Buridan astotxoa bisitan gure gizartean

Buridan astotxoa bisitan gure gizartean – 

Buridan astotxoarekin abiatuko naiz gaurko honetan. Eta zein ote gure astotxo hau? Bada, XIV. mendeko Jean Buridan izeneko filosofo eskolastikoaren harira deituriko bat hain justu. Ez dugu hezur-harragizko zinezko asto bat, inondik ere. Izanez ere, berau aipatu filosofo-teologo honek planteaturiko alegoria batetik datorkigu. Azkenik “Buridan” izenez deituriko asto hau orduko horretan aski usatua zen paradoxa klasiko baten irudikatzea baino ez dugu. Jean Buridan aukeramen askearen aldezle sutsu genuen. Bada, bere esanetan, hautapena eman ahal izan dadin aukeragai ditugun horien artean alde-diferentziaren bat egon behar zen derrigor, hau da, hautapena ez da sekulan bi hautu berdinen artekoa izango. Hartara, aukeratzekotan, betiro beti izango dugu nahiago aukera bat bestea baino.

Eta zer irudikatu nahi digu dena delako Buridan astotxoak?. Bada, asto delako  honek zer eta bi  lasto pilo berdin-berdin zituen mutur aurrrean. Eskubian bat eta eskuinean bestea. Berdin-berdinak bi piloak, berdin-berdina eurek pilatutako lasto eta beroien kopurua, eta distantzia berberara bi piloak. Bada, Buridan deitu bukatu zen paradoxaren bitartez zera jarri nahi izan zitzaigun erakutsian: bi hauta berdinen artean astoa, azkenerako, ezin eta ezin hautaturik geratu zen; ez zekien inondik zeren alde egin, ez zekien inolaz ere, hainbesteraino, ezen, azkenerako, goseak jota akabatzen emango baitzituen bere azkenak. Irudi honen atzekoa paradoxa bat baino ez dugu; izanez ere, jan ahal izanik ere, azkenean ez du jango, jakin ez dakielako bietatik zeinetatik jan.

Ez dakit nik bada irudi honek erakutsian jarri asmo diguna egiatan halaxe agi daitekeenez. Bego, dena den, zer pentsaturik emate aldera. Hasteko eta behin, ez dakit nik, are gureak bezainbat “urbanitak” ez ziren aspaldiko giro filosofiko horietan ere, asto bat zer ote zen oso argi ote zuten. Uztagun, dena den, eta gatozen geuretara. Eta ertzerainoko paradoxa honetatik jardun gabe ere, banago ni berdin-berdinen artekoen aurrean, ez aurrera ez atzera ibiliko ginatekeelakoan, ezin aukeraturik. Denborapasa eta denbora galdu-xahutzen ibiliko ginateke, hor, langa aurrean dagoen astoa antzo, ez aurrera, ez atzera. 

Lasai egon gaitezen baina. Izanez ere, eraiki dugun sistema moderno molde honek ez du itxoitea batere gustuko, batere ez. Merkatuak, ekoizpen beharrak, baitezpada nork bere goranzko karrera pertsonal ustezkoaren alde egin beharrak… zeharkatzen gaitu alderik alde, gorputz eta arima, esteak eta psikea, eta ez erritmo motelean, ziztuan bete behar dugu-eta bete beharreko hori. Ekononiak azkar eta bizi  gorantz eta potoltze aldera egin behar duen moduan, geuk ere, beste horrenbestetsu. Gurpil zoro hau gelditu-gelditzerik ez balego ere, ba al geneukake sikira bere zurrunbilotik partez, edota aldika aldika, libratzerik, berorretatik bazter gelditzerik-edo pixka batean. 

Nolanahi ere den, ezinbestez egin eta egin ibili behar izate hori ez da zeharkatzen gaituen larriena. Horren sostengu eta oinarri dugun etengabe “erabaki” behar izatea da askoz larriagoa. Etengabe erabakitzen igaro behar dugu geure bizitza, etengabe hau eta bestearen artean derrigor hautatu behar izatean. Hein batean, normal, guztiz espero izatekoa eta logikoa, antropologikoa. Baina hemen, tarteka, aldika, planto bat-edo egin al genezake?, hori galdegiten diot nik neure buruari, ea planto batto, “honainoko bat eta gehiagorik ez” egiterik ote genuekakeen trateka marteka, eta hori eginda, zeraxe esan, “orain ez dut hautatuko, oraingo honetan honi ezezkoa emango diot eta besteari beste horrenbeste”. Ez hau, ez bestea, nahiago oraingoan egonean egoneko erabaki falta kontenplatibo moduko bati eutsi, ez erabakitzeari eutsi, besterik gabe. 

Ezin al gara, noizetik noizera, Buridan astotxoa antzo aritu. Ez agian berez eta izatez erabaki beharreko horren aurrean ditugun balizko hautu horiei berdin-berdin deritzegulako. Baina bai agian gero eta sinetsiagoak gaudelako  zenbait eta zenbait hautatze motatan, berdin diola hau hautatatzeak edo beste hori hautatzeak, berdin-berdin diola, zinez berdin-berdin, eta hautu bat edo beste bat egin, bihar egoera berberean egongo garela, berdin-berdin egongo garela, berdin eta euren ondorioetan berdintsua izango den antzeko hautatu behar izate baten  aurrean.

Kontsumorako dei gupidagabea dela, politika deiturik euren esanetara  egon gaitezen “ismo” bahitzaile sekular horiek direla, edota guk-geuk, gu-geu garelako uste sendoz, geure buruari ezartzen dizkiogun bizimolde arrotz eta gogaikarriak direla…, etenik gabekoa da aukeren jarioa, etengabekoa eta itxuraz inondik ere berdin ematen ez duten aukerak luzatzen dizkiguna. Agian ez da itxura kontua eta zinez pareka ezinak ditugu eguean eguneko aukerak. Agian horrela da. Eta hori horrela ere, agian zenbait hautatze motatan hau edo bestea aukeratuta ere, honen alde edo beste horren alde eginda ere, eguna pasa eta bihar lehengo berean egongo gara. 

Ez dakit nik bada, gure gaur egungo astotxo hau, Buridan astotxoa ez bezala, zenbaitzuetan aukeratu gabe, goseak akabatzetik guztiz urrun, zer eta askoz biziago egongo ote den, bizitza alperrik xahutu gabe.

Igor Goitia

Buridan astotxoa bisitan gure gizartean

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

20 pentsamendu “Buridan astotxoa bisitan gure gizartean”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude