Bio-grafiak
Bio-grafiak –
Gasteizera etorria zela-eta bildu ginen, aspaldiko partez, Antton eta biok. Bazkaldu bitartean, azken urteotako gorabeherei errepasoa eman genien. Hamabost minututan, nire bizitzako zazpi urte azaltzeko astia izan nuen. Horretaz ohartu nintzen gau hartan etxean. Twitterraren edo whatshapparen eragina izango ote zenaren beldurrez, goizekoaz hausnarketan aritu nintzen. Lagunari emandako xehetasun den denak eta gehienez jota ahaztu nituen bizpahiru gertakariak kontuan hartuta, denetara eta aitzakiarik gabe, hogei minutu behar nituen azken urteotako bizipen garrantzitsuenak, neure mugarriak bilakatu diren horiek, aipatzeko. Txundituta geratu nintzen.
Gero, komuneko ispiluan begiratu eta gaur egun naizenaren irudia ikusi dut. Neure gorputzaren geografian sailkatu gabeko zimurdurak, orbain, ubeldurak eta urratu berriak aurkitu ditut azalean eta ariman. Lehendik kokatuak nituen beste batzuk, ordea, betiko markak ziruditenak, ezabatu dira jada. Batzuk itsatsita dauzkagu eta beste batzuk laztandu egiten gaituzte, eta, igurtzi barik, leunki suntsitzen dira.
Herenegun, aurrez aurre aurkitu ginenok ez garela duela zazpi urtekoak nabarmendu zen. Askotan ahazten zaidan arren, aldaketa amaigabean gabiltzala jakin badakit. Gutxitan, ordea, egia topatzen dut bila aritu gabe. Nire egia, jakina, gorputzezkoa, zehatza eta ukigarria. Ispiluak itzuli dizkidan ikurrek neure bio-grafia osatzen dute. Gaur egun naizen mapa honek, irudikatzen nauenak, ez duela itxura txarrik deritzot.
Heriotzaren mugan astia izango banu, zenbat denbora beharko nuke neure bizitzaren narrazioa egiteko? Lelo horrekin korapilatuta lokartu nintzen gau hartan.
Biharamunean, bikotekide ohia eta horren ama hil zituela erasotzaile matxista batek jakin nuen. Berri hau ez dator zutabe honen harira baina ezin aipatu gabe utzi. Izan ere, gaur egun irudikatzen gaituen maparen urratu sakonak dira eraso hauek. Lokartu ezinean nago. Lelo honek nazkatuta nauka