Argudio-xedapen iragankorra

Argudio-xedapen iragankorra – 

Argudio-xedapen iragankorra Iduri dut aurtengo sortaldeko errege magikoen itsasoko gameluei gehien eskatuko zaizkien jolasak misilak, kolpekariak eta bolbora bera izango direla. Sartaldeko kostaldeetan opari gehiago zamatzeko atsedena hartzen duten bitarteko aukera paregabeaz baliaturik, glamourez beteko dira eguberri hauek «encore une fois». Ze irrati batzuen metxadun iragarkiekin petardo eta suzirien argiztatze “hasangarriak” sustatu eta paperezko propagandarekin eztanda eta sugarrez betetzen ari dira postontziak. Egiari zor, zenbatek ezin du ez suntsiketarik ezta zikinkeriarik gabeko mundu bat irudikatu? Zer egingo lukete, bada, inklusiboa ez den hezkuntza produkziorako sos publiko gehiago bideratuz hain ongi bizi diren haiek? Milioika dolar balio dituzten luzoker puska horiek -luze bai baina ez oker- erortzen diren tokietan erortzen direla ere, ez dio axola. Ludia bukaezina baita eta txikizioak gainezka egiten duenerako, metal astunekin nahasturik “ongarri” bihurtzen ez direnak planeta egokiago bat berriz ere zanpatzera jostatuko dira, zoriontsu baino zoriontsuago. Bejondeiela bada, espero baitut lau-laua izatea, elkarren arteko desegitea zuzenagoa eta azkarragoa izatearren.

Tanatos-ahalmena aurretik doakienen odol egarriek, urrezko edalontzi forma loriatsuetan gizarte likidoaren hainbat gizaki plasmatikoak txapapotearekin nahastuta, hormigoizko egitura solidoetan eraldatzen dituzte. Egiteko modu honek ez duenez ia inoiz kiratsik atxikitzen, beste behin datozkit irudimenera koroadun kirolaren souvenirren forma figuratibo berriak. Hain zuzen ere, sare gabeko aldamio gori-gorien azpiko zuri nuklearraz jantzitako krokodiloen haragi, errai eta hezurrez betetako otorduak. Erlatibismoaren abantailei helduta, baikor izatea komenigarriagoa zaigu. Zinez baikorrak, gure hobe beharrez balio gehiago duen hautua eraginkorragoa ere badelako, eta nahi izanez gero, ia denak duelako alde txarraren bat. Burua zut eta alde bietara aldizka begiratzearen ondorioz, lepoko giharrak hipertrofiatuta edukitzea da jarrera egoki honen alde txarrena. Uneoro mugikorrari so, garondoko zurden distentsioen kariaz, burua ezin altxatuz egotea baina mesedegarriagoa. Kasu honetan, erantzun baldintzatuetarako programatua izan zaizkigun intxaur formako masa bigun horien arteko uztaietan zartarekin «arre!»-z eragiteko zain ditugulako beltza-tratulariak. Halandabe, buru gainera eror dakigukeen misil despistaturen bat ez ikusteko arriskuarekin alderatuta, ezer gutxi da. Are gehiago, lepoko bi mugimendu egokitu haiekin arranditsu mantentzen banaiz, hainbesteko lerdentasunak ez ditu muntaia honen azpiko barrukiak ikusten, ezta jakiten ere bidean zenbat gizabanako erosiak izan diren. Honela, ondikoz, gure kontsiderazio moralaren subjektuen formak mantenduko dituzte. Buru biko hitz horren latinezko esanahia “ohitura” besterik ez denez, garai desberdinetan zenbaiti soilik komenigarriak zaizkien arauez jantzitako eta indarrez ezarritako usadioak dira funtsean. Ikus bestela boluntarismo magikoaren amarrua, hau da, kontraegitatez eta kontraesanez horditurik egotea Jainkoaren borondatea omen dela diotenean. Erresilientzia belikoa hobeto landu ahal izateko misilttoak ere banatuko zaizkie eskola esklusiboen ikasleei? Edo Argazkilari Nagusiak liburu sakratuetan ez zituen horniketa hauek errebelatu? Hau bai akatsa, de diooo!

Oso zabalduta dagoen beste eredua, hots, tanatosahaldunen mugimendu peristaltikoekin batera norbanakoaren erosahalmena handitzea, hezkuntza akordio berriaren parte izatea espero dut. Ze nire ondorengoaz ezin banaiz bizi -zergagabeko futbolari milioidun loriatsua izatea nahi dudalako- festa pribatuetarako etxetzarra mendi babestu baten zelai erdian eraikitzeko edo, zer gutxiago, ingurunea suntsitu bertako mineralen ustiatzearekin aberasteko, behintzat, sektore berdinean lan egiteko aukera izan dezala gizarajoak. Erlatibismoaren arabera, arazoa bera ez da arazoa, nahiz eta konpondu ez den arazoa berriro ere errepikatzen den mendekuz mendeku, baizik eta arazoaren aurrean zer jarrera dugun. Norberak pentsatu edo irudikatzen duenaz aparte badagoelako beste zerbait ere, hala, ukitzen edo ustez eragiten ez diguten kanpoaldeko gertakariak, nola, masiboki datorkigun berariazko euli zerizan eta formako desinformazioa. Honengatik da premiazkoa gertaerak ikusteko zer lekutan kokatzen garen. Adibidez, mendebaldeko bortxa-kulturako materia zein arimadun substantzien trafikoen burtsetan aritzen direnen kokatzeak eredugarriak dira oso. Hauen kideen beste bortxa-kulturetan, ordea, neskatoei lepoak luzatzen dizkiete, geroz eta zirgilo gehiago jarriaz, ederren diruditenak bertako enkanteetan saltzeko. Kasu honetan, behintzat, haien liburu sakratuan Argazkilari Nagusiak bai errebelatu ziela ez zitzaiela inoiz lepoa eroriko eta mugikorraren mendera erortzea zailagoa izango zutela. Gutxi balitz bezala, bortxa-kultura bakoitzak inposatu dituen eta kirrinka egiten diguten hainbeste arau asimetrikoentzat begirunea eskatzen zaigu eta gure kontsiderazio moralaren objektuak izatea, heriotzaren, tortura mozorrotu zein agerikoen eta espetxeen mehatxupean, noski. To moralkeria! Anartean, modu hauen goresle eta barre zale diren Estaduek barne sail operatiboen kakaputza-goitikinen nahasturak dastarazten dizkigute, hesien alde bietan eskopeta nazionalak soinean, ahuntzek gobernadoreen barrabil aireztatuetatik akainak jaten eta markazko durbante tuneatu dotoreekin zakil-mokoak biribiltzen. Halaber, goi bilera tematikoen menuetarako -zer gutxiago oporrei probetxua atera baino-, klitorixek trenkatubak saltsi berdin prestatuko zaizkie. Hau ere Nazioz Gaindiko Eragineko Plan Sektorialean sartzen al da? Edo Sexuaren Araberako Eskoletako Bereizketa Planean? Noizko odol eta suntsipenaren negozio zein aisialdien ustiatze arrazionalen orubeen desjabetzea? Erreformak? Bai, noski, hogeita bost forma erre nituen atzo aisialdi moduan eta haien buruekin kolpeka eraitsi beste hainbeste eraikin. Trantsizio garaietan, esplotazio eta zapaltze prozesuak beste forma “bihozbera” eta erosoagoetan ezkutatzen dituztenei irits dakizkiela, behinik behin, nire eguneroko auhen eta kaguen bortitzenen oihartzunak.

ARGUDIO-XEDAPEN IRAGANKORRA