Bidean galtzeko zorte zoragarria

Bidean galtzeko zorte zoragarria –

Aplikazio berriek bidaietako plazer handienetako bat lapurtzen digute: bertakoei galdetzearena. Edozein kontingentzia konpontzen dugu mugikorrari begiratuz, pantailara joz; nora joan, non jan, non lo egin erabakitzen dugu Sarean aurkitzen ditugun erreseinen arabera.

Irudiaren kreditua: Arie Oldman

Badaukat lagun batek etengabe “boludo” deitzen didana; perpaus -”pero cómo pensás, boludón…”- guztiei gehitzen die deiki, txerazko hitz hori. Urte asko igaro behar izan dira elkarrenganako hainbesteko konfiantzara iristeko; garagardo dezente zerbitzatu behar izan dizkit Hernanek adiskidetasun maila horretara heltzeko. -¿Pero cómo sós tan cagón? – esaten dit une horretara arte konpongaitza zeritzodan arazo edo kezka bati aurre egitera animatzeko: berarekin ulertu dut psikoterapeuta ona izateko argentinarra izatea ezinbestekoa dela. Bere tabernan partidu bat ikusten dugunean “gambeta”, “hinchada”, “ese pibe la rompe…” eskapatzen zaizkio Hernani. Hernanek dio naturaltasun osoz “plata”, “poronga”, “frazada” eta “valija”. Batez ere “valija” -Soy un argentino de los de la valija en la puerta -esaten, azpimarratzen digu Rosariora itzultzeko daukan asmoa ulerterazteko; Hernanekin hitz egitea Hegoaldeko Konora minutu batzuez bidaiatzea bezala da, nahiz eta uste izan Portugaleten zaudela. Maparen beste muturrera joatea edo agian Hernanen garitoa mapatik kanpo dago.

Gure “mapa” latineko “mappa”-tik -zapi, eskuzapi, toalla- dator. Gainazal sinple horren gainean, fidagarritasun baino irudimen handiagoz marrazten ziren lur-jabetzak, lehen ibilbideak, lehen mapak, munduaren lehenengo bukaerak. Kontuan izan dezagun garai hartan itsasoa hasten zen lekuan -Finisterre- amaitzen zela Lurra. Ezin zen harago joan, eta ez zen harago joan behar: nabigazio-karta zaharretan, “hic sunt dracones” mezuaz estaltzen zen lur ezezagun eta beldurgarri hori; geldi hor, boludo, dragoiak daude eta!!  Zaila da errealitate hori gure garaitik ulertzea: gaur egun google maps-en ahots atseginak jatetxeko ateraino eramaten gaitu eta Earth-en gainean klik eginez segundo gutxi batzuetan Indonesiako herri urrun batean lurreratu gaitezke. Ez, ezin gara testuinguruan jarri. Batzuk tarteko urrats bat bizi izan dugu: errepide-mapena. Ibilbideak planifikatzen genituen gida zabalgarri haiek, denborak, zentzua galdu ostean, trastelekuetan zokoratu dituenak. 

Hala ere, aplikazio berriek bidaietako plazer handienetako bat kentzen digute: bertakoei galdetzea. Edozein kontingentzia konpontzen dugu mugikorrari begiratuz, pantailara joz; nora joan, non jan, non lo egin erabakitzen dugu Sarean aurkitzen ditugun erreseinen arabera. Oso egoera larrietan  bakarrik -gutxitan izaten dugu bidean galtzeko aukera, zorte zoragarria- jotzen dugu ezezagun bati galdetzera. Ez dugu inolako antzik Celaren “Viaje a la Alcarria” liburuko protagonistarekin, ezta “Un país en la mochila” Labordetarekin ere. Solasaldiaren plazera, tokikoekin elkartzearena; elkarrizketa horrek ekartzen dizkigun ezagutza, herrialde baten nortasun-ezaugarririk esanguratsuena: ahoskera, ebakera, kutsua, fonetika, musika.

Hernanek “boludo”, “cojudo” eta “pelotudo” deitzeaz gain, “cayyye” eta “yyyevo” esaten digu bezeroi edalontziak betetzen dizkigularik, eta “vení”; “¿viste?”, “¿te acordás?” galdetzen digu. “Contame” eskatzen digu benetako interesa erakutsiz. Hernanek dio “pesadiyyyya” eta dio “valija” bere oinetara begira. Batez ere “valija” (maleta) dio: -Acá tengo la valija- bere oroimina laburtzeko.

En fin

Bidean galtzeko zorte zoragarria

Irakaslea, idazlea; hurrenkera ez daukat batere argi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude