Bizitzaren legeak

Bizitzaren legeak –

Etorkizun laburrekoak kezkatuago gaude etorkizunarekin etorkizun luzekoak baino. Bizitzaren CCCLXIX. legea da. Aho-korapiloa ematen du, bizitzaren legeak, ordea, ez ditut nik idazten, bizitzak berak baizik.

Bizitzaren legeak
Arg: Pexels

Lege horrek, taxuzko lege guztien antzera, salbuespenak baditu, baina zein salbuespen diren salbuespen, etorkizunak argituko du. Bitartean ez dago jakiterik. Lehen mailako axioma hori argiturik, hauxe da orain etorkizun laburreko honen kezka nagusia: noiz eta nolako diktadura datorkigun.

Etorriko denik ez da dudarik. Soilik noiz eta nola dago ikusgai. Agian iritsi da dagoeneko eta gu konturatu ez. Silogismoa sinplea da: 1. Mendebalde aberatsa inertzia eroan dabil Naturak mugarik ez balu bezala, ebidentzia zientifiko guztien aurka; 2. Inertzia da Unibertsoko indarrik boteretsuena eta hari balazta egiteko trikimaina eta sermoi epelek ez dute eraginik; 3. Ergo… txintik esaten eta egiten utziko ez duen inor edo zerbait helduko da ilusiozko hego txatxuak moztera.

Ziur aski, hego-moztaileak oraingo erokeria bultzatu duten berberak izango dira, aurpegia emanda edo erakutsi gabe. Hori ere bizitzaren beste lege bat da: Oinezkoak beti oinez, zaldizkoak zaldi gainen. CCVII.

‘Jendeak zuri jarraitzea nahi baduzu, aurretik joan zaitez’. Formulazio anbiguoa du horrek. Trenaren aurrean kokatuta, eraman egingo zaituzte.

Kezka ez da nigatik, etorkizun laburrekoa bainaiz, seme-alaba eta bilobengatik baizik. Baina zer egingo zaio, bizitzaren DXXXIV. legeak argi dio: Libratu aurretik, ez garbitu atzekorik.

Bizitzaren beste legea, II.a uste dut: Ez baduzu liskarretan sartu nahi, ez ezer egin. Arrazoizkoa. Ez baduzu ezer egiten, ez zara liskarretan sartuko. Liskarrak sartuko dira zugan.

Bizitzaren CXXIV. legea: Jendeak zuri jarraitzea nahi baduzu, aurretik joan zaitez. Formulazio anbiguoa du horrek. Trenaren edo uholdearen aurrean kokatuta, eraman egingo zaituzte. Aurretik joan behar da, baina jendearen martxa berean, atzera begiratuz etengabe eta utzi gabe haiek azkarrago ibiltzen, eta gelditzen badira, zeu ere kieto. Politikari gehienen martxa. Marrazki bizidunetarako ongi ematen du.

Bizitzako lege itxuran saltzen dizkigute beste batzuk: Inorekin fidatuz gero, aterako zara bero, Txotxolokeriak ez du mugarik… Horiek Bartoloren mailako printzipioak besterik ez dira. Gure ama Teresita zenak ongi ezagutzen zituen bizitzaren legeak: Norberaren goraipuak, kaka seguruak. Edo barruraino sartu zidan hau: Bizitzan azkenekoa, izatea plomoa.

Beste batean biziaren legeez jardungo naiz. Bizitzarenak baino interesgarriagoak dira eta. Bide batez, bizitzaren axioma nagusia zein den ez dut argitu: Axioma guztiak faltsuak dira.

Bizitzaren legeak

Piter. Edo Mirri. Txistularia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude