Argi gorria

Argi gorria –

Argi gorriak ordu asko daramatza itzalita. Gehiegi. Hasiera batean ez diozu garrantzirik eman nahi izan: Lanean murgilduta zeunden, eta noizbehinka begiratu izan duzu, bai, baina badaezpada. Denborak aurrera egin ahala, ordea, bat-bateko kezkak erasan dizu. Posta-elektroniko bidezko hiruzpalau mezu igorri ondoren zure zereginetara bueltatzen saiatu zara, arreta guztia lanean jarri nahian, baina alperrik. Nahigabe ere, zure begi ertzek argi gorria bilatzen zuten. Baina ez da behin ere piztu. Askori argi gorriak arriskua edo larritasuna iradokitzen dien bitartean, alarma edo sirena hotsa irudikatzen dutelako, zuk argi gorria pizten denean sentitzen duzuna bizi poza da.

Kontua da ez duzula erantzunik jaso. Beste ordu laurden bat itxaron ondoren, azazkalak jateari utzi eta Aitorri hots egin diozu, mugikorrean dena ondo dabilela frogatzearren. Aitorrek potroetako minbizia diagnostikatu diotela jakinarazi dizu. Ezusteko galanta: Potrorik gabe jaioa zela uste zenuen. Hala ere, ez diozu bere atsekabeen berri jakiteko hots egin; Norberak bere arazoak dituela  esan nahiko zenioke, berak minbizia, zuk pizten ez den argi gorria, baina horrek ez digula lagun hurkoari bizitza izorratzeko baimenik ematen. Horren ordez, lasai egoteko esan eta Lubo Penev edo Molinaren adibideak jarri dizkiozu. Aitorrek futbola gorroto du. Ez daki nori buruz ari zaren. Azaltzen saiatu zara, baina ez du ezertarako balio izan, ezjakin hutsa da eta!  Azkenerako, lortu duzun gauza bakarra dantzan dituzun kirioak are gehiago aztoratzea izan da.  Tunel batean sartuko zarela esan eta ahoaz zarata arraroak egiten hasi zara. Utikan, berekoi  halakoa!

Katigatu ondoren mugikorraren pantailari begira lotu zatzaizkio. Deus ez. Ez dute zure mezuetako bat bera ere erantzun. Ez da normala. Esku artean hartu, eta tentuz behatu duzu. Badirudi ondo dabilela. Hala ere, gertatzen ari dena ez da mundu honetakoa. Horregatik, estalkia kendu eta bere tripekin jolasteari ekin diozu, zertan ari zaren ondo ez dakizula. Bukatutakoan berriro erreparatu diozu. Itzalita jarraitzen du. Dagoeneko ordu asko daramatza horrela. Matxuratuta behar du. Horregatik, kalerako jantzi, mugikorra prakako poltsikoan sartu eta ateranzko bidea hartu duzu. Etxeko atea ireki, eta irrikari eutsi ezinda,  mugikorra poltsikotik atera eta azken aldiz erreparatu diozu. Eta orduan bai, argi gorria piztuta zegoen, dir-dir etengabean. Emaila: Viagra potoa %50-eko beherapenarekin. Irribarre egin duzu: bizirik zaude. Eta nor edo nor konturatu da.

Argi gorria

Argi gorria

MARTITZENA 13