Bizikleta elektrikoa

Bizikleta elektrikoa –

Hiru hilabete dira ez nintzela ateratzen bizikletan ibiltzera. Gripetik, koronabirusetik eta bestelako katarrotik errekuperatzeko denbora behar izan dut. Eta bizikleta_hartu dut gaur, nire bizikleta zahartxoa, hemezortzi urtez bidelagun dudan hori.

Bizikleta elektrikoaHasierako aldapa-behera ondoren, goraka hastea tokatu da. Tipi-tapa-tipi-tapa plater txikian. Zortzi kilometro ordura nindoan eta arnasestuka. Berrogei urte nituenean, Tourmaleta igotzen nuen. Hirurogeita bostekin, itotzetik gertu nabil Igeldon. Berehala gogoratu dut lagun txirrindulari jubilatu batek egin zidan propaganda bizikleta elektrikoena: gure edadean, ia guztiak ari dira erosten. Gorago iritsi zaitezke eta azkarrago joan. Nire artean… gorago iritsi nahi dut? eta azkarrago?

Poliki eta hatsandituta nindoan eta biziki sentitu dut adinak jartzen didan muga. Orain dela urte gutxi batzuk baino lau kilometro orduko mantsoago noa, pultsazioak arinago. Bihotza taup eta taup dabilkit, ezingo nuke hitz egin inorekin banengo, kontzentratu behar dut pedalaren erritmoan, arreta jarri behar dut galtzadan bidezuloetan ez sartzeko… nire topera iritsi behar izan dut aldaparen lehen zatia duin gainditzeko. Eta ustekabean konturatu naiz hori dela nire gaurko plazera: adinak jartzen didan mugaren kontzientzia, dagokidan neurrira egokitzea, birikak irekita, hanketako giharrak tenka, arreta guztia bertan…  Bizirik egotearen poza!

Zertarako behar dut, bada, bizikleta elektrikoa?

Bizikleta elektrikoa

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz

Zer duzu buruan “Bizikleta elektrikoa”-ri buruz

  • Aitor Etxebarria 2023-03-07 15:46

    Kaixo, Arantza.
    Ba zer nahi duzu esatea? Bizikletazalea naiz, 63 urte ditut eta hasia nintzen duela hiruzpalau urte nabaritzen adinaren nekeak.
    Bizikleta elektrikoa erosi dut. Oso-oso pozik nago. Orain lehen baino gehiago disfrutatzen dut. Bizikletan ibiltzeko espazioa zabaldu dit, aspaldi bizikletarako itxitako parajeak, tokiak, aldapak … berreskuratu ditut, baina pedalei eraginda, nekatuta (arestian baino gutxiago, baina nekatu egiten naiz)
    Arazo bakarra, prezioa. Badakit denen eskura ez dagoen pribilegio bat dudala.