Bere bizimodua aldatu duten hiru pertsonen istorioa. Dena ez da onargarria!

Bere bizimodua aldatu duten hiru pertsonen istorioa – 

Nola bizi nahi dugun aukeratzeko orduan, aske izan uste dugu geure burua. Aske hemendik edo handik jotzea erabakitzeko garaian. Hein batean hala da, ezin uka. Baina sakon-sakonean, bide batetik edo bestetik joatea erabakitze hori gizarteak ondo zehazuriko marko baten barrutian izan behar da beti. Joko-zelaia ondo zehaztua du gizarteak, bere zedarriak ere argi ditugu, eta, “ondo hautatzekotan”, barruti horren baitako ereduetatik izan beharko da derrigor.

Nork ez du sentitu hau edo beste ikasi behar duela, gerora, ondo bidean, honetan edo beste hartan lan egiteko, eta hala honelako familia, bizimodu, kontsumo, estatus-maila eta beste izateko? Nork ez du sentitu, agian urteetan sartuxea egonda, beretik berez sortu ez den zerbait egon dela bere erabaki handi askotan?

Agian oso beltzetik joan naiz, eta gauzak ez dira horren horrelakoak. Badago, dena den, gizartean zerbait etengabe ikusi izan dudana, eta, nire iritzirako, ustezkotik batere ez daukana, oso benetakoa dena eta norbere bizitzaren azterketa sakonetan sartu gabe ikus daitekeena. Asko penalizatzen da teorian norbere bizitzan emandako zenbait “erabaki txiki” (edo, gutxienez, ez “oso handi), eta aldiz, ausarten batek, egunetik biharrera, gure gizartearen ohiko erduei errotik kontra eginez, espero izandako bideetatik ateratzen denak, izugarrizko miresmena sortarazten digu.

Esandako azken honen erakusgarri-edo, honatx hiru istorio labur, fikziozkoak, baina ezinago errealak:

Andoni gaur lanera joan da. Ardura nahikotxoko lanpostua du. Hiru seme-alaba ditu, hirurak 2 eta 8 urte artekoak. Etxean erabakia ondo baloratu eta gero, bere lanaldia %20 murriztea erabaki dute. Zuzendaritzakoei gaur aurreratu die erabakia. Bere eskubidea da, badaki. Hala ere, giroa, momentuz, gero ikusi beharko, gaiztotu da, belztu zaio aurpegia bere jefeari.

Kasualitatez, Jaioneri, Andoniren oso gertuko lehengusin propioa, orain astebete, bere enpresan, ardura handiko postu bat eskaini diote. Jaionek sal-erosketen departamentuan egiten du lan. Oso perfil kualifikatua du eta hamar urtez izugarrizko emaitza onak lortu ditu. Orain soldata hirukoiztuko liokete nazioarteko sal-erosketen arduradun-postua onartuko balu. Hirukoiztu edo laukoiztu…Orain artean ekonomikoki ondo moldatu izan da Jaione. Pisu askoz hobe batean bizi liteke, baina moldatzen da, eta asko baloratzen du lanaldia bukatu eta gero bere familiarekin egon eta bere afizioak egin ahal izatea. Orain ez, baina hemendik urte batzuetara, ama izatea gustatuko litzaioke.

Kontuari buelta asko eman eta gero, ezezkoa ematea erabaki du. Ondo daki lanpostu horretan egongo balitz, bere bizimoduak, materialki, askoz hobera egingo lukeela. Halere, badaki estres handi-handia sortuko liokeela, egun eta aste asko nazioartean bidaiatzen eman beharko lituzkeela, familiatik urrun… Den-dena ondo aztertu ondoren, azkenean, ezezkoa eman du. Batetik pena du. Errekonozimendua handia izan da eta edonoren autoestima ere ondo indartzen duena. Halere, ez du horrelako barne amarruetan erori nahi. Asko balortzen du bere bizitza eta lana horren zerbitzura ulertzen du. Ezezkoa eman eta gero, ez ditu bere arduradunen aurpegiak gustoko izan. Jaionek ez du ondo ulertzen zergatik, baina ez dute ondo hartu bere erabakia. Berarengan zuten jarrita itxaropen guztia.

Jon Ander, Andoni eta Jaioneren, lehengusu propioa ere bai. Jon Anderren erabakiaren berri bazuten orain hilabete batzuk. Dena utzi behar du, lana, etxea saldu,… abenduan Tibetera doa-eta, monastegi batera bizitzera. Momentuz ez du bueltatzeko inongo asmorik. Gure gizarte ereduak huts egin diola esaten du. Aske izan nahi duela eta urteetan meditazio-taldeetan egindako ibilbideari benetako bultzada eman nahi dio bere bizitza errotik aldatuta.

Aste Nagusian gaude, eta Andonik, Jaionek eta Jon Anderrek “primada”-bazkaria dute beste 10 lehengusu-lehengusinekin. Gustora ari dira bazkaltzen denak. Bazkalostean hitz eta pitz ari dira denak elkarrekin. Andonik bere erabakiaren berri eman die eta gehienek ez dute ondo ulertu. Bere karrera zapuztu duela betiko uste dute. Jaionerekin sortu da zalapartarik handiena. Ezin dute ulertu, inolaz. Soldata-eskaintza horrelako baten aurrean, eta ez-dakit-zer-bizitza baloratzen duela entzuteak gaiziki egiten die belarriei… Jon Anderrena etorri da azkenik. Harrigarri ona izan da jaso duen erantzuna, honelako zenbait gustora entzun ditu: “Hori potroak zureak, Jon Ander!; Hori da hori gauzak argi edukitzea!; Merezi du zure barne ahotsa entzutea, zure benetako bokazioari heltzea!; A zer enbidia!, baina ni ez naiz ausartzen ezertara!”.

Norberak atera dezala bere ondorioa. Argi dago baina, nik uste. Jon Anderren kasuak gure gizarteari (kasu honetan lehengusu-lehengusinek islatuta) ez dakarkio inongo arriskurik. Kasu bakan-bakanak dira, eta inori ez zaio burutik ere pasatzen horrelakorik imitatzea. Mirestu bai, baina hori, mirestu, hori baino ez. Kasu hauek ez dira arriskutsuak. Are beharrezkoak ere ditu sistemak, seinalaturiko eredu kopiaezin moduan ikusiak izateko. Bere miresmenaren bidez, berauek ondo txalotuta, gizarteak etxekotu egiten ditu, beretu eta integratu bere sisteman. Besteek (Andoni eta Jaionerena, gure kasuan) irensteko listu potoloa eskatzen dute eta ondo interpelatzen ditu bai gizartea, bai nor bakoitza.

Igor Goitia

Bere bizimodua aldatu duten hiru pertsonen istorioa. Dena ez da onargarria!

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

7 pentsamendu “Bere bizimodua aldatu duten hiru pertsonen istorioa. Dena ez da onargarria!”-ri buruz

  • Bai , nik zurekin nator bat Igor. Eskerrik asko hausnarketagatik. Gaineratzeko zerbait; saltzen diguten ereduak ez al dira diruan oinarritzen? Hau da ,arrakasta izateko bizitzan, dirutza lortu behar al da?

  • Boa txabal! Iruzkina kakaren n juerrenfoa, baina pertsona bat ez daiteke barkatu.

  • Igor Goitia Mora 2024-08-18 21:48

    Goiari-ri,
    Ondo diozu. Hala da, dirua dugu balio duen horren neurri bakarra, zenbat diru irabazi, gerora gastatu ahal izateko…horrek markatzen du zer balio duen eta zer ez, eta, hortaz zer den logiko eta espero izatekoa gure arrazoizko hautuetan, eta zer ez…
    Mila esker zure iruzkinagatik

  • Beren bizimodua aldatu duten hiru pertsonaren historia. Ziurrenik kontakizuna, testigantza, lekukotza, nik zer dakita!

  • Igor goitia 2024-09-05 07:14

    Azkenerako biena.

  • Igor goitia 2024-09-05 07:16

    Istorio gertuko tuneatuak. Nork bereak izango ditu…

  • Igor goitia 2024-09-05 07:26

    Ezagun duguna ezin mugagabetu, nire ustez (istorio tuneatu hauen gaineko ustetan,) behintzat ez. Betiko kontuak, dena den, horretan ados, Nagore. Pena. Horretan ere ados

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude