Angelu itsuak

Angelu itsuak –

Artxiboa itxi eta bapatean agure baten gorputzean bizitzearen, helbideratuta egotearen sentsazioak kolpatzen nau; isilik egonez gero eta telebistaren bolumena apur bat jaitsiko banu, arnasestuka entzungo nioke hormigoizko erraldoi horri.

Astelehena. Ez, angelu hilei, itsuei, galduei, mortuei ez diegu daukaten garrantzia ematen; zirkulatzen ari garelarik atzerako ispiluez ere ikusi ezin ditugun gune horiei.  Bizitzan ere holango puntuak baditugu; eskapatzen zaizkigun alde ikusgaitzak. -Hau Silvia da, nire bikotekidea -azaldu dit irakaskide batek, kafe-makinaren angelu itsu batetik agertuz eta asteburuko argazkiak erakusten dizkidana. Ez dakit nola interpretatu “bikotekide” hitza; zer nolako akordio, kontrato afektibo edo legala dagoen haien artean. Neure buruari galdetu diot nola aurkezten dudan nik nirea; zer transmititzen edo transmititu nahi dudan, agian oharkabean, horrekin. Areago, nola aurkeztuko nau berak ni. Nola hitz egingo die nitaz bere lagunei, bere lankideei. “Nire senarra, nire mutila…”. Agian nire izenaz arituko da. “Nire mutila” esanez gero gaztetuko egingo ninduke eta gaztetuko egingo litzateke. Atlantikotik depresio bat hurbiltzen zaigu; Gazan hobi komunak aurkitu dituzte. Kotxeko ezker hegatsa urratu dut; bai, garajeko zutabe hori… -Angelu itsu madarikatu hori…

Asteartea. – Éste es el benjamín -esan dit haurtzaroko lagun astun batek. Askotan tipoari ihes egiten diot baina oraingoan ez dut lortu: nire ezkerrean zeuden, metroko bagoi berean, angelu hil batetan. Semeak hogeita bost urte dituela dirudi eta bere aitak dei egiteko modu horrek -“benjamin”- lorategi korapilatsu batean sartzera behartzen nau, non goizeko ordu hauetan ez baitut paseatzeko gogorik; meloi bat irekitzera behartzen nau — baina… zenbat neska-mutil dituzu? -galdetu beharko nioke. —. Gure ekosistema afektiboa deskribatzen dugun moduari -”mi chaval, mi aita, Beñat, nire emaztea, nire gizona”- bueltak ematen jarraitzen dut, koadrotik ihes egiten zaizkigun eta irudi zentrala baino hobeto definitzen gaituzten pintzelkada horiei. Erretrobisoretik, telebistatik ikusi dut Alex Garcia, Thailandian larriki gaixotu zen bizkaitarra, pixkanaka pixkanaka Gurutzetan hobetzen ari dela. Institutuan klarion -oso- bat aurkitu dut eta, ezkerrera eta eskuinera begiratu ondoren, gorde egin dut, altxor arkeologiko bat bezala. ¡Mi tesoro…!

Asteazkena. – Eraikinak patologia larriak ditu – jakinarazten digu posta elektronikoz gure komunitatearen administratzaileak. Dirudienez, EITren arabera, eraikina -hirurogei urte bete berri dituena- gaixo samar dago. Deigarria egiten zait -askotan literatura arkitekto baten dokumentu aseptiko batean ezkuta daiteke- testua idazteko erabilitako pertsonifikazioa eta, bereziki, haren tonu, hiztegi klinikoa, medikoa – “kronifikatzea, hondatzea, materialen nekea, ahulezia, tratamendua, diagnostikoa” -. Batez ere “patologia”. Artxiboa itxi eta bapatean agure baten gorputzean bizitzearen, helbideratuta egotearen sentsazioak kolpatzen nau; isilik egonez gero eta telebistaren bolumena apur bat jaitsiko banu, arnasestuka entzungo nioke hormigoizko erraldoi horri. Arratsalde erdira arte susmo horrekin jarraitzen dut, Pedro Sanchezen gutun irekia irakurri arte: egun batzuetako hausnarketa behar duela eta agian gobernuari utziko diola. “Merezi duen” jakin behar omen du. Denbora darama ezker-eskuin begira, baina puntu itsu bat dauka hor. Ez du batere argi ikusten. Portugal… berrogeita hamar urte jada.

Osteguna. – Israelgo inteligentzia militarreko buruak dimisioa eman du, urriaren 7ko Hamasen erasoa ahalbidetu zuten akatsek eragindako presioak gora egiten duen bitartean -dio, besteak beste, telebistak. Iritzi publikoak ez du ulertzen nola ezin izan zuen aurreikusi, nola ez zuen burua biratu bertara, albo alboan zeudela ikusteko. Angelu mortu hori. Ufff, Sonora… Weinstein…

Ostirala. Bakeroa belaunaren parean puskatu zait. Urte asko zituen eta urratu egin da azkenean. Ulertzen dut, hala ere, zulo horrek, eguneratu egiten duela. Paradoxazko mundu batean bizi gara: nire prakei Eva Braunen kuleroei suertatzen zaien gauza bera gertatzen zaie. Beste zulo bat egin diot beste zangoan eta bakeroek are berriago ematen dutela eta beraien balioa handitu dela nabaritu dut. Gernika; laurogeita zazpi urte jada.

Larunbata. Moulin Rougeko hegalak erori dira. Manos Limpiasek onartzen du Begoña Gomezen aurkako salaketa albiste faltsuetan oinarritzeko aukera; agian ez da nahikoa atzerako ispiluetan, hedabide batzuek erakutsi nahi digunarekin. Antizikloi baten sarrera nabaritu da. Bidenek ez du ikusi -edo ez du ikusi nahi- bere ondoan daukan Palestinaren aldeko gazteria; angelu itsu horrek… Ez, ez nuen kebab hori afaldu behar.

Igandea. – No lo vi venir… -dio besoa igeltsurik daukan andre batek beste andre bati. Penelope…

En fin

AsteRkaria

Angelu itsuak

Irakaslea, idazlea; hurrenkera ez daukat batere argi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude