Berdintasuna? Beti berdin
Berdintasuna? Beti berdin –
Edozein buruzagi politikok erabili lezakeen diskurtsoa da honako hau: “Gure gizartea anitza da, koloretsua, plurala eta horrela ulertu behar da! Elkarrenganako begirunea eta ezberdinen arteko errespetuan oinarrituta, kohesio soziala izan behar da helburua!”. Arestian aipatutakoa, kanpaina politikoan gauden honetan, behin baino gehiagotan erabiliko den mezua da. Baina, gure gizartea anitza dela onartzen al dugu? Besteen sexu zein genero aukera ontzat ematen al da? Baiezkoan egon gintezke. Errealitateak, ordea, ez du hori erakusten.
Sinesgaitza iruditu dakigukeen arren, sexu bereko pertsonen arteko harremana, jazarria eta erasotua izan da historian zehar; Inkisizioan, Bigarren Mundu Gerran nazien eskutik, Espainiar Estatuko Gerran eta gerra ondoren… Gainera, une konkretu horietatik aparte, jendarteak berak eragindako presioa izan zitekeen aurrekoak baino okerragoa. Zuri-beltzeko sasoietan, norbaiti otu balitzaio homosexuala dela argi esatea, ez zitzaiokeen merke aterako. Tamalez, ondorio hau atera zitekeen: gizartea bera zela sarritan pertsonak armairuan sartzen zituena. Hala ere, are sakonagoa zen transexualitatearen afera, sexua eta generoa gauza bera zen teoria hedatua zelako. Azkenik, nola ez, Eliza Katolikoaren eragina Euskal Herriaren kasuan izugarria izan zen eta; beraz, ezkontza mota bakarra, harreman mota bakarra eta normaltasunaren ikuspegi bakarra zegoen.
Gure egunetara ekarrita, hobekuntza eman da. Oro har, egun berdintasunez trata zaitzaten, ez delako baldintza ez norberaren generoa ez sexu hautua. Hala ere, guztiz arbuiatu al dira iraganeko jokaera horiek? Ez, noski.
Alde batetik, bi zutabe nagusi hobekuntzan eragina izan dutenak: legeak emandako babesa eta erlijioaren eragina murriztea. Lehenengoak, ezkontza parekidea ekarri du, eskubide berdintasunarekin batera. Bigarrenak, berriz, laikotasuna eta dena erlijioaren galbahetik ez pasatzea dakar, ondorioz, onarpenaren ikuspegia nagusitu da.
Beste alde batetik, hobekuntzaren aparrak ere baditu hura lausotzen dituen zenbait ezaugarri. Horietatik aipatzekoa da homofobiarena. Horrek azaltzeko era desberdinak ditu; eskolan lagun talde batek izan dezakeen irainetarako joera, kirolean homosexual deklaratuen kopurua, irain modura sarri erabili izan diren “marimutil” zein “marikoi… XXI. mendean egonagatik, oraindik ere iraganeko mamuek guregan dihardute.
Zorionez, badira ingurua aldatzeko lan eskerga egiten duten mugimenduak, horien artean adibideak direlarik, besteak beste, LGTBI elkarteak. Euren lan ildoen artean, berdintasunaren arazoa agerian jartzea eta aniztasuna sustatzea daude.
Aurrekoari tiraka, harrotasunaren aldeko desfileak hortik datozela esan liteke. Estatuan ezagunena, Madrilen egiten dena da, batez ere. Askatasunaren eta berdintasunaren alde egikaritzen den aldarria positiboa izan arren, kapitalismoak(gauza guztiekin egiten duen erara) merkatuko produktu bat bihurtu du desfilea bera. Hori dela eta, azken boladan Bilbora ekarri nahiaren atzetik interes ekonomiko hutsa dagoela bistan dago.
Ortzadarra da mugimenduaren bandera; honek, ezin dezake hobetu islatu zein den egoera. Tarteka, euria. Tarteka, eguzkia. Ea egunen batean zerua urdintzen den!
Berdintasuna? Beti berdin Berdintasuna? Beti berdin