Asteazken madarikatu hartan. PART III

Garaipen hark puztuta, Tomas eta udaletxeko langilea harroputz aritu ziren, gandorra tente, taldeko besteen iritzi zein usteak mespretxatuz. Batekin ez zenean bestearekin eztabaidatzen zuten, eta ordu pare baten bueltan taldea guztiz zatituta zegoen: alde batetik Tomas (lehendakaria) eta udaletxeko langilea (idazkaria) zeuden, eta bestetik bokal guztiak, ni neu barne. Txakurra eta katuaren pare ibili ginen: guk arre esaten bagenuen, haiek so, haiek joan nahi bazuten, guk etorri, kontua eztabaidatzea zen, gaia edozein izanda ere. Eta eztabaidaren gori-gorian, Tomasek gure little boy edo fat man partikularra jaurti zuen, gerra zibilaren atarian utziko gintuena: bere ustez, Miguel Angelen David eskultura gogoko duten gizon guztiak homosexualak dira. Marikoi zikinak, bere hitzetan. Eta ez hori bakarrik. Berari, gehitu zuen, tamaina hartako zakil, barrabil eta ipurtaldea ikusteak nazka eta botaka gurea eragiten zion. Hori artelana ez, artekaka zela. Tomasek ondo baino hobeto zekien liztorra non sartu, mina non eman;  ni herriko “Michelangelo di Lodovico Buonarroti Simoni herria zurekin” elkarteko lehendakaria naiz, eta artista handia nire idolo totala da. Elkartearen zeregina, laburbiltze aldera, antzeko beste edozein elkarteren antzekoa da: artista handi horren obra eta bizitza goratzen dugu, gizaldi eta gizaldi guztietan, amen, Errioxara irteerak eta aldikako bertso afariak antolatuz. Elkartea nire bizitzako leit motiv-a da, eta ez nuen inolaz ere modu anker hartan iraindua izatea ametituko.  Miguel Angelen Davidak nazka eragin? Izugarrikeria handiagorik!!! Nigatik izan balitz bertan jo ta akabatuko nukeen lapiko txiki putakumea, baina talde baten baitan zaudenean onena erabakiak denon artean hartzea da. Horregatik, larrialdi kabinetearen bilera eten eta irain hura aztertuko zuen larrialdiko beste bilera batera deitu nuen taldea. Tomasek eta udaletxeko langileak ez zuten proposamena onartu, bilerak deitzeko eskumena lehendakariarena zela argudiatuz. Egoera ikusita, beste bilera bat antolatzea erabaki nuen, ber bilera bat, nolabait esatearren, oraingoan klandestinoa, Tomas eta udaletxeko langilea gonbidapenetik kanpo utziz, noski. Geunden mahaitik jaiki, eta Tomas eta udaletxeko langilea bertan utzita, alboko mahaira joan ginen. Horrek, funtsean, taldearen desegitea eragin zuen.  Ber bilera hartan larrialdi kabinete ofiziala utzi eta gure larrialdi kabinete propioa osatzea erabaki genuen. Lehenik eta behin, talde sortu berriari izena bilatu behar genion, bestearengandik bereizteko. Hainbat proposamen plazaratu ziren, baina azkenean usteldutako haginarenak aurrera egin zuen: Pedro Mari. Taldea Pedro Mari deituko zen. Bere aitonaren omenez edo. Larrialdi kabinete ofizialista alde batetik, Pedro Mari taldea bestetik. Titi berak elikatutako semeak elkarri mokoka. Cain eta Abelen kontu zaharra. Funtsean, bi taldeon helburua berdina bazen ere, lehoia ehizatu eta zaurituak artatzea, gure arteko ezinikusia gero eta handiagoa zen. Balizko elkarlan baterako zubi guztiak birrinduta zeuden. Lagun izandakoak etsai bilakatu ginen. Haiek legea eta boterea alde bazuten, guk, aldiz, tabernaria gure fakzioan izanda, lokala eta alkohola genituen. Eta hori kriston abantaila zen. Hasteko, Tomas eta udaletxeko langilea etsaiaren mendeko lurretan zeuden. Eta hori guretzat onartezina zen. Hala ere, ezin genituen nola hala kale gorrian utzi. Gerra kontseilu batean aztertu beharreko gaia zen:

Hor nonbait lehoi gosetu bat zebilen, herrian zehar galduta, eta heriotza ziurra zen. Gure taldearen funtsa giza eskubide guztien defentsa izanda, aurkariak heriotzara kondenatzeak ez zuen batere zentzurik. Horregatik zera proposatu nuen: bietako bat kalera botako genuen, gure mendeku gose zilegizkoa asetzeko, besteari tabernan geratzeko aukera emango genion bitartean, komunean itxita, hori bai. Pedro Mari taldeko beste kideak ados egon ziren. Tomas eta udaletxeko langileari ere gizalegezko erabakia iruditu zitzaien, eta belarriez txalotu zuten, hunkituta. Egin beharrekoa argi zegoen. Kondenatua aukeratzeko tenorea zen. Ni duda mudatan ibili nintzen. Alde batetik Tomas hilda ikusi nahi nuen, Michelangelo di Lodovico Buonarroti Simoniren aurkako hitz gogorrek zigorra merezi  baitzuten, baina bestetik banekien mozkor hura zela nire duda meta literarioa argitu zezakeen bakarra. Udaletxeko langilea aldiz, funtzionarioa zen, eta hori bakarrik bazen heriotzara kondenatzeko nahikoa motibo. Zer erabaki ezinik nengoen. Ingurura begiratu nuen. Taldekideen aurpegietan nire kezka bera islatzen zen. Usteldutako haginak larrialdi egoera batean geundela gogorarazi zigun guztioi. Ezin genuen erabakia gehiago luzatu. Zirt edo zart egiteko unea zen. Beeeeeeeeeeeeeeee! Tomasen begi alperra ere behingoagatik adi zegoen, gure gainean jarrita. Azkenerako, erabaki gogor bezain justua hartu behar izan genuen: bien artean erabaki ezin genuenez, biak botako genituen kanpora. Ez zegoen beste irtenbiderik, biak tabernan uztea militarki onartezina baitzen. Tomasek ondo hartu zuen erabakia, hijo de puta batzuk gora, traidore zikin asko behera.  Udaletxeko langileak aldiz, traba asko jarri zituen. Hasteko, ez zegoen lehoi baten hatzaparretan hiltzeko prest, txikitatik Erreal zalea zelako, eta hiltzera doan kondenatu orok nahi duen moduan hiltzeko eskubidea aldarrikatu zuen.  Baietz erantzun genion, gauzak azkartze aldera. Inolaz ere espero ezin genezakeena bere erantzuna izan zen: Niagarako ur jauzietatik salto eginda hil nahi zuen. Nik ezezko borobila eman nuen, ez genuelako hori guztia prestatzeko denborarik. Hor kanpoan, errepidean, zaurituak gure laguntzaren zain zeuden, eta ezin ginen gehiago berantetsi. Tabernako zerbitzariak eta usteldutako haginak, nire argudioak ulertzen zituzten arren, giza eskubideen defentsa ororen gainetik zegoela iritzita, udaletxeko langilearen eskakizuna onartu behar zela uste zuten. Amore eman nuen. Eztabaidatzeaz neka-neka eginda nengoen. Udaletxeko langilearen bidaia prestatzea tabernariari egokitu zitzaion. Bere Black Berry-an hegaldiak, egonaldia etab bilatuko zituen, trukean udaletxeko langileak bertan hiltzeko konpromisoa hartzen bazuen. Udaletxeko langilea dena sinatzeko prest agertu zen. Bost puntuko agiria prestatu nuen:

1-      Pedro Mari larrialdi taldeak, Gerra kontseilu justu bezain gizatiar baten ondoren, udaletxeko langilea hiltzera zigortu duela.

2-      Hiltzera kondenatuak Niagarako ur jauzietatik salto eginda hiltzea aldarrikatzen duela.

3-      Pedro Mari taldeak eskakizuna onartzen duela, trukean udaletxeko idazkariak hiltzeko konpromiso idatzia hartzen badu.

4-      Bidaia gauzatu bitartean udaletxeko langilea taberna barruan geratuko dela, baina ezin izango duela edozein motatako ekintza politiko zein militarretan parte hartu.

5-      Aurretik idatzitako punturen bat betetzen ez bada, bai Pedro Mari taldeak zein udaletxeko langileak edo bere oinordekoek epaitegietara joateko eskubidea eta bete beharra izango dutela.        

Odolez sinatzea erabaki genuen, boligraforik aurkitu ez genuelako. Ni lehena izan nintzen. Nire atzetik udaletxeko langilea eta tabernaria joan ziren. Sinatzen falta zen bakarra usteldutako hagina zen. Baina usteldutako hagina ez zen bere lekutik mugitu. Zer gertatzen zitzaion galdetu nion. Itxura txarra zuen, baina hori normala zen,  usteldutako hagin bat zelako. Zorabiatuta zegoela erantzun zidan. Jesarleku bat eskaini nion, bertan eser zedin. Erantzuteko betarik gabe, kordea galdu eta usteldutako hagina  lurrera erori zen. Hiru puntako kapela amilka erori eta Tomasen oinen artean lur hartu zuen. Tomasek, bertan ikustean, irribarre egin zuen, ahoan geratzen zitzaizkion lau haginak harro erakutsiz. Ondoren, kapela indarrez zapaldu zuen, behin eta berriz, amorru berebizikoz. Usteldutako haginari zion herra erakusteko modua zen. Kafesne koloreko ardia bertara hurbildu eta kapela jaten hasi zen. Besteok, bitartean, usteldutako haginarengana hurbildu ginen, larrituta. “Ez du pultsurik!”. “Baina, haginek pultsua izaten dute?”. “ Ez dakit!”. “ Eta bihotza?”. “ Nor, Margari? Oraindik lanean egongo da”. “ Ez! Ea haginek bihotzik duten”.  “ Ez dut uste”. “ Zergatik diozu?”. “ Bihotzik balute ez luketelako jendea hain erraz botata utziko. Zuk badakizu inplante batek zenbat balio duen?”. “ Zer esango didazu ba! Nire semearen giltzurrun bat saldu behar izan nuen nireak ordaintzeko”. “ Eta zer moduz?”. “ Semea?”. “ Ez, ez ,inplanteak”. “Beno, ba…” “ Aizue, badirudi esnatzera doala”.  Tabernaria barrara hurbildu eta bertatik ur botila batekin bueltatu zen. Usteldutako hagina zer edo zer murmurikatzen ari zen. Tabernako jabeak goitik behera busti zuen. Horrek usteldutako hagina guztiz esnarazi zuen. Lurretik jaikitzen lagundu genion. Zer gertatu zitzaion galdetu nionean usteldutako haginak goibel erantzun zuen, ahots hari mehe batez: “Hemofilikoa naiz”. Horregatik zorabiatu zen? Tomas barrezka hasi zen, isekari. Hemofiliko bat Pedro Mari taldean? Aztertu beharreko gaia zen. Egia esateko, ez nekien zer zen larriagoa, gaitza bera, edo gertatzen zitzaiona guri ezkutatu izana. Gu guda zibil baten erdian, eta hemofiliko bat gure taldean. Hemofiliko bat! “ Aizu, zer da hemofilia?” galdetu nion tabernariari ahapeka. “ Hemofilikoak okelik jaten ez dutenak dira. Barazki, zuhaitz eta landarez elikatzen direla uste dut”. Ostias! Egoera uste baino larriagoa zen. Usteldutako hagina goitik behera behatu nuen, jesarleku batean esertzen zen bitartean. Eta ikusi nuena zera izan zen: traidore bat, letra guztiekin. Gainera, eta hau inori sekula aitortu ez diodan kontua da, antolagnioa eta dendrofiloa naiz.  Landareak, loreak, zuhaitzak etab biziki maite ditut, eta ez dut haien hilketa ametitzen,  eta are gutxiago hagin usteldu bat elikatzeko bada! Onena usteldutako haginak ere kanporanzko bidea hartzea zen. Tabernako jabea ados egon zen. Gerra kontseilu inprobisatuak minutu t,erdi iraun zuen. Usteldutako haginari bere burua zuritzeko aukera eman genionean ez zuen deus esan, bere gaitzaz lotsaturik. Duintasun arrastoren bat geratzen zitzaion seinale.

Bazegoen, hala ere, kezkatzen ninduen kontu bat: Pedro Mari taldea jenderik gabe geratzen ari zen. Tomas, udaletxeko langilea eta usteldutako hagina taldetik kanporatu ondoren, tabernaria eta biok partaide bakarrak ginen. Kafesne koloreko ardia taldean sartzea proposatu nion tabernariari, baina ez zitzaion ideia ona iruditu. Kontakatilu samarra zela iruditzen zitzaion, sekretu bat gordetzen ez dakien horietakoa. Ez nuen ezer gehiago gehitu. Azken finean, momentu hartan garrantzitsuena gure erabakiak aurrera eramatea zen. Lehenik eta behin, hiru traidoreen sententziak  betearazi behar genituen, eta gero gerokoak. Tabernariak erlojua begiratu zuen. Gaueko zortzi t,erdiak  ziren. Kanpoan iluntzen ari zuen. Martxan jartzeko ordua zen, lehoia ilunpetan bilatzea ezinezkoa izango baitzen. Tabernaria eta biok prestaketekin hasi ginen. Lehenik eta behin udaletxeko langilea komunean itxita utzi genuen, atean giltzarrapoa botaz. Ez zuen protesta egin. Sinatutakoa hitzez hitz beteko zuela argitu zigun. Bere hegaldia biharamunean irteten zen: Bilbao-Leon, Leon-Gasteiz, Gasteiz-Hamburgo, Hamburgo- Islamabad, Islamabad- New York. Low cost, badakizue.

Ondoren Tomas eta usteldutako haginaren txanda heldu zen. Banan banan irtengo ziren, hiru minutuko tarteaz. Irteten lehena Tomas izan zen. Orduko hartan aitortu nahi izan ez nuen arren, hunkigarria izan zen. Gure arteko arazoak gora behera, Tomas txikitatik ezagutzen nuen, herriko mozkorra zen, eta horregatik bakarrik errespetua merezi zuen. Patxaran botila esku batekin hartu eta atetik metro batzuetara jarri zen, aurrez aurre. Ondoren oinez hasi zen, astiro baina irmo. Tabernako jabeak Tomasen abesti gogokoena jarri zuen, bulería, bulería, tan dentro del alma mía. Es la sangre de la tierra en que nací. Bulería, bulería, más te quiero cada dia. De ti vivo enamorado desde que te ví. Atearen parera heltzean Tomasek ez zuen atzera begiratu. Atea ireki eta erditzen ari zen gauean murgildu zen, David Bisbalen abestia ezpain artean txistukatzen zuelarik. Duintasun haren aurrean ez nuen toles egitea beste erremediorik izan. Malko batek ihes egin zidan, baina berehalakoan harrapatu nuen. Ez nuen kafesne koloreko ardiarekin gertatutakoa errepikatzerik nahi. Hala ere, abailduta sentitu nintzen. Hasiera-hasieratik egoera hura ekiditen saiatu nintzen arren, dagoeneko ez zegoen atzera bueltarik, norabide bakarreko errepidean gindoazen.

Usteldutako haginarekin ez genuen hainbesteko begirunerik izan. Ez zuen merezi. Leiho bat ireki eta bertatik bota genuen. Atezuan geratu ginen, haginak lurra kolpatu bitartean. Mila zatitan birrintzean egin zuen zarata entzun genuen. Ez zen samurra izan, ez horixe. Isiltasun erabatekoak taberna besarkatu zuen, estu, estuegi, kafesne koloreko ardiak bere iritzia eman zuen arte: beeeeee! Horrek ez zuen giroa arindu. Trago baten beharrean geunden.

Txupito pare baten ondoren ere ez zitzaigun gertutakoa burutik kentzen. Eman beharreko hurrengo pausuez eztabaidatu genuen, labur baina sakon,  eta onena tarte labur batez atseden hartzea zela erabaki genuen. Larrialdi talde bat ginen arren, gertatutakoa mastekatu eta irensteko denbora behar genuen. Eta kafesne koloreko ardiak ez gertatukoa bakarrik, usteldutako haginaren hiru puntako kapela ere irentsi behar zuen, eta hori ez zen gauerdiko ahuntzaren eztula izango, momentu hartan jakin genuenez hiru puntako kapela imitazioa baitzen, kalitate eskasekoa gainera, txinatar batean erositakoa edo. Usteldutako hagina tamaina hartako iruzurra suertatu izana oso mingarria egin zitzaigun. Taldearentzat berak proposatutako izena onartu genuen! “Batek daki ” esan zuen tabernariak  “agian ez zen usteldutako hagin bat, eta dena Tomasen ahotik ihes egiteko asmatu zuen”. Hipotesi hura egia izan zitekeela pentsatze hutsak nazka eragiten zidan. Beste txupito erronda bat atera eta trago bakarrean edan ondoren bakoitza bere baitara bildu zen. Isiltasunak pisua, bolumena eta masa hartu zuen, eta tabernan fisikan aditurik ez zegoenez zer egin jakin gabe geratu ginen. Tabernako jabeak orduan, isiltasun jasangaitz hura nola-ahala uxatu nahian, telebistaren bolumena igo zuen, teleberria hasten zen momentuan bertan. “Gaur goizean zirkuko kamioi batek istripua izan du Bizkaiko Z herrian, eta lehoi batek bere kaiolatik  ihes egin du. Larrialdi zerbitzuen lan azkarrari esker hiru zaurituak kamiotik atera eta ospitalera eraman dituzte. Dagoeneko arriskutik kanpo daude. Beste alde batetik, lehoia ordu pare baten bueltan ehizatu dute, bizirik eta onik. Zirkuko agintariek adierazi dutenez, lehoia ez zen batere arriskutsua, beganoa delako.”

Berria entzutean harri eta zur geratu nintzen. “ Beganoa? Zer da hori?” galdetu nion tabernako jabeari. “ Odolari fobia diotenak dira”. “Ah, kuriosoa”. “ Bai, ez da ohikoa”.  “Aizu, azken galdera bat?”. “Bota”. “ Fikzioa, edo auto fikzioa?”. “Hori kontu potoloa da. Hobe bihar goizean Tomasi galdetzen badiozu”. “ Gaur gertatu denaren ondoren, etorriko dela uste duzu?”. “Alkoholikoa da. Esnatzean ez da gaurkoaz gogoratuko”. “ Eta udaletxeko langileak esaten badio?”. “ Lasai, hegaldia goizean goiz irteten da. Ez dute elkarrekin egoteko paradarik izango”. “Primeran, orduan banoa, afaltzeko ordua da. Agur”. “ Beee”.

EZ DU JARRAITUKO…

MARTITZENA 13