topatu nuen lana, aritu naiz bazter batetik bestera, kamerari, diseinatzaile, elkarrizketatzaile… Baina abendutik hona niretzako “lana” izan denaren paradigma erabat aldatu da.

Abenduan hasi nintzen etxe honetan lanean, eta abenduan hasi nintzen lanean nire etxetik. Nire bizi osoan lehen aldiz jaiki, komunetik pasa, gosaldu eta lanean nago; nire lanpostuan, nire betiko gelan. Familiako argazkiak, preso eta iheslarien egutegia, El-Ualiren aurpegia, liburutegia, lagun batek oparitutako marrazki bat, gitarra… eta nola ez, erasokor, tentagarri, lamia erreka bazterreko harkaitz baten gainean kantuan eta orraztuz aldamenera eserita legez, ohea niri hoska, ohea niri begira, ohea ni izara artean ferekatu nahian, ohea ni bere burkoari noiz kosk egingo zain, epel, goxo, eroso, oso ero.

Curriculum pijamaEz da sinplea etxean lan egitea. Hozkailua bertan baita, eta sofa, eta telebista, eta leihoa, eta ordenagailuko leiho ezberdinak ere. Orain, gainera, Bertsolari aldizkariarentzat ere lantxo txikiak egiten ditut, baita Gara egunkariarentzat ere, biak ala biak etxetik egitekoak, gehienetan. Zuetako gehienok lanera joaten zarete; ni lanean gelditzen naiz. Hala eta guztiz ere bada faktore bat nire alde: betidanik etxean ikasi dut. Nire lagun eta adiskide gehienak liburutegira joaten ziren, baina liburutegian sobera entretenimendu topa daiteke, ene iduriko: baxu-baxu hitz egiteko ikaskide bat, edo gustuko duzun norbaiten begirada, edo komiki bat, edo egunkaria…

Kosta zait, baina nire gelan kontzentratu eta lan egiten ari naizela deritzot. Monje budista baten gisan, kasik iritsi naiz nirvanara, ezin izan dut azken puskan obretan daudelako. Abituak egiten du monjea, eta nire abitua pijama da, eta azken paragrafoa nire curriculum pijama; etxetik egin beharreko lanen bat izanez gero, ez izan dudarik, ni naiz bilatzen ari zaretena. Pentsa, abuztua da eta ez dut alde egin.

Curriculum pijama

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.