Besteenganako arreta, apaltasunaren muina
Besteenganako arreta, apaltasunaren muina –
Lagun hurkoarekiko begiruneak, besteekiko errespetuan, beroienganako arretan du sorburu. Atentzioan, arretan, du hastapena begiruneak. Besteekiko arreta horrek norberekeriari uko egitea du eskakizun, nork bere buruari lotu eta lotuta egoteari uztea du eskakizun. Deusi ere lotzen ez zaion baina bateratsu besteekin arreta handiz ari den horrek apaltasunaren erdigunean kokatuta du bere burua, diosku Gurutzeko San Joanek (GURUTZEKO SAN JOAN, Karmelo mendira igoera 13,13). Eta eutsitako arreta guztizkoa balitz, apaltasunaren goia joko genuke (GURUTZEKO SAN JOAN, Karmelo mendira igoera 7,11). Ezen, hasteko eta behin, apaltasunak, deus eskatzekotan, nork bere buruaren ahanzte osasungarri bat du aurre-baldintza; finean, norbera ez dagoela beste inoren gainean argi izatea, izaki behartsu eta zinez zaurgarriak garela zintzo aitortzea: “bere-berea den ezerezean bere burua ezkutatzen duen hori da zinez apala” (GURUTZEKO SAN JOAN, Argiaren eta maitasunaren esanak 174).
Simone Weil bera antzeko bidetik joango da. Bere ikusian ere, arreta da apaltasuna. Zera ere baina gehitu beharko genuke kontuari bere osoan heltzeko, apaltasuna ere arreta dela. Benetako arreta baina ez da kontu kognitibo hutsa, edo ez hori huts-hutsik; zin-zinezkoa izango bada, gure izate guztiak esku hartu behar du berorretan derrigor, buru eta bihotza. Berorretan subjektua bera ez den beste errealitate horretan geratzen da ainguraturik, bere “ni”aren huste nolabaiteko bat ematen delarik.
Besteenganako arretaren kontrakoa nork bere buruari so eta so egote gatibutzailetik urrats bat bera ere ezin eman ahal izatea da. Norberakeriaren ilunpean itsututa bizitzea da besteenganako arretaz alderantzizkoa. Eta norbere ingurutik ezin ateratako “autozentramiento” delako horrek harropuzkeria izan ohi du beti segida. Bere burua baino ikusten ez duena, eta hortaz besteenganako arretarako gaitasun zipitzik ere ez duen hori, harropuzkerira lerratzen da erraz askoan. Deigarriena, guztiz deigarria, baina zera dugu: bere buruarentzako arretarik baino ez leukakeen “autozentratu” delako horrek ez du ezta bere burua ere ezagutzeko gaitasun-aukerarik, paradoxikoa balirudike ere. Zenbat eta gehiago zeure buruari so jardun, orduan ere ezgaigo zaren “hori” ezagutzeko; zenbat eta soilik zeure buruan zentratuago bizi, orduan eta “inonago ez” bizi, subjekturik gabeko bizialdi batean antzo. Norberekeria eta hortik segitzen den harropuzkeria norbera den hori inoizko batean ezagutu ahal izateko oztopetan oztopo dituugu.
Horratx hortaz bizi gaituen paradoxa handia, besteenganako arretan, geure buruaz ahantzita, iritsiko dugu geure buruaren ezagutza, eta, horren ondoioz garen “hori” izatea:
Apala izatea, garenak izatea da,
Ez garenak izatea, harroa izatea.Gauzak diren legez ikustea,
ez gehiago, ez gutxiago;
hori izanki apaltasuna.Gauzak ez diren legez ikustea,
diren baino gutxiago edo gehiago;
hori da harrokeria.Harroak ez dena bizi du,
apalak, den hura(JOXAN ARTZE, Heriotzaren ataria dugu bizitza)