Asko dira, baina ez dira guztiak inondik ere!

Asko dira, baina ez dira guztiak inondik ere! – 

Denak direla uste izango duzu, den-denak. Oker zaude baina, zuzengabe. Ikusi edo burutan hartuak dituzun horiek ziur asko gehiengoa izango dira edo osatuko dute. Baina ez dira denak, ez dira guztiak. Aldea dago, alde handia gero, uste duzun hori eta benetan den horren artean. Guztiak (edo denak) eta gehiengoaren artean badago alderik, aldetxo bat, gutxiengoa da ziurrenik diferentzia; kontua baina ez da hori. Besterik da kontua, oso besterik. Asko dira edo, izan, izan litezke, baina, halere, denak, guztiak ez izan.

Zu, kalera ateratzen zarenetan, banan-banan pasatzen direla zure aurretik ikusiko duzu, banan-banan, kotxez edo oinez, edota pasa ez, eta egonean egonda zure mutur aurreko paisaia gizakiz bete. Nor bakoitza hor dago, bere kaxaka hor dago eta hor dakusazu, bere itxura, aurpegia, janzkera eta norbanakotzen duen ez dakit zenbat ezaugarri dituelarik.

Goizelehena duzu, igandea, igande-goizlehena gaurkoan. Gazte-jende asko ikusgai, batzuk bere kaxaka, bestetzuk, aldiz, arteldarako lotura-itxuraz. Zeinek jakin zinetan noruntz doan nor bakoitza. Batzuk diskotekatik atera berritango gorputz ezin astinduago eta abailduagoren itxura guztia dutela, beste batzuk gelaren bat edo beste oraindik duen kristalezko edalontzi bat eskuan dutelarik, azken batzuk, bestelako itxura lasaixeago batez, autobus zain, aurikularrez entzundako musika gogaikarriaren erritmoarekin bat egin nahian-edo zangoak edota burua hara eta hona mugituta,… antza, den-denak, guztiak, oso pozik euren egoeraz. Polizia patruila bueltaka ustez hor dauden guztien zaindari. Okina lanera bidean ziztuan, ahalik eta lasterren kalea abandonatu nahian…

Eman beharreko pasealdia emango duzu eta, etxera bueltan, guztiz bestelakoa izango da kale-paisaia. Orain erritmo biziko hiria duzu mutur aurrean, estres handiko jende andanarena. Zarata, mugimendua, estresa, ezin emana…

Etxera jada bueltatuta, hausnaketatxo bati ekin diozu. A zer panorama, ikusitakoa! Hori da hori zirkoa bizitza-mundu normaltzat dugun horrena! Ikusitako jende guztiaren aurpegiak, zer-nolakoak, jarrerak eta jardunak zeure gogora ekartzen ahalegintzen ari zara, banan-banan, guzti-guztiak burutan hartzen. Guztiak dituzu jada, hori uste duzu behintzat. Horietan oinarri hartuta, “Nola dagoen mundua, zer gaizki!”, pentsatzen duzu zeure kolkorako. Guztiak daude oso gaizki, ikusitako guztiak eta, horiez gain, munduko guzti-guztiak ere, proiekzioz. A zer panorama!

Zeu ez zarela beraietako, pentsatzen duzu hurren. Guzti-guztiak dira, baina zeu ez zaude euren artean. Ez dakit nolatan baina. Halere, zuri bost, zu zure batean. Guzti-guztiak hor, zuretzat desgogoko, eta zu hor, nazioarteko ikusle ez inongoa antzo… Ez zaitez egaina baina, ez dira guztiak, ez dira denak, ez, asko, gehienera jota… Eta asko izanez gero, gehiengoa ziurrenera, edo akaso ezta hori ere, akaso, asko-itxuripean, gutxi ere izan litezke eta hortaz gutxiengoa… joan eta jakin!, gutxi edo asko-asko, sekulan ez denak, sekulan ez guztiak…

Hor duzu zure balizko egitekoa edo zure zeregina, edo ez du zertan, eta ez ur ez ardo jarreraz aritu zintezke, eta egonean baino ez egon, nazioarteko ikusle otzan ez-arriskutsu antzo. Baina, jakizu!, gogoan izan!, ez dira denak inondik, ez dira guztiak, gehienera jota, asko.

Asko dira, baina ez dira guztiak inondik ere!

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Zer duzu buruan “Asko dira, baina ez dira guztiak inondik ere!”-ri buruz

  • Ez direla denak, hori da esperantza. Hortaz egizu, lanari ekin. Ez naiz bakarra. Gutxi izanagatik ere asko gara. Asko gara, baina hori ziutatzeko eta elkarlanari ekiteko ezagutu eta topatu egin behar da. Ireki begiak, ezagutzak egin, sareak heda. Aupa!!!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude