Arrazoiaren hizkuntza (Oihan Txabarri)
Arrazoiaren hizkuntza (Oihan Txabarri)
Oihan Txabarriren (@oihantxabarri) zutabe hau ekarri dugu Alea ataritik.
“Frantsesa arrazoiaren hizkuntza da, askatasunarena, burujabetzearena”. François Hollande Frantziako Errepublikako presidentearen hitzak dira, Madagaskarreko hiriburuan ospatu berri den Frankofoniaren Nazioarteko Erakundearen bileran. Esan zezakeen “Frantsesa lurralde hau kolonizatu zuten soldaduen hizkuntza da”, “Frantsesa Kongoko lehengaiak lapurtu zituztenen hizkuntza da”, edota “Frantsesa glotofagia inperialistaren hizkuntza da”, baina ez zuen esan. Bakoitzak bere errealitatea bizi du.
Larunbatean euskararen eguna ospatuko da. Hollanderen antzera, politikariek adierazpenak egingo dituzte eta azalduko digute euskara zer den, ariketa dotore bezain hutsala. Euskara badelako askatasunaren hizkuntza, baina baita inposaketarena ere (galdeiozue, bestela, Eusko Jaurlaritzako hainbat kide berriri). Batzuontzat bada etorkizuneko hizkuntza, eta besteentzat, iraganarena (Iñaki Gabilondoren hitzetan, la ancestral y querida lengua de mis antepasados). Euskara bada iraultzaren hizkuntza eta burgesiarena, Che Guevararen eta Pinochet Ugarteren abizenetakoa, artzainarena eta fisikari nuklearrarena.
Gauza askoren hizkuntza dugu euskara, baina gauza batez ziur nago: ez dela, Hollanderen frantsesa ez bezala, arrazoiaren hizkuntza. Araban azken mende erdian gure arbasoen hizkuntza zahar eta maitearekin egin dugunak ez dauka ez hanka ez buru. Zein zentzugabe. Zein eder. Amaitzeko tesi bat: “Euskara arabarron hizkuntza da”. Hurkoak ez badu onartzen, ez da problemarik. Bakoitzak bere errealitatea bizi du.