Bizitza eskastu ahala, bizitza ekonomiari atxiki-atxikia
Bizitza eskastu ahala, bizitza ekonomiari atxiki-atxikia –
Ekonomikak kolonizatu du, tamalez, errealitatearen gainean ditugun balioespen guztiak. Balio duen guztia, merezi duen guztia, gutiziatutako guztia, ekonomiaren irizpideek markatuko digute kasik gehienetan. Bere galbahetik pasarazia dago gure gogoa. Bada, zahartu ahala, urteetan aurrera egin ahala, berandu baino lehen, bizitzaren mintzoaren xuxurla sentituko dugu gero eta maizago geure baitan. Bizitza, bere berezko irizpide propio eta ekonomiaz bestekoez mintzatuko zaigu gero eta maizago. Ordura arteko gure betiko kalkuluak, zenbaketak eta neurketak ezdeus izango zaizkigu. Ezdeus bizitzaren aurrean, geure bizitzaren gordinaren aurrean, joan ziztuan doakigun bizitzaren gordinaren aurrez aurre. Geroztik, berdin-berdin dirua edukitzeak zein ez, berdin-berdin “egoaren” potolgarri izan ohi ditugun ospeak, prestigioak, estatatusak eta antzeko direnak direlakoek… berdin-berdin joan doakigun bizitza gupidagabearen aurrean.
Orduan hortaz, inoizkorik idartsu-ozenen arituko zaigu ekonomikoki bizitza, ez baina moneta-ekonomia deritzogun ekonomia arruntetik, ez, oraingoan, “bizitzaren ekonomiatik”. Hortik hara, orain artean ez bezala, une orori, istant orori, segundo orori, denbora apurño orori, altxor preziatu, ezinago prezizatu, alperrik inondik ez xahutzeko moduko iritziko zaie “bizitzaren ekonomiatik”. Gazte garaiko denborapasak, gazte garaiko ustez xede eta erronka handiak, gazte garaiko desirak eta zerumugak ezdeus eta hutsal zazikigu bilakatuko, ezdeus eta hutsal bizitzaren ekonomiaren ikusirako. Ezen, baliabide urrien kudeaketatik sortu zen moneta-ekonomia; bada, bizitza eskastu ahala, bizitzaren ekonomia gailenduko zaio behin betiko eta atzera ezinki beste zeinahi ekonomia suerteri.
Istant baino ez neure buruari prometituz,
istant honetatik beste istant bat gehiago baino ez prometituz,
dut neure burua gazte mantentzen,
naiz gaztetasunaren lautada betikoan barneratzen,
eta betiko sengundo eta istantetan hilezkor bilakatzen,
eta behin-betiko denborarekin armonian geratzen,
behin-betiko denborarekin adiskidetzen.
Igor Goitia