Aspasia Miletokoa

Aspasia Miletokoa –

Hitza bihotzaren giltza da. Zenbat eta eztiago, orduan eta eragin handiagoa lortuko du. Baina, gehiegizko hitz jarioa ur bitsetan doa. Esamoldeak ez dira nireak. Gotzon Garatek bildutakoak baizik. Ederki islatzen dute hitzak betidanik izan duen boterea, duen ahalmena, duen irismena. Egoerak deskribatzeko, pertsonak kalifikatzeko, baita maitasuna edo gorrotoa zabaltzeko ere.

Aspasia Miletokoa

Hitzak diskurtsoaren ardatz dira. Testu honen azala eta mamia ere. Baita legamia ere. Horregatik da hain zaila diskurtso on bat egitea, mintzaldi indartsu bat burutzea, jendea jarlekutik zutituko duen alegatua egitea. Gaur egun politikariak diskurtso-egile nagusiak dira. Batzuk abilagoak dira besteak baino. Batzuk traketsak dira, baita irakurtzeko ere. Zer esanik ez, euskara menperatzen ez badute. Sukaldeko lana nork egin duen berehala antzematen da. Komunikabideen aurrean beraiek —politikariek— bereganatzen dute protagonismo osoa. Baina, sarritan, diskurtso horiek ez dituzte beraiek egin, beren aholkulariek —direla komunikazio arduradunak edo kabinete buruak— baizik. Benetako egileak, egiazko intelektualak, fokutik at daude, boterearen itzalean.

“Periklesen bigarren emaztea izan zen. Hetaira bat, luxuzko prostituta bat”

Horrela izan da beti, baina injustua da. Esaterako, har ezazue gogoan Perikles. Bai, Perikles, Atenasko urrezko garaia ardaztu zuen politikaria, demokraziaren fundatzailea. Gudari trebe eta hizlari fin bezala historiara pasatu den gizona. Bada, ba al zenekiten Periklesen diskurtsoak ez zituela berak idatzi baizik eta Aspasia Miletokoak? Horrela dokumentatu dute hainbat iturrik, baita Platonek berak ere. Aspasiaren figura liluragarria bezain ahaztua da. Periklesen bigarren emaztea izan zen. Hetaira bat, luxuzko prostituta bat. Oso emakume kultua izateaz gain, hizlari eta maistra aparta izan zen. Bere kezka hezkuntza emakume guztiengana zabaltzea zen. Filosofoa ere bazen, baita errebeldea ere. Oraingo feminista bat. Horregatik jasan zuen orduko gizon garrantzitsuenen mespretxua. Baina oso librea izan zen beti eta azkarra. Baztertua izan zen, kanpotarra izateagatik eta puta izateagatik. Historiara ez da pasa, baina orain gugan datza.

Hori guztia Irene Vallejori esker jakin dut nik udara honetan. Infinitua ihi batean liburuan dituzue xehetasun gehiago. Liburuen historiari buruzko liburu ederra da.

alean argitaratua

Aspasia Miletokoa

Kazetaritzan doktorea eta gizarte komunikazioan ikertzailea, EHU

3 pentsamendu “Aspasia Miletokoa”-ri buruz

  • Osso personadde interessanta da Aspasia. Nere ustez, hetaira hitza ez da behar beçala ulercen, aguian… moral catholicoac eçarcen duen ikusmen… murritzagatic.

    Hetaira ez da prostituta… ez da ere puta… eta are gutiago urdanga edo emagaldua. Urdangac eta emagalduac dira… içatecotan, icen bi haiec asmatu eta erabilcen dituztenen amac, arrebac, ahizpac eta alhabac… Argui guera dadila, bi icen nazcagarri haiec (emagaldua eta urdanga) ipso facto eliminatu behar liratequeela hizteguietatic… borthizqui balitz ere. Hori bai da, berce haimbatequin baterat, gure hizcunçac daducan maledictione latza !

    Hetairac gure historia hurbilean… Halaco berce hetaira bat duquegu XVIII mendean, Luis XV Franciaco reguearen (eta Naffarroaco regue ere) lagun mina Jeanne-Antoinette Poisson : Madame de Pompadour. Berce bat, Maria Pilar de Acedo y sarria ; azquen haur euscalduna eta tolosarra… XIX mendean, Jose Bonaparte Espainiaco lehen regue constitutionalaren maitale içan cena.

    Nola ikusten dira halaco emacumeac masochismo christautic ? Berdin serora edo aphaiz batec, cein ere moduzco parroquiano chincho beçain cateto batec, halaco emacumeac liçun beçala ikusten badu, bada buruan sartu deraucoten moral hypocrita baten ondorioz.

    Halaco emacumeec eraguin içugarri handia daducate historian. Ez dira eçagunac ? Bon, catetoençat ez dira eçagunac, bainan berez ba dira eçagunac. Eta euren eraguina ere. Europan badira eçagunac. Gaur egungo femminismoac personadde hauec revindica litzaque, bainan tira, ez dut nic erranen cer eguin behar duten femministec. Emacume elitistac dira hauec, patatin… Neretzat behintzat, emacume hauec miresmen handia mereci dute, eta neretzat badaducate.

    Krutwigec Belatzen Baratza bere romanean, halaco emacumeen sare bat sartzen du : Harbelnoren Amazônac, Harbelnoren guerrilariac edo Sarkunac. Hetairac eredu, ethorquiçuneco guiçartean elite socialean eraguingo duten jaquinça maila altuco emacume antholatu batzuec aurrera eramaten duten eguitasmo civilizatorioa. 70. hamarcadan idatzia.

    Milla esquer, Chema, Aspasia handia honat ekarceagatic !

    Adeitsuqui

  • Txema Ramirez de la Piscina 2024-10-02 18:23

    Mila esker Alexandre nire iritzia osatzeagatik

  • Datorren urtetik aurrera Filosofiaren Historiako programazio ofizialean sartuko da Aspasia, batxilergoko bigarren mailan. Garazi Pascualek lan bikaina egin du Aspasiari buruzko ikasmateriala prestatzen. Eima-ren katalogoan dago:

    https://eimakatalogoa.eus/vufind/Record/62506

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude