Alaba ala semea?

Alaba ala semea? –


Alaba ala semeaZer nahiago? Ez dira gutxi galdera horri semea alaba baino hobea dela erantzuten dioten gizonak. Mutilak ez omen du hainbeste buruhausterik sorrarazten. Kezka gutxiago izango ditu aitak. Eta amak. Ororen gainetik, arrazoi bat dago horrela pentsatzeko: gauean lasaiago egingo dute lo gurasoek.

El País egunkariak gutun bat argitaratu du gai honi buruz, Gasteizko emakume batek idatzia. Hauxe dio, hitzez hitz: «Lehengoan lagun baten mutil lagunak esan zuen seme bat gurago zuela alaba bat baino, ‘haiengatik gutxiago sufritzen duzulako’. Ideia garatzeko eskatu ondoren, alaba sexu eraso baten biktima izateari buruz ari zela ondorioztatu nuen. Nire beldurra beste bat zela pentsatu nuen orduan: semeak noizbait eskolan gelakide baten bularrari barre egitea, hura goizegi garatu baita; beste bati puta, urdanga edo balea deitzea, taberna batean onespenik gabe ipurdi bat ukitzea eta, gainera, lagunen barrea eta konplizitatea bilatzea gero; neska bat txupitoak edatera gonbidatzea mozkorrarazteko asmoz; ‘mesedez, gelditu’ bati kasurik ez egitea edo ‘jarraitu nahi duzu?’ galdetzeko gai ez izatea. Eta uste dut beldur hori dagoen bitartean beste guztiak gertatzen segituko duela».

Testuak buelta ematen dio gizon gehienok —eta ez soilik gizonek— erabiltzen dugun logikari: hobe semea, alabek arazo gehiago ekartzen dituzte eta. Ez gara konturatzen arazo horiek semeek sortzen dituztela. Galdetu edozein andreri gazte-gaztetatik etxean zenbat aldiz entzun duen beldurra sentiarazi dion esaldia: erruaren itzala darion aholkua —«gona hori ez da motzegia?»— edo antzeko aholkuak: «Gauean ez itzuli bide horretatik»; «ez utzi edalontzia barran komunera zoazenean». Asmo onenekin esanak dira, baina erantzukizuna neskaren gainean uzten dute beti. Kulpa. Ordea, zenbat bider esan digute gizonezkooi gaizki ez jokatzeko? «Ez ibili mutil lirdingatsuarena egiten», «ez izan nekagarria, neska batek ezetz esan badizu», «zeure burua kontrolatzen ez badakizu, ez edan»…  Erasotzaileak besteak dira beti. Gure semea, ez.

Sexu eraso bat izan denean, inoiz ere ez esan biktimari ez zaiola ezer gertatu. Hori erasoa erlatibizatzea da.

Hilabete ez dela, Bizkaiko herri bateko 20 urteko neska bat banku batean eseri zen, gauerdian, lagun bati audio bat grabatzeko. Inor ez inguruan. Burua altxatu zuenerako zortzi bat mutil nerabek inguratua zuten, isil-misilka. Han atxiki dute hamar bat minutuz, joaten utzi ez. Blokeatuta bera. Azkenean, oihuka hasi da. Urrun samar dabilen bikote batek hara egin du, azkar. Horretaz ohartu eta neskari joateko esan diote mutilek, irainak bota eta bota.

«Ez zitzaion ezer pasatu, zortea izan zuen», pentsatuko dute irakurle batek baino gehiagok. Tira, fisikoki ez zitzaion deus gertatu, baina psikologikoki? Neska horrek, hark berak esana, beldur handiagoa du geroztik gauean etxerako bidean mutil talde bat ikusten duenean. The New York Times egunkariak argi azaltzen du bere estilo liburuan. Sexu eraso bat izan denean, horri buruz idaztean, inoiz ez da esan behar biktimari ez zaiola ezer gertatu. Hori erasoa erlatibizatzea da. Ez dakizu emakume horri traumaren bat geratuko ote zaion gero edo zenbat denbora egongo den beldurrez.

EAEko Arartekoak hedatutako txostenaren arabera, gero eta mutil gazte gehiagok arbuiatzen dute feminismoa. Kontrako erasotzat jotzen dute. Ez dakit pedagogia ondo egiten ari garen berdintasunerako bidean. Kexuak entzun dira —gehienetan gizonenak, jakina—. «Gizon guztiak bortxatzaileak dira» esatea gehiegizkoa dela argudia daiteke, baina ez ahaztu: bortxatzaile guztiak gizonak dira. Arbolek ez ahal digute galaraziko basoa ikustea!

Hobe genuke alaba barik semea bihurtuko bagenu kezka eta beldur iturri. «Seme erasotzaile bat nahi dut?». Bai, mutila ustezko erruduntzat joko genuke, baina zer pentsatu dugu orain arte neskei buruz? «Alaba biktima bat nahi dut?». Alaba ala semea? Inoiz iritsiko gara galdera horri beldurrik gabe «berdin dio» erantzutera? Bide luzea dugu egiteko oraindik.

Neska horren gurasoek errieta egin zioten etxean, bidean banku batean eseri zelako.

Alaba ala semea

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

2 pentsamendu “Alaba ala semea?”-ri buruz

  • Denboraz kanpo. Gehienek nahiago txakurra. Halakoa baitda aurrerakoiez betetako gure gizarte hitsa.

  • Denetarik dago, ez da iritzi finko bat. Nik nahiagoko nuke alaba izatea. Gizonak 2 aldiz arrisku gehiago dute erahilak izateko, 9 aldiz gehiago preso izateko eta lanean istripuz hiltzeko, unibertsitatean matrikulatzea zailtzen zaie… guzti honekin bizi itxaropen askoz baxuagoa dute. Gehiago kezkatuko ninduke seme batek.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude