Bizitzan jada dena ondo dagoenean… (Sri Aurobindo)

Bizitzan jada dena ondo dagoean…(Sri Aurobindo) –

Bizitzan jada dena ondo dagoean...(Sri Aurobindo)Gizakia sakontasunera dago deitua. Izan orain, izan beranduago, modu batez edo bestez, halako batean, honaino esango dio errealitateak egunen batean, gutxien espero duen batean, aski dela eta aski duela, lortu duena lortu duela ere, hau eta beste ikasi, egin eta bereganatu duela ere, aski duela, eta honako honetan hurratu beharreko bideak oso-oso bestelakoa beharko lukeela aurrerantzean. Akabo abentura, kito, esango dio bizitzak, belarri-zuloak horretarako pronto baditu bederen. Bizialdian bete-betean murgildurik eta sasoi-sasoiko egonik ere, burutik pasa dakiokeen egitekorik anbiziotsuena aurrez aurre eginkizun duelarik ere, abenturaren erreinuak azkenak emanak dituela jada senti dezake norberak behin honelatsuko egoera batera ailegaturik. Abenturarenak egin du. Are zazpigarren galaxiara ailegatzeko aukera ziurra edukita ere, alper-alperrikako sentituko du jada abagune oro, ezerterako ez jada, eta, ibiliak ibili, azkenerako, bera den horretara baino ezin dela ailegatu jada. Pisutsu, gotor eta trinko zaio, iritziko dio, jada zamapean duen horri, ordura artean bizi izandakoari, lortutzat eta bereganatutzat duen horri guziorri iritziko dio, ordura artean bere baitan pilaturiko zoritxar eta ezbeharrei halaber pisutsu iritziko die. Lortutako eta den hori guztiori, egunetik biharrera, tupustez, galtzeko zoria gero eta gertagarriago ere sentituko du bere larrutan. Beti esploratzeke eta esploratu gabe bazter utzia zuen horrek, setiatzen du bere burua orain, hesitzen eta estutzen du bere burua oraingoan.

Deigarri eta harrigarriena baina, esploratu gabe dugun hori, atenditu gabea, ezin dela esploratu, ez dagoela esploratzerik, bertatik bertara dugu-eta, maizenean hain bertatik bertara non, presbiziak jota bezala, guztiz ikusezin zaigun, arrunt ikusezin. Orain artean baliaturiko logika guztiak huts egingo digu, gure orain arteko balioesteko tresnak zein kategoriak guztiz alperrikako bilakatuko zaizkigu. Bizi gaituen errealite horren berri eman nahi izanez ere, horretan ahaleginduz gero, huts egin dugu, tronpatatuko gara. “Hitzetaratutako” gure mundu honetara ekarri eta besteokin partekatu nahi izanez gero, ezina baino ez dugu topatuko. Izandako bizipen sakon eta oso norberarena den hori ezin da eguneroko faktizitatera ekarri eta, horretan ahaleginduz gero, nork bere-berea duen bizipen hori itoarazi baino ez du egingo, iraungiarazi baino ez du egingo.

Aspaldi zaharrean India aldean bazen oso maltzurra zen maharaja bat, guzti-guztiak menpean eduki nahi zituena. Bere handiusteari ezin eutsita, egunen batean bere erreinuko “pandits” guztiak deitu zituen eta segidako galdera hau luzatu zien: “Gu biotako zein duzue nagusiagotzat, Jainkoa ala ni?”. Beldurak hartu ziuten oso pandits-ak, galdera entzun eta berehala, zer erantzun ez zekitela. Horrelako galderatik onik nola atera ezin zuten asmatu. Ez zuten erantzun egokirik eman ziezaioketenik uste. Kontuak horrela, eta, bateko, panditsak oso jakintsuak zirenez, eta, besteko, Jainkoarekiko oso errespetuzko jarrerari eusten ziotenez beti, eta auziari momentu horretantxe ezin ziotela soluziobide errazik aurkitu ikusita, erantzuteko egun pare bat eskatu zioten Maharajari . Bien bitartean, euren artean jakintsuentzat zuten zaharrenari eman zioten erantzuna prestatzeko ardura.

Egun pare bat igarota, eta, “durbar” era ospetsuan Gortea batzartuta zegoela, hautatutako agure jakintsua hurreratu zen apal-apalik, eskuak bat bestearen kontra zituela, eta kopetan errauts zuria igurtzia zuela. Adi eta zer esango zain zuen Maharaja, erantzuna entzuteko irrika bizian. Orduan, agurea makurtu zen eta apaltasun handiz zera arrapostu egin zion: “Oh, Jauna, zalantzarik gabe, berori dugu handietan handiena eta nagusietan nagusiena”. Hori entzun bezain laster, Maharajak ezin izan zuen bere mesfidantza jarrera inolaz disimulatu. Agurea baina, berean sendo, segida eman zien bere hasierako hitzei eta zera ere eratxiki: “Berori dugu zinez eta benaz handietan handiena eta nagusietan nagusiena; izanez ere, berori dugu boteretsuena. Berorrek berorren Erreinutik bota gintzake, nahi izanez gero, eta Jainkoak, aldiz, ezin, den guzti-guztia baita bere Erreinukoa, hainbesteraino non bertatik kanpo ez dagoen existentzia duen deusik. Berarenean, ez barrukorik, ez kanpokorik” (AUROBINDO, La aventura de la conciencia, 11. or.)

Bizitzan jada dena ondo dagoean… (Sri Aurobindo)

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta eta espiritualetan jardunda.

2 pentsamendu “Bizitzan jada dena ondo dagoenean… (Sri Aurobindo)”-ri buruz

  • Benat Castorene 2024-06-15 15:53

    Egun on Iker,
    Aldi honetan ongi ulertzen ditut zure hitzak baita zure esaldien esanahia, ez baita beti horrela (seguraz ere ene faltaz ez eta zureaz). Aldi honetan, lehenik, ez niz segur untsa sesitzea testuaren lehen partearen funtsa. Zer duzu deskribatu nahi? Esperientzia sko bizi duenaren biziaren alderako akidura? ala heriotza hurbiltzen ari delako sentsatsioaren eraginpean izpiritualitaerik gabeko bizitza ereman izanaren batbateko gogamena eta dolua?
    Bigarrenekorik entseiatu naiz interpretatzen India zaharreko kontu eder hori lehen bistakoan agertzen duen azalezko ironiaren gibelean. Ene iduriko seguraz ere kontu honek badu gibeleko bortarik. Beharbada pentsatzera eman nahi digu Maharaja baten nagusiboa edo boterea eta Jainkoarena ez direla esentzia berekoak. Lehena zigorraren beldurraren gainean oinarritzen da, bigarrenean aldiz zigorrak berak zentzurik ere ez duelarik. Guretzat ulertu ezina bada ereIndiako Jainko horrentzat, nagusigoa eta menpekotasuna, malurra eta zoriona dena orobat da.
    Azkenean, misteriotsena enetako, zure testu hasieraren eta Indiako kontu zaharraren artean ez dut erlazioa ongi sesitzen. Erlazio hori soilik argitzeko astia bazinu beharbada hobeki ulertuko nuke artikuluaren osotasuna.
    Hala ta guziz Iker milesker zure ekarpen gogoetarazlea gatik.

  • Igor Goitia Mora 2024-06-16 17:53

    Kaixo Beñat,

    Mila mila esker zure komentarioagatik. Eta ez pentsa zer pentsaturik nahiko eman ez didanik.
    Ez pentsa zure kontua denik inondik ere lehenengo parte eta ipuinaren arteko lotura eta segida erabat argi ikusi ez izana. Errua hein handi batean nirea da. Dena den, badu nire aldetik justifikazio bat, diozun hori egia bada ere.

    Lehenengo partea, nik neuk sentitutako bizipen batekin du zerikusirik, meditazio ordu asko eta asko eman eta gero izandako bizipen batekin, neurri oso apal-apal batean eta oso era iheskorrean sentitua nire kasuan, eta, aldiz, oso argi, polit eta gutizatzeko moduan Aurobindo bezalako hots handiko maisu espiritualaren hitzetan.

    Zertara nindoan lehendabiziko partean? bada, nire apalean, edo, batek daki, ez ote nire ausarditik, bizi izandako esperientzia iheskor horren berri ematera. Bizitzak asko eman digu, asko eskatu ere, zein, baten batzuetan, geure barnea ondo aztoratu ere…Bizialdian aurreratu samar gaudelarik, badu gogobetegarritik asko bizitzak, baina ardurak, beldurrak, buhausteak sarritan ezineramanezko gerta dakizkiguke. Sentipen horrelatsukoek gora eta gora egiten digute, baina, halako batean, “clik” berri bat gerta liteke, gerta lekiguke (meditazioan senitu det nik, nahiz eta nirean lauso, pobre eta apal), “click” edo inflexio puntu moduko bat zera moduko bat esan nahiko ligukeena: “honaino”, “dena ondo dago”, “hau edo beste gertatu, hau edo beste lortu, dena ezin hobeto egongo da”, “zaren hori, zauden horretan, ondo dago, ondo dago berez, izateagatik, eta ez hau edo beste izateagatik, ondo dago, eta ez duzu zertan kezkaturik”…gure orain arteko logikak, neurtzeko balioak, helburuak,…den dena, neurri batean, eta ikuspegi sakon edo intimo horretatik ikusirik, zentzugabeko, esanahigabeko bilakatzen da tupustean…beste logika gain-ezartzen da, oso logikoa ematen ez duen logika, besteen ikusian, eta gizartearen ikusian, zirurrenik batere zentzurik ez leukakeena, baina norbere intimitatean dena baretzen duena.

    Esanda moduan, logika berri hori giza-ikuspegitik guztiz “ilogikoa” da….Orain, Indiako ipuin-istoriora egindako “ salto erdi mortala” horri dagokionean. Agian, hor ni tropatu naiz tarteko bestelako azapenik gabe “salto” egin izanagatik…halere, badu justifikazio nolabaitekorik…Maharaja “mundua” da, “gizartea”, geure bizitzen logika…hor poterea poteretzat ulertzen dugun hori dago, ez besterik, bere erreinua munduko irizpideen arabera neurtzen da, eta badago “kanpoan” eta “barruan” egoterik horrekikoan…Pandit urtetsu eta jakintsuak beste logika ilogiko horretan hartzen du oinarri bere erantzun emateko eta onik ateratzea lortzen du. Noraino jotzen dion adarra panditak? Noraino sinisten dion maharajak? …ez dakit, eta, egia esatera, ez du gehiegi axola…argi geratzen da baina, kasu honetan “portere” kategoriari dagokioean, logika “logikoa” eta logiko “ilogikoaren” arteko jauzi konponezina…

    Ea…horrela pixkatxo bat nondik nindoan ulertzerik ote dagoen.

    Mila mila esker, dena den, zure hitzengatik Beñat!

    Besarkada bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude