Berrogeietako krisialdia. Heldugabetasunik?
Berrogeietako krisialdia. Heldugabetasunik? –
Berrogeikoen krisialdiaz hitz egin ohi da sarri. Berrogei urte! Amigo! Inguru horretan, eta hortik gora, nolabaiteko lautada, geldiune derrigorrezko, edo talai batera ailegatu garela sentitu ohi dugu. Oso urruti-edo joanak garelako irudipen garbia sortzen zaigu, nonbait. Urrutixe joan izanaren sentipena, bere zentzu anbibalentean ageri zaigu, zentzu bikoitzean, edota, hobeki esan, zentzu hirukoitzean. Zentzu neutral bat, ordura artean nahikotxo ibili eta gero espero izateko litzatekeen balioespen-azterketari dagokiona da. Balorazio delako hori egiten hasi eta berehala, ordura arteko bizialdi-tartean egindako askori dagokionean, edo batek jakin, ia guztian, hutsik egin izanaren sentipenarengatiko zentzu negatiboa ere har lezake egindako balioespenak. Hirugarrenik, onenean, ordura artekoan lorpen gisa ikusten dugun guztiari dagokionak zentzu positibo bat eman diezaioke norbere “auto-auditoria” delako horri.
Aurrera begira ere, etorkizunera begira ere, berrogeikoen geldiuneak badu bere zer esanik, zer adierazirik. Hortik aurrerakoa batzuek partiduaren bigarren denboraldi moduan bizi dute, bestetzuek, beltzagotik jo, eta “kolokango” edo “prorroga” moduan sentitzen dute jada gainean dute bigarren denbora-tarte hau.
Kontuak kontu, goiko lerroen bidez egindako hausnarketa, borobilegia dugu, konbentzionalegia, maiztuegia jada denon belarrietarako. Bada, nire ikusian, zerbait berririk, edo interesekorik, edo gehitzekorik goiko jada topiko horietara. Berrogeikoetan bada norbere irudipen, sentipen moduko bat inoiz gutxitan hizpidera eraman izan dena; nolabaiteko gabeziarekin lotura du delako sentipen horrek, nork bere burua etiketatu ezinarekin. Ondo ikasitako teoriatik ondo dakigu “helduak” beharko genukeela ordurako; alabaina, ondo baino hobeto dakigu geure burua heldugabe dagoela. Nerabeak aspaldi ezin izan, gaztarotik ere kanporatu gaituzte indarka, baina etiketarik gabe gelditu gara, ez-leku batean, izendatzeko moduan ez den lokatzetan ainguraturik.
Segurolarekin esanda, berrogeikoetan, eta hortik aurrera ere, adingabe biziz, ederki batean bizi gara, adingabeko izaten, ederki eta ez-ederki batean bizi gara. Izan ere, adingabeko izateak bi onura dakarzkigu; bateko, izenak ondo dioskun bezala, adinik ez izateko parada luzatzen digu (ez dago gaizki!); bigarrenik, adinik ez izanik, ezin dakiguke egindako ezerengatiko erantzukizunik eskatu ere (umeen karta zuria, ederra hau ere bai!). Kontuak horrela, goxo-goxo bezain patxadatsu bizi gara adingabe izan usteta. Ez baina, nolabait edo besteko sentipen ilun anbibalente batez. Bateko ezin gusturago adigabe sentituta; besteko, helduaroa, agian irrikatu ez, bai baina aldez edo moldez hori noiz iritsiko zain-esperoan egonda. Segurolak zioen moduan, helduaroa irits dakigun borondate oso handia badugu ere, aldi berean batere gogorik ez.
Non gaude? Zer gara berrogeikoetan ondo murgildurik egonda ere, heldugabetasun (agian heldugabekeria) jada organiko-estruktural horretan ainguraturik? Zer gara? Bitoriano Gandiagak ere ondo hausnartu zuen honen gainean, bere Denbora galdu alde liburuaren hasieran. Bere buruaz ari zen orduko hausnarketa horietan, bizi eta sentitzen zuenaz. Gizon bat ere ote zen ez zekiela zioen, ez zekiela noiz den norbera ere gizon (berdin esan lezake emakumezko batek bere buruaz)…, hori zioskun. Zeraren susmoa zuen Gandiagak: “Gizon izan ahal izateko, urteez gainera, beste zerbait ganora gehiagokoa behar zuela gizakiak… Umearoa eta gaztaroa iraganik sentitzen zituen, baina helduarora arribatu ez zen ideia edo irudipen halakoa bizi zuen. Gaztaroaren eta helduaroaren bitartean geza-aroa edo deitu aldi bat ezarri behar zuela iritzi zuen”.
Gaztaroaren mugarri-marka urteek, edo hauek ekarririko gorputz gainbeherak edo endekapenak, zekarkiguten, hori zioskun Gandiagak. Baina, bestetik, ez du helduaroaren, ez eta honen gertuko etorreraren, batere zantzurik ere ikusten Gandiagak. Nola deitu hortaz ez batean ez betean ez egote horri? Hori ere galdegiten zuen Gandiagak bere hausnarketa hauetatik.
Izendatze-hitzik gabe bizitzera derrigortuak gaude, nonbait. Ez dakiguna baina, guztiz duda-mudazkoa duguna baina, jarraiko galdera honako hauek dauzkagu: luze joko du al du gure egoera honek?, Denoi ailegatuko al zaizkigu helduarorako baldintzak?, ikusi moduan, urteekin soilik lotuak ez dauden heldutasun-baldintza direlako horiek. Eta… bien bitartean, inork eskainiko al digu behingoagatik izen bat, gure egoera hau izendatzeko etiketa bat? Eta horrela gure izen-umezurtza honetatik askatu.
Berrogeietako krisialdia. Heldugabetasunik?