Barne protokoloak
-Barne protokoloak-
Aste iluna izaten ari da, edo dena ilun ikusten dut behintzat. Edo baliteke halakoetan dena ilun ikusteko joera izatea. Agian ordu aldaketaren errua ere izango da, eta neurrien murrizketek jendea goibelduko zuten, baina kasik ez dago inor kalean. Kasuek gora egiten dute, ospitaleen kolapsoaren mehatxua mahai gainean dago, lanpostuen ziurgabetasunak berriro gora egin du eta Covid gaitzean positibo eman dutenen gertuko kasuak ugaritu egin dira.
Testuinguru hau dela medio, gure kuadrillan barne protokolo bat garatu genuen bere garaian. Konfinamenduak eta noski, kontagioak ekiditeko barne arau propioak, zeinetan norberak inguruan PCR frogarik itxaroten dagoen kontakturik duen jakinarazi behar duen. Hots, aztarnariek konfinatzeko abisua eman ez badute ere, bada ezpada ere, kontaktuen kontaktua zarela jakinaraztea. Hala izatekotan, ordura arte kontakturik izan ez duen lagunak kuadrillako planera etorri nahi duen edo ez erabakitzeko.
Etorkizun distopiko bateko eszena izan zitekeen, baina ez, nire kuadrillan gertatzen ari da. Eta lagun bati afari batera ez etortzeko ere eskatu zaio. Eta nik nire gurasoei igande batean bazkaltzera joango ez nintzela esan nien: aurreko gauean egunerokoak ez ziren hamar bat lagunekin beteta zegoen jatetxe batean afaldu nuelako. Elkar ez egoteko mekanismoak dira horiek, kontaktuak jaisteko dinamikak asimilatuta ditugulako. Etxetik lanera, lanetik kontsumitzera, eta gero berriro etxera. Eta horrela asteak daramatzagu. Covid gaitzari beldurra diogu? Gure ingurukoak kutsatzeari? Kontagioaren kulpa sentitzeko beldur ere, akaso. Hauen jatorria eta horrenbestez, erruduntasuna aisian eta harreman afektiboetan oinarritzen dutelako etengabe.
Horregatik, barneratuta dudan protokoloak ikaratzen nau, zaintzaren argudiotik modu hain naturalean, jendearekiko kontaktua baztertzeko gai egin nauena. Ez diot egoerari bukaerarik ikusten eta gizarte bezala bihurtu garena eta bihurtuko garena ezagutzeak ikaratzen nau. Horregatik ikusten dut dena ilun, beltz, ezkor.