Askatasunaren aurki eta ifrentzua

Askatasunaren aurki eta ifrentzua –

Askatasuna, Santxo, zeruak gizonari opa liezaiokeen dohainik dohainenetakoa da; ez du lurrak gordetzen ezta itsasoak estaltzen, harekin berdindu daitekeen gordailurik; askatasunagatik, norbere izenaren onagatik bezala, bizitza bera jarri daiteke arriskuan eta, jarri ere, jarri behar egin behar da; eta, alderantziz, gatibu izatea da, gizakiari etor lekiokeen gaitzik handiena” (Don Kijote Mantxako II, 58).

Askatasunean errotua egon edo ez ebazten da gizatasuna. Gaizki ulertutako askatasuna da, dena den, maizenean egungo egunean izen horrez ahotik ahora darabilgun guztiz bestelako zerbait. Izanez ere, gauza asko lotzen ditugu askatasunarekin, hala nola, hau eta beste egin ahal izateko honelako edo halako antze fisikoa, hara eta hona, hemen edo han egoteko ahalmena, nahi dugun hori guztiori, are, orain nahi ezean ere, inoizko batean, nahi izatekotan, nahi izan genezakeen hori guztiori lortu ahal izatea… Horrekin guztiorrekin lotzen dugu askatasuna, askatasun guztizkoa aakaso ez bada, gutxienez askatasun zabal-zabaltzat geneukakeen hori. Ahalmen, gaitasun, egin ahal izate horiek guztiak, hor daude, gehien-gehienetan askatasunaren adierazgarri eta seinale. Alabaina, tronpatzen gara askatasunaren ulerpenaz; gehienetan askatasuna baliatuta egin genezakeen hori guztiori askatasunarekin berarekin nahasi ohi dugu. Eta, hortaz, zenbat eta aukera gehiago izan, zenbat eta hautu gehiago egin ahal izan, orduan eta askatasun maila handiagoren jabedun garela pentsatu ohi dugu.

Eta eskema horren bidez gure errealitatea begiztatzen hasita, zoriontasunarekin egin ohi dugun antzeko zer edo zer egiten dugu askatasunarekin, alegia, horren gainean hausnartzen jarrita, berorren maila altua edo baxua den esateko orduan, berorrekikoan faltan dugunari erreparatzen diogu gehienbat, berez dugunari bainoago. Eta, hortaz, beti jo ohi dugu goibel pentsatzera, aske ez garela pentsatzera, zoriontsua ez garela pentsatzera jo ohi dugun antzera.

Badago, dena den, nire ustetan, barne askatasun dei dezakegun bat, sekulan ebatsi ezin daitekeena kanpotik, eta, horren arabera, kanporako ekintzetarako ezinak ezin, mugak muga tarteko ere, beti egongo gara geure buruaren determinazioaren gainean egotera deituak. Ezintasunak ezintasun, izan askatasunaren direnak direlako pribazioen eraginez, izan gaixoaldien, ezintze-fisikoen eta zahartzeak berekin dakartzanen eraginez, beti izango gara interpelatuak dena delako determinazio horren aurrez aurre honela edo beste halako jarreraz egoeraren ardura hartzera. “Ahalmen eta determinazioaren” arteko bitarikotasun hori dugu askatasuna, bi-biak askatasunaren aurki eta ifrentzu ditugu.

Areago esango nuke nik, ahalmen-determinazio bitarikotasun horretan ahalmena txiki-txikia denean, estu-estutua dagoenetan, eta, hortaz, determinazioa, aldiz, pisu-pisutsua eta guztiz determinatzailea, orduan, hain justu, ematen da bere bete-betean aipatu barne askatasun hori. Guztiz ezindua zaudenean, zara zinetan interpelatua saihestu ezinezko zaizun patu beltz-ilun horri jarrera zintzoz egitera.

Preso,
Gatibu,
Eskuez lotuta,
begiak estalita,
kartzela zulo isolatu ilun eta ezinago tristera derrigor-behartuta,
heriotza gain-gainean duzularik…
Hor ere zara libre,
hor bereziki eta batez ere zara aske.
Zure bizitzarekin deusik ere egiterik ez duzun horrelako horretan,
zara deigarriki libre,

Hor zarelako astintzen.
Hor inoizkorik sakonen, inoizkorik irmoen,
duzulako interpretatzen eta gaitzesten zure patu ezin beltzago hau.
Hor zarelako amorrurik amorratuenez errebelatzen,
ez zenukeelako inolaz onartuko zure larrutan horrelako bidegabekeriarik,
horregatik guztiarengatik hain justu zara libre eta aske,

Jipoitua, gatibu, hilkizun zarela,
patu beltzenaren aurre-aurrean,
Axolakaitz, ezaxola ez zarelako inondik, inolaz eta inoiz izango,
Horregatik zara libre, ezinbestez libre.

Askatasunaren aurki eta ifrentzua

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude