Ba al du zaratak zarata isilaraztea?

Ba al du zaratak zarata isilaraztea?

Ba al du zaratak zarata isilaraztea?

Aurkakoen artean omen borroka,
aurkariek omen dute jardun, zein berea lortu nahirik, zein baino zein,
zeinek besteari gain hartuko,
zeinek bestea mendean hartu,
zeinek bestea deuseztatu…
Arkakoen artean, nonbait.
Aurkarien artean, nonbait.

Berdinaren artean, bakea, aldiz.
Zerbait, haren berdina eratxikiz gero,
berori handitu,
den hori gehiago izanarazi.

Kontrako, izatez al da berez kontrako?
izatasunez al da ezer beste zerbaiten kontrako?,
zerizanez aurkako?
Zerk egiten du ezer beste ezeren kontrako?
Zerk bilakarazi aurkako?
Ba al du zaratak zarata isiltzea?
Ba al dago lehortzen duen urik?
Ba al du zaratak zarata isiltzea?

Munduaren suaren kontra diharduen surik balego,
hori nik gogoko dudan zarata litzateke,
ez suari su handiagoa gehitzen dion beste su bat,
ez su-masaren alde egingo lukeenik,
ez suari berea aitortuko eta bermatuko liokeen surik…


Isiltasuna dakarren zalaparta irrikatzen dut nik!

Nik irrikatzen dudan zalaparta guztiz bestelakoa da,
kanpo zalaparta eta uholde presazkoa urratuko lukeenen nire zartada propioa,
kanpo zalapartari gainez egingo liokeen nire zalaparta,
kanpo zarata itogarriari gaina hartu nahi liokeen nire zarata bakegilea,
lehortu xedez dabilen ur-korrenteak bezalakoxea,
iraungi asmoz dabilen sutxoak antzo…

Ba al dago, sua izan gabe, sua, sua izaten ahalbidetzen duen ezer?
Ba al dago, ura izan gabe, ura, ura izaten ahalbidetzen duen ezer?
Eta zarata izan gabe, zaratarako nahitaezkoa ezer?
Eta korrika iheskorraren baitan egonean dagoen ezer?

Ameslari inozoegia ni ote?
Inozoegia ote, nire korrika zalapartatsu horretan itxaropentsu?
Lasaitasun-irrikaz aztoramendu horretara neure burua guztiz emanda,
gelditu-asmotan ezin azkarrago nabilen honetan,
isiltasunaren bila gero eta ozenago dihardudan honetan,
inozoetan inozoena ni ote?

Ez dakit dagoen ala ez,
lehortzen duen urik ote dagoen,
lasaitzen duen aztoramendurik ote dagoen,
geldiarazten duen mugimendurik ote dagoen,
Ez dakit horrelakorik posible ote den.
Posible dela zait burutik pasa,
posible, posible dela,
ezin-ezinezko iriztearekin kasik bateratsu,
“kasik” delako horretatik zait irristatu, labaindu,
zait gertagarri iruditu…

Ba al du zaratak zarata isilaraztea?

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.