Adin batetik aurrera, nola orain jada ez (oainiaez)?

Adin batetik aurrera, nola orain jada ez (oainiaez)? –

Adin batetik aurrera, nola orain jada ez (oainiaez)?Zeinek ez du sentitu jada ez duela garaia zerbaiterako? Zeinek ez? Normalean urteetan aurrera egin ahala, zerbaitean, nonbait, zer edo zertan probatzen, hau edo beste egiten edo ahalegintzen… delako horrexen berri izaten du nola edo hala. Nola edo hala diot… ezen betiro ez dugu ohi izan era garbi-garbian horren berri; horren intuizio-sumo izatetik hasi, argi eta garbi ikusitako dena-delako horretaz guztiz uste eta sinetsita egoteraino.

Batera edo bestera izan, ezin dugu erabaki orokortu bat bota “orain-jada-ez” (“Ya no”, oainiaez) delako horri buruz. Gauza batzuetarako ez dugu inongo problemarik izaten. Topiko moduan, arau sozial moduan, gomendio mediko orokor edo propio zuri zuzendutako moduan… askotan ez soilik arazorik izan ez, dena delako horretarako “oainiaez” hori onartzeko, baizik-eta, gerta liteke, primeran, ezin hobeto, etortzea. Esate baterako, pisua kontrolatzeko korrika egin behar izatea oso gustuko izan ez duen batentzat, belaunak direla edo beste kontu bat dela, oainiaez horrek egundoko lasaitu eta poza eman diezaioke: berdin-berdin, parrandetan konpromisoz edo sozializatzearen beharraren beharraz-edo ibilitako bati horrekiko oainiaez-ak zinetan bake ederra eman liezaioke.

Pertsonaz pertsona, hortaz, oainiaez hori aldatuz joan ohi da, baina, batik bat, pertsona bat eta berarentzat kontu batetik bestera oainiaez-ak erraztasun-zailtasun ezberdinez agertzen zaizkio. Nolanahi ere, nolanahi ere den agertzen zaigun moduan, goazen orain une batez dena delako oainiaez bat, bere soil eta orokorrean, hizpidera ekartzera. Orain jada ez! (Ya no!), oainiaez? Zeinek eta nik, zer eta hori, eta noiz eta orain-oraintxe, jada ez, ez eta ez! Akabo bada, oainiaez! Fuera, kito! Oainiaez! Ez da erraza, batere, oainiaez-ismoari buruz konturik ematea. Ismo askok arautzen dituzte geure bizimoldeak, baina argibide askoz ulerterrazagoak dituzte. Izan sozialismoa, izan kapitalismoa, izan katolizismoa, feminismoa… denok dugu gutxi-asko argi noiz barru noiz kanpo, noiz ondo noiz gaizki, noiz koherente noiz inkoherente… Baina zer esan oainiazismoari buruz? Oainiaezismoarekin deserosotasun modutsuko bat sentitzen dugu. Zeinek ezarri du honekiko edo horrekiko oainiaez hori? Zeinek? Zeren irizpidearen arabera?… zilegi al da? Oinarritua edo ez? Dekretuz edo gomendioz? Gure on beharrez (osasuna edo dena delakoa dela…) edo gu kate motzean edukitze aldera?…

Ez da erraza, ez, deus argirik ebaztea. Dena delarik, eta batez ere oainiaez erraz ez onartzeko modukoak ez ditugunekin (nire ustetan, bene-benetako oainiezak), honelako egoeretan, geure bizitzen eremu baten konkista edo kolonizazio moduko bat sentitzen dugu denok. Niretzat, niri zuzendutako, oainiaez bat dagoenean (esaterako, taberna bat edo giro bat niretzat, nire adinerako, jada leku aproposa ez denean), ez gaitezen engaina, hori hala da, zeragatik eta hain justu ere beste baten bati “orain jada bai” (eta gerora ere “oraindik bai”) eskaini zaiolako. Horrela da, ez gaitezen engaina. Pentsa dezagun bestela niretzat edozein oainiaezi buruz, dena delakoa, hau edo beste, horrelakorik al legoke, benetan al legoke, horrekikoan atzetik eta ifrentzu moduan-edo, ez balego beste batentzat oainiabai bat?


Hau horrela… nola oainiaez?

Adin batetik aurrera, nola orain jada ez (oainiaez)?

Teologia ikasitakoa. Gai filosofiko eta espiritualetan jardunda.