Arrazoimen logikoaz harago, den-dena
Arrazoiomen logikoaz harago den-dena –
Logikak eta arrazoimenak den-dena eman digula eman lezake. Izanez ere, giza garapena, gizarte aurrerabidea arrazoimen eta logikaren gainean daude eraikiak. Partekatutako lengoai batean hizpidera ekar dezakegun guztia arrazoimen logikoari zor diogu, ezin uka. Hizketa eta pentsamendua euren arrazoitze-arau, kategoria eta kontzeptuen bitartez, jakintza-arlo ezberdinka, gauzak eta gertakariak sailkatuz eta zehaztuz joan ahal izan dira. Gure garapena horrekin dago hertsiki loturik, ezin uka.
Alabaina, arrazoimena, ezaguntza edo jakintzatzat jo dezakegun horretarako bide emanda ere, arrazoimen logikoaren barrutiaz haraindi doa. Bizitza, existentzia zein gizarte mailako zenbait eta zenbait geruza ezin inportanteagok arrazoimen-logiaren atzaparrei ihes egiten diete. Arrazoimen logikoak errealitatetik ateratako dena delako hori zehazten-xehatzen digu, eta, berau galbaheturik, ezagutza edo jakitzaren eremura aldarazten digu. Alabaina, berau ez dugu inondik bide bakarra errealitatearekin eta bizitzarekin topo egiteko. Ez luke hala izan beharko, eta ez da hala, nahiz eta hala dela gero eta sinetsiagoak gauden gure egungo egunetan. Askoz zabalagoa da errealitatea, eta bizitza, eta beren geruza asko-asko labaintzen zaizkio arrazoimen logikoari.
Logikaren agintekeria hau gogor eta sutsu salatu zuen Xavier Zubirik. Arrisku honen oso ohartun izan genuen Zubiri. Gure garaiko zin-zinezko mehatxu zeritzon. Adimena, bere zabalean hartu ezean, eta, horren ordez, arraziomen logiko huts eta bakarrera murriztuz gero, “adimenaren logifikazio” zeritzon kultur gaixoaldian amilduko da. Eta horrekin batera, hautamendako errealitatea bera murriztuko zaigu zeharo. Errealitatea “entifikatuko” dugu, hau da, errealitatea, bere zabalean hauteman beharrean, berau guztiz murriztu eta, azkenerako, zenbait “ente” zenbakarriren batuketa-saretzat baino ez dugu joko. “Errealitatearen entifikazioak” eta norbanakoaren inteligentzia-adimena soil-soilik “kontzipientetzat” jotzeak goranzko eta geldiezinezko hazkundea eduki izana gure kultur mendebaldarraren arrisku larritzat jo zuen Zubirik. Inteligentzia kontzeptu eta kategorien bidez artikulatzen den inteligentzia “kontzipiente” soil hori baina askoz zabalagoa da, askoz gehiago da, behin eta berriz azpimarratu zigun Zubirik. Errealitatea, gure mundua, ez da “enteen”, gauzakien, batuketa bat, baizik-eta erreal den, izankizun den eta izan litekeen guztiaren mihise orohartzailea.
Logikak ez liguke inondik bere bide estua bide bakartzat ezarri beharko. Arrazoimen logikoaren agintekeria diktatorialera gero eta usatuagoak gaude egungo egunean, hainbesteraino ezen asko-askotan ohartu ere ez garen egiten. Baina arrazoimen logiko hutsaren bitartez nola egin diezaiekegu kontu baloreen zuztarrari, etikari, estetikari, nahikari eta apetei…? horratx baloreak, horratx etika molde ezberdinak eta ideologiak, horren erakusgarri-edo. Balioeste-irizpidetzat jo genitzakeen horiek guztiak logika instrumental horren gainean, edo horren parean, izan dira garatuak eta hezur mamituak, eta, logika instrumentalari inondik kontra egin gabe ere, berorren eskutik, berorrek nondik jo beharko lukeen zehaztu ohi dute gehienetan.
Esanda moduan, errealitatearen kontu askok eta askok egiten diote irrist arrazoimen-logiko-kontzipienteari. Hasteko eta bat, bizitzak berak, gure aurrez aurreko objetutzat inondik jo ezingo genukeen bizitzak. Bizitzak aurrez izanarazten gaitu, guk geuk ezin berorretik kanpo berau hauteman. Aurrez aurre izan genitzakeen zenbait konturekin ez bezala, bestelako bideetatik, ezin konta ahal bidetatik, egia esatera, joan gaitezke arian-arian bizitzaren geruza ezberdinak hautematen. Emozio dugun harridura dugu bide horietariko bat. Bizitzak asko eskaintzen digu, eta berorren aurrean harritzeko aukerak izan beharko luke lehendabiziko gauza. Jende askok sorgor urratzen du bere bizialdia. Bestetzuek, aldiz, existentziaren aurrean ezin dute euren harridura isildu. “Arrazoimen poetikoak”, “arrazoimen estetikoak… harriduran dute abiagune. Einsteinek berak “begirada txundituan” bizitzarekin zinezko konpromiso ororen hastapena jartzen du: artearen, zientziaren, erlijioaren, doakotasunaren… jaiogunea. Filosofiaren hastapena (Platonen Teeteton aurki daitekeenez) existentziaren aurrez aurrekoan ernatutako dardaraldiaz eman zen; “ni neu” eta “gauzak” bereiztea baino askoz lehenago sortutako hunkipenak jarri zuen abian gerora filosofia izango zen hori.
Hau eta beste ezer pentsatu aurretik, guztizko ziurtasunaren zaporea duen esperientzia irits dezakegu, ezein beldurrik ere ez dugularik, eta guzti-guztia intereseko dugularik, bakez eta gozamenez gainezkatuak antzo, diosku Wittgensteinek (Etikari buruzko hitzaldia).
Igor Goitia