Beldurraz harago zer?
Beldurraz harago zer? –
“Batzuetan ilunpean zihoan, eta bestetzuetan argirik gabe, baina sekulan ez beldurrik gabe”, hori zioskun Sancho Panzak bere kobazulo barruko egonaldi-ibilaldien bizipenak deskribatze aldera. Jada aurreko artikulu batean aritu nintzen beldurraren gainean, eta berorretan zita hau bera ere ekarri nuen. Delako zita hori berriz ere dakart orain, zer iradokirik asko duela iritzita, eta bere sakonean asko zukutu gabe inondik ere ez uzteko.
Beldurrak eta beldurrak daude, mota askotakoak, denetarikoak, baina, oroz gain, eta akaso zabarrean-edo hitz eginda, bi bloketan bereiziko nituzke nik. Batean bizialdian barreneko neurrian edo tamainan ematen diren beldur-izu horiek, unean unekoak, baina guztiz eramangarriak edo geurez, normaltasun osoz, kudeatzeko modukoak. Bestea agian ez genuke ezta bloke edo zakutzat jo behar ere, berrotan beldur bat eta bakarra legoke-eta. Bigarren honetan beldurren beldurra legoke, beldur guztien beldur orohartzailea, letra larrizko galderarekin zerikusi zuzenik daukana, azkeneko galderaz (edo Tillichekin esanda, “galdera azkentiarra” edo erdarazko “cuestión última) dihardun horrekin alegia.
Bereizte honi dagokionean, akaso ausartegi jokatuta neure aldetik, eta, bereizte honetara Kijotearen zita ekarriko nuke, edo agian alderantzira, zitara bereizte hau, eta zera zehaztera ausartuko nintzateke ni; “argirik gabeko” izu-beldur horiek bizitza-ibilbidean barrenean arruntetik edo eraman-erraz samarretik duten horiek geneuzkake; ilunpekoak aldiz, singularrean agian hobe esan beharrekoa, azken beldurren beldur horri legozkioke. Izan ere, gure bizitzan beldurrak atergabe sortuz joaten dira, sarri askotan batek besteari segida ematen diolarik (lagunak edo bikotea galduko ote ditugun beldurrik, zertaz bizi ez izateko beldurrik, besteek gutaz duten iritzia…); beldur-klase honetakoek inoiz ez dute etenik, eta etsigarritik izan badezakete ere, oro har, bizitzaren bultzagarri ditugu. Horregatik irizten diet “argitasunik gabeko”; argitasunik gabetasun horrek hain justu bilakatzen ditu beldur, baina argia dute atzealde, argi-atzealde horretan, mihise antzeko horretan, egiten dute euren sartu-irtenak “argitasunik gabeko” beldur hauek. Beldur hauek beti zer edo zeri egiten diote erreferentzia, hau edo besteri, larri edo ez horren larri, baina betiro zerbaiti diogu beldur. Zerbaiti diogu beldur, eta beste zerbaitean (edo norbaitengan) konfiantza izanez gainditzen ditugu.
Beldurren beldur den beldur bakar hori, aldiz, ez da inoiz itzaltzen, ez gainditzen… betiro dago hor nahiz-eta bizialdian gehien-gehienetan sorgor edo lokartua. Hor dago beti, hor dago, ez dagoela badirudi ere, hor dago lozorroan antzo. Ilunpeko beldurra dugu hau, eta ez dago berorri aurre egiterik konfiantzaz baino. Honako konfiantza baina ez da “honetan” edo “hartan”-go konfiantza. Honek “konfiantza itsutik” du asko, edo guztia, hobeto esatera, berau, izango dugu edo ez, baina guztiz itsua da, eta indartsua bezain “ez-zertandua”.
“Beldurraz haraindi ikusterik daukana betiko egongo da salbatua” (Dao De Kin 46)
Egindako guztiek eman beharreko eman dutenean,
Aurreikusitiko guztia jada iragan ura denean,
Pilatutako guztia alperrikakoa,
Jada dena iragankizun denean,
Betekizun zena jada bete denean,
Orduantxe bai, bista behingoz altxatzekoa ordua ailegatuta,
Orduan izango dugu benetako bizitza-froga,
Bista altxa eta zer ikusi,
Orduan zer ikusi…