Mikroipuina: Bilera berandu hasi zen
Mikroipuina: Bilera berandu hasi zen
Gaur nazioarteko liburuaren eguna denez, hona hemen pasarte, kapitulu, ipuintxo txiki bat. Edo dena delakoa.
Bilera ohi baina beranduago hasi zen eta normalean baina jende gehiago bildu ginen. Bazkari herrikoietarako erabiltzen ditugun egurrezko aulki tolesgarriez beteta zegoen gela, bata bestearen aldamenean arrauzkara formako egitura bat osatzen zuten. Jara eta Ander arrautza horren punta ziren. Hitza noiz hartuko zuten esperoan, denak haiei begira geunden.
Jarak Anderri biziki maite zuela esan zionean bihurtu ziren gauzak arraro. Noizbait normalak izan baziren. Urria izango zen, asteazkenetako bileratik atera ginenean. Aktak idaztearen ardura biena zela aprobetxatuz eta beraz, besteok baina ordu erdi gehiago gelditu behar zirenean.
Jara auzoko institutuko matematika eta dantzako irakaslea zen eta ezkontzen ari zaion kuadrilla bateko soltera bakarra izateak gogaitzen zuen. Berak bizi nahi ez duen bizitza batera kondenatua, gaztetan “gure artean nor ezkonduko da lehenengoa?” kinielan irabazle izandakoa zen.
Ander Jara baina dezente gazteagoa, auzoko sex sinbolo horietakoa zen, ipurdia markatzen zion mendiko arropa estuarekin zebilen beste urbanita bat, eta eskalatzailea, horrek dakarren guztiarekin.
Jarak eta Anderrek amankomunean zuten gauza bakarrenetarikoa, baina antza denez, erabakigarriena, duela urtebete erositako furgoneta eta furgoneta zaletasuna zen. Besteontzako, halakorik ez dugunok, bikoteak sortu baino egiten ez dituen eta ulertzen ez dugun mundu arrotz bat.
Anderrek Jararekin gertatutakoa ordu batzuk beranduago taberna bateko komun komuneko ilaran kointziditu genuenean harro-harro kontatu zidan. Ohi bezain zaratatsu agurtu ninduen, ni eta komuneko ilara guztia, bat-batean besteen espazioak inbaditzeko duen kapazitate gogaikarri horrekin.
– Iepa! Zu ez zinen gaur zinera joatekoa?- eta zaplada bat eman zidan bizkarrean.
– Bai, bokatak eskatu eta orain goaz.
– Aizu, ez dakizu zer gertatu den bilera eta gero!
Batak besteari ezer gutxi kontatzeko izanik, galdera horrek apur bat larritu ninduen. Barrezka zegoen eta horrek lasaitu egiten ninduen.
– Jarak maite nauela esan dit! Aktak egiten ari ginen eta bat-batean hara, ba nirekin gustatua dagoela aspalditik- eta barre egiten jarraitu zuen, nire barrearen bila zebilen nonbait.
– Joe ze ona! Ez nuen espero! Eta zer erantzun diozu?- ez nuen kuadrillara auzoko bikote berriaren txutxu-mutxua eramateko aukera hori galdu nahi nik ere ez.
– Ba ez dudala berdina sentitzen. Zer esango diot?- irribarrez oraindik- badakizu nolakoa den Jara…- eta izugarri eskertu nuen komuneko atea ireki zen.
“Potoloa da” esan nahi izan zuen. Banekien nolakoa zen Jara bai, publikoki inoiz onartuko ez zuen eta zakila tente jartzen dion neska gizen bat.