Begiratze aldera begiratzea
Begiratze aldera begiratzea –
Begirada des-interesatua, interesik gabekoa den hori, ez da axolagabezia hutsetik so egiten duen begirada, edo, hala jo nahi dut nik behintzat. Oso bestelakoa da ni orain burutan hartzen ari naizen begirada-mota hori; begirada hori doakoa da, ez du deusik bilatzen, ez da inongo helburuk, asmok, desirak edo nahikarik bultzatua. Tradizio greko-latindarrek theoria edo contemplatio adigaien pean ulertu zuen horretatik guztitik gertu-gertu egon liteke begirada desinteresatu delako hori, alde-alde. Dena dela, “teoria” hitzari egun aitortzen diogun esanahi zehatza jatorrizkoak denboraren poderioz pairatutako endekapenetik bestetik ezin dugu ulertu. Hasiera batean, bi hitz hauek, theoria zein contemplatio, biak ala biak, errealitatearen gaineko ezagutza desinteresatuarekin zeuden estuki lotuak eta zera-edo eman nahi zuten aditzera; errrealitatea aurrez aurre dugularik, berorri, dagoen dagoenean, bere-berean, traba eta behaztopa-harririk gabe, harrera abegikor egitea, gure interesek berau batere baldintzatu edo bortxatu gabe. Kontenplazioaz, zehatz-mehazki, zera esan ohi da; berroek, berez, ez du arrazoiarekin (ratio) batere loturarik, ez du gogoetatze diskurtiboarekin zerikusirik eta bai, aldiz, intuitzearekin, begiztatze hutsarekin, edo, hobeto esatera, begiratze huts-hutsean, huts-hutsik, hustutako begiratu-motarekin.
Errealiatetik zer edo zer espero bainoago, edo errealiatateak zer eskainiko zain egon bainoago, berarekin nolabaiteko “bat egitea” bilatuko da begiratu aratz honez, edo, era apalago batez esanda, errealitatearen aurrean soil-soilik egote aldera egotea, ezein interes operatiborik (edo utilistarik) ez dariolarik gure begiradari. Honelako begirada, bere betean emanez gero behintzat, are praxietan praxirik gorentzat ere jo ohi dute klasikoek zenbait eta zenbaitetan. Kontenplazioa begiratze hutsa baino ez dugu, zuzen-zuzeneko begirada huts eta aratza baino ez, eta ezagutzeko erarik oso-beteena geneukake. Zuzen-zuzenean dakusagun horretan, bitartekotzarik batere gabe aurrez aurrez duguntto horretan, datza intuitutakoaren sendotasuna, bere gotortasuna, esan ziguten klasikoek; gogoetatzeraren huts egitea, bere tronpatzea, aldiz, intuitzeko gaitasunaren muga eta ezinetan du bere etorkia; pentsatzeko gaitasuna intuitzeko gaitasunaren era inperfektua baino ez geneukake hein horretan.
Duda-mudaetan edo ezjakinean barrena arrazoitu behar du arimak derrigor, zioskun Plotinok; filosofatzean, ostera, ideiaz ideia, berauen intuiziozko begiztatzea baino ez da iritsiko, gehinenera jota. Dianoiak ere antzeratsu jarduten du, eta hipotesi zenbaitetan oin harturik, hipotesirik hipotesi aurrera eginez iristen du konklusio-ondorioa. Nousa, ostera, besterik da, hipotesi oroz haraindi joan ohi baita, diskurtsiboki ez, zuzen-zuzeneko eta bertatik bertarako hauteman-besarkatze hutsez bazik. “Nousa zientzia baina benetakoagoa da” (ARISTOTELES, Azken Analitikoak, libro II). Nousak, Aristotelesen esanetan, ez du soilik aurrez aurreko erreal ezin zehatzago hori hautematen, baizik-eta, lauso bada ere, bai eta unibertsal eta ezinago abstraktoa den askoz haragoko hori ere.
Lehenengo zuhaitza, aurrenekoz, dakusaten begi horiek antzo,
begirada lehendiarreko begi horiek antzo,
zabaldu baino ez duten begi horiek antzo,
aurreko ezein erreferentziarik gabe,
ezein iraganeko oroitzapenik gabe,
harkor eta abegikorra baino ez den begiradaz,
interesik gabe-gabetua den begirada horrek,
munduaren oinordeko berri den umetxoaren harridurazko begiez ikusten ahalbidetzen digu,
aurrez aurreko zuhaitz delako hori batasun organiko oso batean ikusi ahal izateko,
dena, bat-bat eginik, osotasun baztergabean ikusi ahal izateko,
lehendabiziko harako agerraldi horretan antzo, elementu bat bera ere soberan ez duela hautemateko,
bere berritasunean ez duela deusik falta ikusteko,
ez duela deusik bortxatu beharrik hautemateko,
bere berean, dagoen dagoenean, eta bere zehatz-zehatzean,
oraindik ez dagerren gainontzeko guztiaren ohiartzuna ozen intuitzeko.
Nahiko erraz eta plazerekin segitu zaitut kasik amaieraraino. Bakarrik, azken paragrafoan galdu naiz, kultura faltaz seguraz ere.
Hala ere zalantzan nago intuizioak guk jakin gabe ez lezakeela ukan zer ikusi tipia gure arrazoibide inkontziente batekin.
Bai, Beñat, ziur aski diozun horretan ondo ari zara.
Azken parrafo horrek, atzean, mamia du gero…baina baliteke ni neu oso argia izan ez izana…
Arrazoibide inkontziente diozu, eta uste dut badakidala zer-edo esan nahi zenukeen horrekin…agian berez. berez, inkontziente ez, baina bai kontzeptuzko arrazoimen “neurtzailea” baino askoz zabalago eta lasusoagoa ere den adimena, agian sentimenetik ere duena. Adimena logika baino askoz haragoa doa, zioen Xavier Zubirik. Hortik doa hein batean.