Biolentzia zer den
Biolentzia zer den –
Pablo Hasel musikariaren espetxeratzearen ondorio izan ziren istiluetatik hausnarketa ugari egin dira. Askok, ohi baino asaldura handiagoz, bandalismoa kritikatu, eta ezinegonaren kanalizazioa bide pazifiko loredun arrosatik egin behar dela behin eta berriro errepikatu dute.
Zer da biolentzia eta zer ez? eztabaida amaiezin bezain neketsua bihurtzen ari da, eta bien bitartean, inongo konplexurik gabe, biolentziaren kulturaren inguruan zenbait ideia difusoetatik at ezer gutxi dakigula aitortzen duenik ez da.
Izan ere, biolentzia zer den galdetzen hasiko bagina, jazarpen fisiko zein psikologikoaren ohiko adierara joko genuke, seguru aski: pertsona edo erakunde batek beste pertsona edo kolektibo baten kontra egiteko erabiltzen dituen baliabide eta mekanismoak.
XX. mendeko gerra odoltsuen ostean, mende bukaerako gizarteetan ez-biolentziaren diskurtsoa agertu eta horrekin, biolentziaren adiera bera aldatu zen. Ez-biolentzia praktikatzen zuten horiek bihurtuko baitzituzten biolento. Kolektibo menperatu baten erresistentzia ekintzak biolentzia bihurtuko ziren, baketsuak edo ez izan, gizarte baten oinarrizko arauen aurka egiten zutenean.
Atsekabez onartu behar dut, kontzeptuak emanak zaizkigula, eta normalean haiek ahal dugun modura, modu aldrebes eta traketsean, erabili egiten ditugu, gure egin. Biolentzia zer da?: bada, haiek esaten dutena biolentoa dela. Horregatik, txurientzako aulki batetik altxa nahi ez, gerrara edo milia egitera joan nahi ez izana, nahi duzunarekin oheratzeko eskubidearen alde harrika hastea akto biolentoak ziren bere garaian. Baina seguru, oraindik ere, biolentzia batek beste batzuen aurka (sin más) egitea dela pentsatzen duenik egongo da. Horregatik, azken asteetara bueltatuko gara.
Neska batek begi bat galdu du. Amorru handia ematen dit euskarazko pasiboak, aizue. Ez, ez du galdu, gauzak ez dira ausaz galtzen. Polizia batek neska bati begi bateko ikusmena betiko ukatu dio. Baina, hau ere ez da izen abizen jakin batzuk dituen polizia batek neska bati zoritxarrez begi bat zauritu diola. Ados egongo gara, karga bat polizia armatuak manifestatzaile ez-armatu batzuen kontra egitea dela. Baina oraindik ere, hiri-altzarien txorakeriak entzun behar ditugu. Eta konturatzerako, biolentzia biolentziarekin konpontzen ez dela esango duten erregimenaren morroi baketsuak hanka azpitik agertuko dira.
Jendea (kasu honetan gazteak) haserre ikustean, Nike, Tous eta Hugo Boss auzoko saltoki txikien kontra protestan, gutxien birziklatzen duen estatuko kontenedore horiek berberak defendatzen hasten zarete. Baina eta kontenedore erreak zer. Eta hor duzue argazkia. Zeharo ahaztu zaigu jada zergatik ari diren manifestazioan. Container Lives Matters pintada egin dute Bartzelonan, baina iseka esanda ere, honen ironia ulertzeko itsuegi zaudete.
Gazte bat kristalezko botila bat jaurtitzen ari da bertaratu diren argazkilari ilara jendetsua aurrean duela. Hor duzue argazkia berriro. Eta tamalez, horretara mugatzen duzue eztabaida. Ustekabean, berriro ere, biolentziaren diskurtsoarekin topatuko gara.
Jule Goikoetxea EHUko irakasleak “biolentzia” artikulua duela urtebete idatzi zuen gutxi gora behera, eta oraindik irakurri ez duenak, bertan du biolentzia zer den nahiko garbi azalduta. Jule Goikoetxeak ematen dituen adibide guztiei aste honetako berri bat gehitu diezaiokegu: biolentzia jaun andreok, Endesak eta Iberdrolak urte honetan inoizko irabazi onenak izatea da.
Honaino iritsita, nik jakin nahiko luke zergatik gure soldataren ehuneko hain handi bat alokairura bideratzeak ez dituen asko hainbeste asaldatzen. Eserita itxoingo dut, inoiz alokairuen prezioak erregulatu bitartean, erreguka Blackstonek kontenedore pare bat erre ditzan. Ea behintzat horrela. Izan ere, biolentzia botererik gabe ezin da ulertu, boterea biolentziaren erabilpenik gabe ulertu ezin den bezala. Gainontzekoa autodefentsa eta erresistentzia da. Gure gizartea biolentziaren monopolioa duen sistema menperatzaile horrekin gainontzekook egiten ditugun paktuak dira. Gizarte horietako norbanakoak segun eta zein kolektibotan jaio diren biolentzia gehiago edo gutxiago jasoko dute, eta ez kasu askotan, biolentzia eragingo dute. Biolentzia jasotzen dugun kolektiboek etengabe erresistentzia espazioak sortuko ditugu, komeni zaionaren konbibentzia zoragarri horren ilusioa mantenduz.
Biolentzia emana zaigu eta ez da pertsonala, pertsonen aurretik dator eta hauek hiltzean jarraituko du. Gizartearen makineria biolentzia hauek bere baitan mantendu eta errepikatzea da. Baina biolentzia zer den zehaztu gabe, bakeari buruz hitz egitea iruzur zuhurtziagabea da. Eta horrela bukatzen du batek plastikoko kontenedorearen eskubideak auzokideen horien aurretik jartzen. Inolako lotsa edo erruduntasunik sentitu gabe. Baina, azken asteetara bueltatuko gara berriro.
Kasu honetan, istiluetan dagoen kolektiboa, azken urtean pertsona migratuekin batera gehien kriminalizatu den gazteria da. 90ko hamarkadatik aurrera jaio direnak, krisiak bakarrik ezagutzen ez duten belaunaldi prekario ultra-prestatua.
Kontsumo irudiaren aroan bizitzera kondenatuta egotea nahikoa ez bazen, gure gurasoak baina hobeto biziko ez garela konturatzen ari gara. Bitartean, arazorik ez balego bezala jokatzen jarraitzen da, eta hori maitiak, bihurtzen ari zaigu arazo. Gure kezkak behin eta berriro infantilizatzen dira: txikikerietan gelditzen garela, alferrontziak gara, eta gainera, gutxi balitz, guztiarekin ofenditzeko ohitura pedantea dugu. Eta okerrena zera da, ez diguzuela oraindik ere ulertzen. Ezin duzue onartu saldu diguzuen meritokrazia horretan prekarietatean dagoen belaunaldi oso bati erantzunak emateko gai ez zaretela. Soluzioak bilatzeko ere ez, antza. Eta instagramean selfiak ateratzen denbora pasatzen dugun hogeita hamarrak betetzera goazen umemoko hauek ez lanik, ez estabilitaterik, ez etorkizun hurbil faboragarrik ez dugula aitortzea falta da. Baina orduan, gurasoek ordaindutako bi masterrekin langabezian dagoen giza zientzietako ikasleak kristalezko botila bat hartzen duenean baino ez da zuen eztabaidagai. Eta bat-batean, biolentziaren mamua leku guztietatik agertzen da.
Arazoak arazo, gazteen ezinegona identifikatzen ez duen biolentziaren analisi oro antzua da. Nike dendaren edo banku baten aurka egitean oihuka bandalismoa aldarrikatzen duenak bezala. Nik argi daukat, biolentzia zein den ikusteko gai ez dena, biolentziaren parte delako da.
Biolentzia da politika garatzeko bitarteko espezifikoa.
Baina biolentzia oro ez da politikoa baizik eta gizartean egituratuta dagoena eta denboran irauten duena.
Biolentziaren monopolioa beharrezkoa den herri-legitimitatean oinarritua -aktiboa edo pasiboa- aurrez Estatu bihurtzea lortu duten giza taldeen esku dago beti.
Bere erabilerak adierazpide ezberdinak ditu. Zuzenean edo modu hertsatzailean izan daiteke erabiltzeko mehatxua eraginda.