Bizirauleak
Bizirauleak –
Agian, Sinwarren biografia ere irakurri berri dudan Pablo Sonabiaren “Siete vidas” liburuan egon beharko luke. Izenburua oso adierazgarria da: katuek bezala «zazpi bizitza» izan zituzten «zazpi» pertsonaren bizitza kontatzekotan dago. Hamaseko buruzagiak ere heriotzari iskin egiten eman zuen bizitza, batez ere azken urte honetan. Bilduma edo selekzio horretan kokatu ahal izango genuke. Zalantzarik gabe.
Ez urkabeak, ez tximistek, ez bonba atomikoek, ezta atentatu basatienek ere ez zituzten liburu horretako zazpi zortedun horiek akabatu. Hor dago, adibidez, Roy Sullivan, 1983ra arte bizirik iraun zuena, nahiz eta hamabi urte zituenetik zazpi izpi gainera erori zitzaizkion. Hor dago Frane Selak, musika-irakasle bat zazpi istripu hilgarritik onik atera zena eta 2003an loteria tokatu zitzaiona; hor daukagu Tsutomu Yamaguchi ere, bi bonba nuklearretatik bizirik atera den bakarra; baita Vesna Vulovic ere, Guinness munduko errekorra duen hegaldi laguntzaile serbiarra, jausgailurik gabeko eroriko libre altuenean bizirauteagatik: 10.160 metro (33.330 oin). JATen 367. hegalditik bizirik atera zen bakarra izan zen 1972ko urtarrilaren 26an, bonba-maletin batek ekipajearen konpartimentuan eztanda egin zuenean. Oso bitxia, Ann Hodgesena: meteorito batek -Sylacauga- jo duen pertsona bakarra eta esperientzia horretatik bizirik atera zena… Meteorito batek!
Azkena da, nolabait, Sinwarren biografiaren antzik handiena duena. Eta, ziur aski, Sebastian Barahona costarricarraren istorioa izango da Sonabiaren liburuko kontakizunik adierazgarriena. Umetan Turrialba sumendiak Sebastianen herria -Guapiles- eta bertako biztanle gehienak lurperatu zituen. Harrezkero, noraezean ibili zen leku batetik bestera, lurrak, bere suzko mihiarekin, irentsi egingo zuelakoan: 1731n Puerto Limonen marinel gisa ontziratu zen arte ez zen seguru sentitu. Urteetan Sebastian ontzitik ontzira saltoka ibili zen heriotzatik ihesi, ezinbesteko denbora kaietara jaitsiz itsasoak babesten zuen konbentzimenduan: bost hondoratzetik -ez da gutxi- bizirik atera zen.
Hala ere 1955ean, azaroaren 1ean, Lisboara porturatu ziren, eta Barahonari, bat-batean, irrigarria iruditu zitzaion lehorrak sortzen zion beldurra. Rossio plazaraino dardarka gerturatu ostean, kalez kale ibili zen arratsalde osoan bere baitan txikitatik sentitzen zuen mehatxu hori gutxinaka desagertu zen arte. Hiria suntsitu zuen lurrikarak Belem auzoko burdel batean harrapatu omen zuen. Bere leihotik portua ikustatzen zen: hantxe bertan, pauso batera.
Sinwar Khan Yuniseko errefuxiatu-esparruan jaio zen, 1948ko gerra arabiar-israeldarraren ondoren bere familia iritsi zen Gazako leku horretan. Bi betiko kartzelari eta garuneko tumore bati aurre egin zien bere bizitzan zehar eta azken hilabeteetan dozenaka bonbardaketatik onik atera zen.
Hala ere, hedabideek beraren azkenengo uneak baino ez dizkigute kontatu. Behin eta berriz erakutsi digute bideo hori: lider palestinarrak, drone batek jazarria hilzorian dagoelarik, makila bat jaurtitzen diola azken belaunaldiko injenio mekaniko horri; David, Goliathen aurka; heriotzatik ihes egiteaz nekatuta. Esan genezake liderra bi aldiz hil zela; lehena, erortzear zegoen eraikin horretan; bigarrena, sare sozialetan, non Israel egun hauetan haren ustezko koldarkeria frogatzen saiatu den burutzen ari den genozidioa zuritzeko.
En fin.
Euskerazko wikipedian bahiketagatik atxilotu zutela dio, hilketa “ahaztuz”. Palestinarrak ere susmo hutsagatik izugarrizko basakeriaz hil zituen. Yan Yuniseko harakina deitzen zioten. Hau da Israel “genozidak” hil duena.
“Garuneko tumore bati aurre egin zien bere bizitzan zehar” diozu Aster Navas. Benetan israeldar estatuak tratatu eta sendatu zuen. Jan Yunisen berak “kolaborazionistatzat” (hiritar palestinarrez ari gara) jotakoei egindako izugarrikerien errelatoa beldurgarria da . Hau zure heroia bada, bejondeizula. En fin.
Ezer baino lehen, Pello, eskerrik asko zure iruzkinagatik. Zure informazioak pertsonaia ulertzen laguntzen digu. Artikuluan ez dut etikoki baloratzen Hamaseko buruzagi ohia. Bere biografian geratzen naiz eta bereziki bere azkenengo irudietan.
Agur bero bat.
Esker anitz, Iker, zure iruzkinagatik. Pellori esan diodan legez, Sinwarren biografia ekartzea baino ez dut izan nahi. Zalantzarik gabe, oso pertsonaia eztabaidagarria da.
Agur bero bat.
Asier, pozten naiz zure erantzuna ikusita. Beste era batera ulertu nuen zure textua.
Orain, irakurle guztientzat. Palestinarren lider nagusia hain basatia izanik, arraro xamarra dirudit palestinar erresistentzi orokorra hain askatzaile eta eredugarria izatea.