Arrazoia. Bat eta bakarra?
Bat eta bakarra? –
Imanol Artola “Felix”, Tolosaldeko Atarian.
Ez dakit herria esaten, ezta urtea ere. Horrexegatik kokatuko dut Amezketan, 1843. urtean. Beraz, duela mende eta erdi baino gehiago, bazen Amezketan Martin Artola izeneko bake epaile bat. Herritarren arteko tirabirak konpondu behar izaten zituen, eta, berak ezin bazituen konpondu, orduan eramaten zen gaia Tolosako epaitegira.
Bada, 1843ko maiatzaren 24an Hilario Altuna eta Mari Karmen Galartza joan ziren Martinen etxera. Etxera arrimatu baino hainbat metro lehenagotik antzematen zen bazetozela, eta bi aldiz pentsatu gabe jo zuten Martinen etxeko aldaba; indarrez jo ere.
Atera zen Martin leihora, zer gertatzen zen galdetu zien, baina Hilario eta Mari Karmen biak batera hasi ziren hizketan, bata bestea baino ozenago. Jaitsi zen Martin sarrerara, eta sukaldera gonbidatu zituen. Martinek ardoa eta pikatzeko zerbait atera zuen, eta gaia lantzen hasi ziren, Joxepa, Martinen emaztea lapiko ondoan lanean ari zen bitartean.
— Martin, badakik gure baserria zeinen dotorea den, eta inguruak ere zeinen dotore mantentzen ditugun —hasi zen Hilario—. Baserriaren inguruko belardiak eta basoak gureak dituk, eta nazka-nazka eginda nagok, Mari Karmenen abereak gure terrenoetatik pasatzen direlako. Gure terrenoak direnez, Mari Karmenen abereak bertatik ez pasatzea agindu beharra daukak!
— Bai, bai, Amezketa osoak zekik zuen baserri inguruak oso txukun egoten direla —erantzun zion Martinek—. Zuen jabetzako lurrak direnez, ez daukate zertan Mari Karmenen abereek bertatik pasa. Arrazoia daukak, Hilario!
Jarraian, Mari Karmenek hartu zuen hitza:
— Bai, ados, gure abereak Hilarioren terreno partikularretik pasatzen dituk; baina gure baserria 1531koa duk, Hilariorena eraiki aurrekoa. Betidanik, gure abereak gaur egun Hilarioren baserria dagoen belardian barrena igaro dituk errekara joan eta ura edan ahal izateko. Horrela izan duk orain arte, eta, horrela izaten jarraitzea nahiko niake!
— Bai, bai, Mari Karmen. Zuen baserria dun Amezketako zaharrenetarikoa, eta jakina dun zuen abereak ura edan nahi badute, Hilarioren lurretatik igaro behar dutela. Arrazoia daukan, Mari Karmen!
Ordura arte isil-isilik egon bazen ere, Joxepak lapikotik begiak altxa, eta honakoa esan zion Martin senarrari:
— Baina, baina, Martin. Zuri dagokizu auzi hau konpontzea, eta, beraz, ezin diezu biei arrazoia eman; biek ezin dute arrazoi izan!
— Arrazoia daukazu, Joxepa!