Begiak, begiradak eta begi-keinuak
Begiak, begiradak eta begi-keinuak –
Xabier Etxaniz Rojok Irutxuluko Hitzan.
Miopea izan naiz txikitatik. 10 urte nituela jantzi nituen lehenengo aldiz betaurrekoak. Betaurreko handi eta karratu batzuk izan ziren lehenengoak, metalezko armazoi urrekara zutenak. Denboraren poderioz, beste betaurreko batzuek apaindu zuten nire soslaia: txikiagoak batzuk, pasta-armazoia zutenak besteak. Literatura idazten hasi nintzenean, betaurreko biribilak erosi nituen, antigoaleko idazleek erabiltzen zituzten horietakoak… Badakizue, idazle-piurak lagunduko zidalakoan…
Anoetarako itzulerari buruzko idatzi hau eskatu zidatenean, begirada aldatu beharko nuela pentsatu nuen, Realaren kamisetarekin batera idazle-begirada jantzi beharko nuela. Anoetara beti bezala joango nintzen, noski, baina adi-adi. Zinemaldiko argi-emaileen antzera, idazleok fokua aldatzen dugu helburuaren arabera, eta, nireak zelaian ez ezik harmailetako xehetasunetan ere behar zuen.
Pandemia malapartatu honek gauza asko lapurtu dizkigu. Besteak beste, Reala bertatik bertara ikusteko aukera. Baita lagunekin elkartzekoa ere. Zelaitik atera osteko potea hartzekoa. Huts egindako penaltia madarikatzekoa eta sartutako golarekin zoratzekoa.
Bai, badakit. Bizitza bera jokoan dagoenean, hutsaren hurrengoa.
Eta hala ere, zer nahi duzue nik esatea: honek guztiak luze jo du. Luzeegi.
Igandean pozarren sartu nintzen Anoetara, birusak lapurtutako zerbait berreskuratu izanak ematen duen pozaz. Betiko moduan, baiki, baina lehenengo aldia balitz bezala. Betiko begiradarekin, baiki, baina, begietan egindako ebakuntzari esker, lehenengo aldiz betaurrekorik gabe.
Begirada zaharra begi berriekin.
Pozarren sartu eta pozarren atera nintzen. Puntutxoarengatik bainoago, Realaren jokoarengatik. Baina baita emaitzarengatik ere. Izan ere, ederra izan zen Realak eta Sevillak eskaini zidaten begi-keinua. Bana berdintzeko aukera izanda, hutsean berdindu zuten.
0-0
Bi zero biribil-biribil, behinola erabili nituen idazle-betaurreko haien omenez.
Ez esan ederra izan ez zenik.