Besteei bestela begiratzeko deia

Besteei bestela begiratzeko deia –

Begirada, zer kontu zaila! Sartreren ikusian, berau ez da sekulan bi pertsonen arteko kontu hutsa, ez da sekulan bi “ni” solte eta bereiziren arteko bitartekorik, ez dago inolaz bi kontzientzien arteko “koexistentziarik”. Ni, zu, nor bakoitza, begiratzailea edo begiratua, bietariko bat noiz bakoitzean, ez sekulan baina biak bateratsu. Oreka ez da da sekula bere horretan mantentzen, beti ere beti batera zein bestera egiten du. Gertakari hau, baina, ez da kanpotik bere soilean gertatzen, zin-zinez ez da kanpotiko gertakari, edo ez huts-hutsik, eta, batik bat, ez nagusiki. Begirada, funtsean, nigandik nigana joan-etorrian diharduen gertakaria da, Sartreren ikusian; hots, nor bakoitzak bere buruarekin bizi duen gertakari bat dugu begirada. Lotsa geneukake horren erakusgarririk argi eta garbiena. Lotsatzean, norberak bere burua epaitua, mehatxatua, eta, oro har, nolabait edo besteko arriskupean sentitzen du. Azken batez, lotsa zer eta bestearekin, besteekin, “bestetasunarekin” loturatiko sentimendu bat da. Lotsa, beste zenbait eta zenbait guztiz bestelako norbere sentimendu antzo, asko ere oso positiboak (hala nola, errekonozimendua, miresmena…), “besteak” norbera begiratzean berau “objektu” bihurtu izanaren ondorio zuzena da. Nolabait edo beste, norberak “besteak begiratzen duen objektu horretan” ikusten du bere burua islatua.

Besteei bestela begiratzeko deia
Arg: geralt

Sartrek dioskun hau guztiak asko du egiatik, gehiegitxo tamalez, ez den-dena baina, nire ikusirako. Begiradarekiko kontuak horrela ere, badago guztiz bestelako begirada baterako aukerarik ere. “Zinezko arreta zintzotik” sorturiko begirada garbirako aukerarik ere badago, aurrejuzkurik guztiz gabea den horretarako. Bihotzetik eranaturiko begirada entzun ere egiten duen begirada da. Halako begiradak erabateko errespetutik eta apaltsunetik bestetik ezin dira sortu, beroiek ditu bidelagun. Egia aitortzera, besteari zinezko arreta, zinezko atentzioa eskaintzea, bestea errespetatzeko erarik sakratuena dugu; gerorako errespetuaren garapenak hor du bere jatorri eta abiagune. Lagun urkoari, besteei, arretazko begirada luzatzea, beroiei arretatsuki behatzea, apaltasunaren erakusgarririk argiena da.

Begirada hau Sartreren beste bi begiradez oso bestekoa da. Besterik da begiratze hau; bateko, ez du bestarengan ezer ikusi, entzun…. gertatzerik nahi (Sartreren “begiratzailea”); besteko, ez du bestearenganik ezer espero, ez errespeturik, ez errukirik, ez miresmenik… (Sartreren “begiratua izatea”). Honako begirada guztiz jatorra da, berezkoa, begirada huts-hutsik. Ez du bestearengandik, ez bestearengan, deusik ere espero, edo, bestela esanda, ez du hau edo beste espero, zabalik dagoen begirada bat da, besteari zabalik dagoen begirada bat. Ezeri loturik egon gabe, besteei arretaz ari zaiena, “apaltasunaren erdigunean dago kokaturik” (Karmelo Mendirako igoera), zioskun Gurutzeko San Joanek. Izanez ere, “apala bere ezerezean ezkutatzen den hori da”. Simon Weil-en esanetan, apaltasuna arreta da, besteekiko arreta. Kontrako norantzan ere, zinezko arreta ere apaltasuna dela esango nuke nik.

Bukatze aldera zera gehitu… maitasunaren kontrakoa ez da gorrotoa, axolagabekeria baizik.

Besteei bestela begiratzeko deia  Besteei bestela begiratzeko deia

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude