Bakarka egoten ikastea beti bakarka ez egoteko

Bakarka egoten ikastea beti bakarka ez egoteko – 

Bakarka egoten ikastea beti bakarka ez egoteko

Bakardadea hartu nahi dut hizpide gaurkoan. Ez legoke, baina, berorretarako abagunerik, ez zentzurik, gizakia izaki soziala, gizarterako jaioa ez balitz; hori aski ez, eta gizakia, bera berori izan aurrez, norbanako eta norbera izan baino lehen, gizartekoa eta gizartearena da, gizartearen baitako eta gizarteak, besteek, bizitzara ekarria. “Ez gera gure baitako” utzi zuen Jose Miguel Barandiaranek adierazia bere testamenduan, eta gerora Joseba Sarrionandiak bere egin eta bere liburuaren izenburutzat hartu. Sakonera eta jakinduria handikoa aipatu esan molde hori. Izanez ere, berorrek besteekiko, familiarekiko, lagun hurkoekiko eta, oro har, bizi gaituen gizarte eta kulturarekiko dugun berezko lotura du erakutsian jartzen. Ez gara inor bakarka, ez naiz inor neure bakarrean eta, Iñaki Segurolak bere hizkuntza peripeziaz esango zigukeen moduan, ni “naiz” esan bainoago, ni “nara” (naiz+gara) esan beharko genuke. Aurretiazko “besteekikotasun” jatorrizko honi ondo ere erreparatu zion Xavier Zubirik, eta ondo adierazi ere Sobre el hombre eta, berezi-bereziki, El hombre dimensión, indidividual, social e histórica izenburuetako bere obretan. Gizartea jada geure baita baitakoenean dago sartua jaio berriarengan, eta, bere giza- edo psike-bilakaeraz izango du gerora ume horrek bere norberatasunaren kontzientzia egunen batean, une hau bere eboluzioaren lorpen berebizikoa izango delarik, nahiz-eta beti oharkabean pasako zaigun. Ikusten dugu, hartaz, berez gizakiak gizartekoitasuna ez duela hautazko, berezko baizik. Gerora norbere “nor” hori zizelkatuz joatea izango da bizitza; arian-arian atergabe egiten ditugun ezin konta ahala hauturen bidez joango gara nor garen eraikitzen eta zehazten. Deslotze prozesu modukoa bada ere, batera, betiere, eta ezinbestean besteekin egin behar izango dugu geure burua.

Hau guztiau honela ere, orain bakardadea hartu nahi dut hizpide. Berau behar-beharrezkoa dugu zentzu batean, eta problema bat ere, saihestu beharreko zerbait ere, bestaldetik. Honen inguruan zera esan ohi zigun nire irakasle izandako batek: “Bakarka egoten ez dakien bat ikusten baduzue, malo!, baina baita beti bakarka dagoen bat ikusiz gero ere, malo!”. Erdibidean omen gakoa, esan ohi da; ez dut uste, dena den, honekikoan baina hortik doanik kontua; guztiz izaera ezberdinetako bakardadeez ari garela uste dut-eta nik. Bakarka egoten ez dakien horren bakardadea, izatez, berez, eta fisikoki, bakardadea izanik ere, horretan ez dakien horrek ez du bakardea bere sakonean, bere onean, ulertzen; bakardadean fisikoki bakarka egonda ere, bere buruarekin egingo luke topo, bere buruarekin bere soilean eta bakarka, eta hau ezinezko, jasanezin, itogarri egin dakioke. Bigarren kasuan aldiz, beti ere beti bakarka ibili ohi den horren kasuan, besterik da kontua, horri ez dakit nik bere burua eramangarri, jasangarri, egiten zaionetz, baina bistan dena beste honako hauxe geneukake: besteei, lagun hurkoei, gizarteari ez zaiola eramangarri. Bigarren kasua bezalakoak gogorrak dira zinez, eta gizakia, hein handi batean, des-gizatiartzen dute, errua edo zergatia norberarengan egon, gizartean egon, edo bi-bietan.

Noan baina ustezko osasun arrunt batetik bilatu beharko genukeen lehenengo kasuko bakardade suerte hori aintzat hartzera. Izanez ere, hala nago ni zin-zinez sinetsita; bakardadea beharrezkoa dugu oso, norbere buruaren sendagarri eta sendogarri dugu eta tarteka bilatu beharko genuke besteekin ere ondo egongo bagara. Bitoriano Gandiagak ondo jasotzen ditu bakardadearen onurak zera dioenean, “zarata batzuk eurengandik aldenduta hobeto entzuten dira”. Gizarterako dela gizakia aitortzen du Gandiagak, nahiz-eta halaber bakardadearen onurez ondo ohartu ere:

Gizona ez da bakarrik bizitzeko egina izan. Berez eta beharrez da gizartean bizitzekoa ta bizi beharrekoa. Baina gizartean, gizadiaren eta giza-bizitzaren barruko azterlari bezela, bakar-zaleak gizadiaren onerako dirala, derizkiot. Gizadi-itsasoan, itsas-barreneko bizitza, ta giroa, ta hondarra begietara ateratzen dizkigutenak dirala” (Hitz lauz idazten, 73. Orr.)

Gandiagak bakardadeaz idatzitakoa irakurrita, berorren onurez azpimarratutako zenbait ezaugarriz ohartuko gara. Bakardadean gauzen artetik gauzen barrura joango gara, begiak argi izango ditugularik norberarengana, esango digu. Bere burua nahiko zaio norberari bakardadean, eta han aurkituko du behar duen isiltasuna eta bere barneko ahotsa entzun ahal izateko behar duen giroa. Bakardadeak norberari begiak sakonagoak izanarazten dizkio, bere barrura itzul ditzan eta, ilusioaren gezurraz haraindi, gauzen itxurari bainoago, beren muinari lot dakion. Belarri bakartia nekez bizi da ilusioaren gezurretan; haren belarriak, gauzen zaratari baino, haiek zartatzen dituanari jarriagoak, beste horrenbeste, gauzen zaratari bainoago, beroiek zartatzen dituenari lotzen zaizkio.

Gandiagaren ikusian, baina, bakardadea ez da inondik behin betirako egoera, haren erabateko faltan egon beharko ez ginatekeen bezalaxe; bere aburuz, gizaki guztietan beharko luke batetik zein bestetik, pertsonaz pertsona neurri ezberdinez bada ere. Bestetik, Gandiagaren irudiko, are ondo lagunduta dagoen hori, are norbaitekin guztiz lotuta dagoen bat, finean, sakonean eta egiari zor ez legoke inondik ere beti beste horrekiko horren-horren lotuta egongo, eta, azkenerako, bere buruaren aurrez aurre dagoela konturatuko litzateke. Bestalde, Gandiagak beste zera honetaz ere ohartarazten digu bakardadeari dagokionean; bakardadea ez dugu zertan norberakoikeriarekin lotu, eta, esaterako, ustez are besteengana bere buru emanda bizi den horrengan eman badaiteke ere, beste horrenbeste esan liteke gizadiarengandik itxuraz bizi den horretaz, eta ikusi bere uneko aldentze horrek ekarriko diola gerora gizarteari bere onura.

Kontsumo eta aisialdi gizarte honetan Gandiagak esperimentatu zuen horretatik zerbait, edo hobe, asko, ondo letorkigukeelakoan nago. Denbora galtzen ikasi behar dugu, behar den bezala galdu ere, “bake lasaian eta patxada aprobetxagarrian egoten” (Kixote Mantxako, II, 64), hau da, bakardadean eta isiltasunean kalitate handiko gune eta une aurkitzen ikasi behar dugu, eta otium cum dignitate tradizio zaharretiko luxuaz dastatu. Bakardadea, isilezko bakardadea, indar pedagogiko handikoa da, eraldatzailea, bake emailea. Gure gizartean hitza eta ekintza dira soilik aitzat hartuak, baina horiek berea behar den moduan eman ahal izan dezaten, aurrez edo bateratsu, isiltasuna, apartatzea eta bakartzearen indar arazlea behar dute. Moteltzea, geldotzea, gerorakotzea, egonean egoneko begirada izatea…, hein horretan, bizitzaren sendagarri izango zaizkigu.

Ez dugu zertan ezer iritsi nahi izan. Ez dugu ezer konkistatu behar. Ez dugu zertan liburuetara, ez guruetara, jo behar. Bakardadeko eta bakarkako isilkako begiratzea bera berau bide eraldatzaile eta terapeutikoa da. Adi, bene-benetan eta bihotzez begiztatzeak dena bestelakotuko digu.

Bakarka egoten ikastea beti bakarka ez egoteko

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude