Bizitzatik bizitzari esker on-ka
Bizitzatik bizitzari esker on-ka –
Hanna Arendt-en ustetan, heriotzari izandako beldurra, batetik, eta bizitzaren egokitu ezina zein beraren eskakizun zenbaiti erantzun ezina, bestetik, dira desioaren eta esperantzaren iturri-sorburuak. Horren kontrastean, bizitza jasoriko oparitzat jo eta horregatiko geure esker on beharra sentitzea, aldiz, ditugu memoriaren iturria.
Hori horrela delarik, gerora, desioa eta esperantza ez dira finean eta buruan heriotzarekiko izua arintzen dutenak, memoria eta hortik segitzen den esker ona baizik.
Behin ahalegindu nintzen bizitza benetan sentitzen,
berau ospatzen,
berau omentzen,
berau estu-estu besarkatzen,
berau inoizkorik maitekiroen laztantzen.
Behin ahalegindu nintzen bizitzarekin barkatu gabe guztiak barkatzen,
berorrekin benaz eta erro-errotik bakezkoak egiten,
zintzoki barkamen eske aritu nintzaion bizitzari…
Behin ahalegindu nintzen nire esker ona bizitzari aurkezten,
nire esker onik zintzoenaren berri bizitzari ematen,
Ahalegindu nintzaion bizitzari…
Eta ahalegindu eta ahalegindu nintzen,
bizitzatik kanpo antzean-edo,
sentitu nuen estreinakoz bizitza inoiz bainago bizitzen,
inoizkorik bizien sentitu nuen neure burua,
eta bizitzatik kanpo bezala sentitu nuen ezin deskribatuzko bizitzaren indarra,
bizitzatik kanpo antzean bizitzaren barne-muina sentitu nuen,
bertatik bertara dastatu nuen estreinakoz bizitzaren iturritik,
eta orduantxe ulertu nuen zer zegoen iturri eta bizitzaren artean.