50 urte alferrik galduak?

50 urte alferrik galduak? –

Barka iezadazu nire atrebentzia, Urkullu jauna, baina ataka larrian nago. Laguntza behar dut, nire burua lehertzear dago eta. Berrogeita hamar urte galdu eta seme hondatzailea bezala etxera itzultzen garela iradokitzen duzu.  Eta seme horri bezala damutzea ere eskatzen diguzu. Hori da nire arazoa. Deabrututa nago, Urkullu jauna. Ezin naiz damutu,  Nahi bai, baina ezin. ETAren deabrua nitaz jabetu da. Horregatik eskaera hau egiten dizut: Langraizeko kartzelan plaza bat. Nire burua garbitu eta eraldatu behar dut. Menperatzen nauen deabru horretatik askatu beharra daukat. Eta, horretarako, zer hobe Jonanen laguntza baino?

50 urte alferrik galduak?Sekretutxo bat kontatuko  dizut, Urkullu Jauna. Jonan da nire idoloa, nire eredua eta ispilua. Bidea erakusten didan eredua; zein gaiztoa eta maltzurra naizen gogorarazten didan ispilua. Jakingo bazenu, Urkullu jauna,  zein itsusia ikusten dudan nire burua Jonanen ispilu gardenean? Bera da niretzat damutuen eta ernegatuen irudi ezin argiagoa. Miresten dut nola ezabatu dituen, errotik eta betiko, bere jatorrizko sinesmen faltsuak eta printzipio okerrak; nola igaro den ETAren esklabo izatetik demokrazia eta EAJko morroi leiala izatera. Musu truk, gainera!

Gau guztietan, lokartu baino lehen, otoitz xume bat zuzentzen diot: Jonan santua, damutuen eta ernegatuen eredua eta ispilua, lagun nazazu nire gogoa arazten eta eraldatzen. Tamalez, deabrua dela medio, otoiz horiek ez dute inongo eraginik. Horregatik, Langraizen  leku bat eskatzen dizut. Ai, Urkullu jauna, ebanjelioko emakumeak bezala, Jonanen soinekoaren ertza ukitu ahal izango banu!

Nire arazoa, dakusazunez, larria da. Nik badakit, eta behin eta berriro nire buruari errepikatzen diot, ETA kriminala izateaz gain, guztiz alferra izan dela. Ezin kontatuzko ahaleginak egin ditut nire gogoan bi hitz hauek marrazteko: Kriminalak! Alferrak! Baina, hori esan eta berehala, deabruak nire belarrian xuxurlatzen dit: ETA gabe, euskaldunak ez zinatekete  izango. ETA  gabe, abertzaleak EAJkoak  bezain alprojak izango zinatekete. ETA gabe euskaldunak ez zinatekete ezer.

Lotsagabea eta iruzurtia da nire deabrua, baita tematia ere (Jonani gaueroko otoitza egin ondoren, beti agertzen zait). Deabrua, ez dut zalantzarik, ETAkoa da eta zuek ez zaituzte batere maite. Izan ere, «alproja» da irainik goxoena. Erremedio guztiak erabili ditut deabru madarikatu hori uxatzeko, baina arrakastarik gabe.

Soziolinguistikaren adituengana jo dut, adibidez, deabruaren lehenengo baieztapena ezeztatzeko. Baina soziolinguistek, ez guztiek baina bai gehienek, ziurtatu didate ETA  gabe, euskaldunok ez ginatekeela izango. Soziolinguistak ere deabruaren zerbitzariak dira, antza..

Bigarren baieztapena ezeztatzeko historialariengana hurbildu naiz. Hauen artean, noski, ez dut inolako adostasunik aurkitu (ze gaizki moldatzen diren haien artean, politikariak bezala beti liskarretan). Baina batzuek, nire ustez objektiboenek —hau da estrategia antiterroristaren mendean ez daudenek— deabruaren iritzia bermatu dute: ETA gabe euskaldunen kontzientzia independentista ez litzateke izango.

Imajina ezazu, Urkullu jauna, nola nagoen. Deabruak xuxurlatzen didanaren arabera, ETAk gure herriaren biziraupenaren bi zutabe jarri ditu. Lehenengoa, euskaldunon komunitatearen zutabea; bigarrena, Estatu independentearen zutabea. ETA agertu ezean, erdaraz eta Espainiaren mendean  gustura biziko ginateke. ETAri esker, deabruak diost, euskaldunak eta libreak izateko aukera dugu. Deabruaren gezurrak dira, badakit, baina soziolinguistek eta historialariek deabru horren gezurrak egiaztatzen badituzte, zer egin dezaket?

50 urte alferrik galduak?Ulertzen al duzu nire larritasuna? Nik ETA gorrotatu  eta gaitzetsi nahi dut erabat. Baina euskaraz eta Estatu subirano batean ere bizi nahi dut. Izan ere, horiek dira nire gauzarik preziatuenak, nire bizitzari zentzua ematen diotenak. Euskaraz bizi eta Estatu subirano batean libre aritu ezean, nire bizitza alferrikakoa litzateke. Eta aukera hori, deabruak esanda, ETAri zor diogu.

Ulertzen al duzu nire arazo larria? ETA gorrotatu eta gaitzetsi beharko nuke, baina, deabruak okerturik, ETA dut maite. Eta hori, badakit, krimenik handiena da, Espiritu Santuaren kontrako krimena alegia; hau da, zuk uler dezazun, estrategia antiterroristaren kontrako krimena. Izan ere, Espiritu Santuak, gaur, poliziaren sotoetan bere etxea jarri du. Espiritu Santua lan zikin horietan? Bai, Urkullu jauna, Espiritu Santuari «iturgintzako» lanak dagozkio —famatuena, Ama Birjina ernaltzea—  eta orain mendebaldeko zibilizazio kristauaren defentsan buru belarri dabil.

Deabrututa nago, Urkullu jauna; ETAren deabrua nire gogoaz jabetu da. Zuen laguntza behar dut. Langraizeko espetxean leku bat behar dut (lekutxo bat, besterik ez, txikia naiz eta). Jonanen laguntza behar dut «Jakingo bazenu, Jonan, nola miresten zaitudan. Gure Paulo berria zara. Berak Espiritu Santua asmatu zuen; zuk, ordea, gaurko Espiritu Santua antiterrorista zela konturatu zinen. Eta Espiritu horrek argiturik, Pauloren grinaz, terroristak konbertitzeari ekin zenion. Eta, Paulok bezala, musu truk».

Zuen laguntza behar dut, Urkullu jauna. Jainkoaren semeen askatasunez deabruari esan nahi diot: «Vade retro, Satanas. Jonan bezalako damutua eta ernegatua naiz, eta zer? Horrela, Espainiako demokrazia antiterroristaren paradisuan sartuko naiz. Urkullu bezain alproja naiz, eta zer? Alprojek euskal gobernuaren lanpostuak eta maukak eskuratuko dituzte. Utikan! Alde hemendik!».

Lagun nazazu, Urkullu jauna.

ETAren deabrutik aska nazazu, Jonan santua.

Zure soinekoaren ertza ukituko banu!

50 urte alferrik galduak?  50 urte alferrik galduak?  50 urte alferrik galduak?

FILOSOFO OHIA

14 pentsamendu “50 urte alferrik galduak?”-ri buruz

  • Nire ustez, “zer lortu du ETAk?” galdera txarto planteatua eta maltzurra da. Kontua ez da zer lortu duen, baizik eta zergatik sortu zen eta zergatik iraun duen gaur egun arte.

    Sortu zen zeren gure herria desagertzeko zorian zegoen estatu antidemokratiko eta zapaltzaile baten pean (egia esan, biren pean).

    Mantendu da zeren funtsean estatu horrek kontinuatzen duelako antidemokratiko eta zapaltzaile izaten.

    ETAk armak utzi ditu zeren gure txikian ez dugu indar nahikorik estatu antidemokratiko eta zapaltzaile horri biolentziaren bidez aurre egiteko, eta nazkatuta gaudelako biolentziarekin, baita estatuen biolentziarekin ere, zeina oraindik ez baita atertu.

  • Kontuan da zer lortu duen ez zergatik sortu zen, zergaiti horrek nola halako etekinen batean justifikatuko bailitzateke.
    Sortu zen zeren eta tipo batzuk garai horretako ideologia iraultzaile-marxista-leninistaz mozkorturik pentsatzen zuten Euskal Herria bloke horren ildotik joanez askatu egingo zela.
    Ikusi dugu independentzia eta sozialismoa binomioak eraman duen bidea bai hemen eta bai han. Ikusi dugu herrialde indepedizatu dela garai horretatik honera, baina bakar bat ere ez dela independizatu marxista-iraultzailea izateagatik, alderantziz baizik, sozialismoaren kontra gertatu direla independentzia guztiak.
    Mantendu da ETAk sare sozio politiko indartsua egiten lortu zuelako estatuaren errepresioaren arrimura.
    ETAk arma utzi ditu azkenean baita ezker abertzaleko militanteek ere ez zutelako bultzatzen, herria nazkaturik zegoelako bere erahilketa eta bere itzal pean sortutako ezker abertzalearen sistema poliziako-disziplinarioaz.
    ETAren hilketak ez dira izan gauza heroikoa, txiki batzuk handi batzuei egindakoa, ETAk karamelo saltzaileak, bizikleta saltzaileak, sukaldariak, langileak erahil egin ditu.
    Orain derrotatua izan da eta bere burua desagertu beharko luke. 35 urte eta gero argi dago ETAk sofrikarioa besterik ez duela ekarri. Eta bere ideologia iraultzailea zanpatzaile lotsagabe batzuen ideologia dela demostratu da ere bai.

    • Hilzorian eta hesituta dagoen herri baten erreakzioa izan zen, euskal nazionalista hegemonikoek ezer egiten ez zutela ikusita. Marxismoarena-eta geroago etorri ziren, behin beste mugimendu batzuekin harremanetan jarri ondoren, eta ikusirik ezkertiar espainiazaleekin bat egiteko beharra.

      Mantendu da ETA zeren espainiar estatuak bere hizkuntza inposatzen du gurea galtzear den bitartean, zeren milaka pertsona tortutatu ditu, zeren terrorismoa ere bultzatu du…. Bestela aspaldian amaituko zen.

      Eta bai, denok nazkatuta geuden biolentzia espiralarekin, batez ere beti galtzaile ateratzen ginelako. Espainiar estatua makurtzeko nahikoa indar izan balute, gaur ETAkoak heroiak lirateke.

      ETA desager dadila, bai, baina hemen ez dago bakerik, ez justiziarik ez ezer.

  • Garret, pertsona konkretu batzuk ziren ETAkideak eta ez “hiltzorian eta hesitua dagoen herri” bat. Herriak botoa emateko aukera izan zuenean argi eta garbi utzi zuen ETAk zuen aldekotasuna, oso eskaxa.
    Ez zen inongo erreakzioa izan, baizik eta tipo batzuk luze aztertu eta eztabaidatu eta gero martxan jarri zuten aparailu politiko-militarra, objetibo garbiekin, estatuaren erreakzio errepresioa areagotzea eta horretatik bere erakunde handitzea militante berriekin. Ekintza-Errepresio-Ekintza espirala onartu baitzuen ETAk Vgarren batzarrean. Eta espiral horrek eraginkortasuna eduki zuen denbora luzean.
    Gure hizkuntzaren alde zegoen jendea ez zen ETAn sartu baizik eta ikastolak sortu zituen edota euskaraz kantatzen hasi zen. Ez ditzagun porruak eta azak nahasi.
    Hemen dagen bakea eta justizia ez da oso polita izango baina 800 pertsonatik gora erahil dituen erakunde batek armak utzi eta suizidatu egiten denean, ordua pauso bat aurrera emango dugu bake eta justizian.

    • Bentazar, hainbat puntutan zurekin ados egonda edo ez, neu ere pozten naiz ETAren zikloa itxi delako. Ez naiz baikorra euskaldun populuaren iraupenarekin, baina nekez imajina dezaket borrokabide ederragoarik, bere baitan biltzen baititu justiziaren aldeko ekimen guztiak, eta horregatik eskertzen dut Euskal Herrian jaio izana.

  • Ongi diozu, Bentazar: ez ditzagun porruak eta azak nahasi.
    Eta horregatik hain zuzen komeni zaizu historiari errepaso bat ematea. Eta hobe, sakona bada.
    Zure urtetxoak gora eta zure arduratxo politikoak behera, ez baitzara ezertaz enteratu.

  • Meredith, iruditzen zait ez dela bidezkoa ignorante bat naizela esatea eta hori ez demostratzea. Oso jarrera jetosoa iruditzen zait zure aldetik. Zuk diozu ez naizela enteratu. Zertaz ez naiz enteratu? Zertan esan dut zeozer egi hutsa denetik kanpora?

  • Bentazar, demagun Txinak bere ejerzitua Frantzia ta Espainia inbaditzeko erabiltzen duela, bi estatuak konkistatu ta gero erraten du, lasai egon zaitezte , gure legeak jarraitzen dituzuen bitartean ez dago arazorik, hauteskundeak izango dituzue ta guzti , hori bai bozka guztiak kontuan hartuz, Txinan bozkatutakoak ta Frantzia ta Espainian bozkatutakoa.
    Txinatarrak 1300 milioi direnez beti agintzen dute, legeak egiten dituzte, gaztelania ta frantsesa borondatezkoa bihurtzen dituzte, edozergatik jendea kartzelaratzen dute, torturatu, erahil….

    Hori gertatuko balitz, ze eskubide izango zituzten Frantzia ta Espainiako hiritarrak beraien aberria defendatzeko?
    Ta gudarostearekin ezingo bazuten, uste duzu talde armatuak sortuko balira Frantzia ta Espainiaren independentzia berrreskuratzeko, Espainia ta Frantziako hiritarren sostengua izango zuketela?

    Hemen idazten dituzun txatxukeriak jarraituz, Espainia ta Frantziak ezingo zuten beraiek buruak defendatu, ez zen zilegi izango inolako talde armatuaren sorrera beraien herriak defendatzeko….

    Edo bai?

  • Suagaar, ze herrik eman zion ETAri jendea bere nahiara erahiltzeko agindua? Euskal Herriak ez ze hauteskunde batzuk gertatu zirenean aski garbi gelditu zen ETAren aldekotasuna oso eskaxa zela.
    ETAko militante beraiek jarri diote bere buruari salbatzaile paper hori, eta ez Euskal Herriak, Suagaar. ETA beti minoria izan da. Eta bai egia da Euskal Herriaren izenean erahil izan du. Baina bere “Euskal Herrian” ez ziren etsaiak eta beste alderditakoak kabitzen noski. Euskal Herri murriztu eta mutilatu baten ordezkari izan da ETA.
    Beraz Suagaar ez eredu tonto-inozorik jarri eta goazen egoeraren arira: ETA Euskal Herriaren “ordezkari” izan da edo da. Batzuentzat bai, gehienontzat ezta pentsatu ere.

  • Lergalarrea 2017-04-21 23:58

    Galo euskaraz ederki, arrazoiz eta argudioz gaizki. ETAk Frankoren garaian, bitarteko gutxi eta gatazkan nagusi. Zergatk? Arrazoia, zuzentasuana, planteamentua…den dena, ongi. Emaitza: garaipena.
    1980: plantementu dudakoa? Ez, okerra izan zela esanen nuke. Ondoren, okerretk okerrera. Zerbait ongi egin ote du?

  • Lergalarrea 2017-04-22 00:07

    Bomba autoa, frantziaren “interesen” kontrako kanpaina burugabe eta ezin kaltegarriagoa (guretzat, jakina) eta beste akats estatregiko batzuez at, pastelaren gerezi beltz pozoindua: oinazea gizarteratzea.
    Emaitza: porrota.

  • PeruLeartzako 2017-04-24 18:16

    Desastre totala

  • Oso ona Galoren analisia, euskara, ironia fina eta egoera historikoaren ikuspegia.
    Bentazar-en diskurtsoa Urkulluren, Atutxa eta konpainiaren “mantra” zahar, errepikakor, ustela besterik ez da. Ikuspegi historikoaren azterketarik ez du sekula egiten eta bere egitekoa ezker abertzalearen kontra egitea da, betiko pribilegio eta txantxulloekin jarraitzeko. Eta Lergalarrea, euskara pixka bat hobetu eta jantzi zure burua gure hizkuntzan, zeren eta herri honen “porrot” handitako bat da zu bezalako euskaldun kaxkar eta koxkor asko bazterretan lasai ibiltzea, gure herriaren ondarea gutxietsiz, eta nork daki, agian, mespretxatuz.

  • Ni harrituta gelditzen naiz ETAren ibilbidearen ikuspegi positiboa duten hoien aldetik ikuspegi hori oinarritzeko ez arrazoi zipitzik aportatzea. Badirudi ETA oso polita eta ona izan dela baina Berazubik ez digu esaten zergatik. Eta mantra errepikakorretaz hitzegin behar badugu jendea multzoka deskalifikatzea da, izen propio oso gaitzesgarrien zerrenda bat eginez. Urkullu, Atutxa eta Bentazar jaunek arrazoia eduki dezakete, eta ez badute esan beharko zaie zergatik ez duten. Baina Berazubik aski du ahotan txantxulloak eta pribilegioak aipatzearekin. Ez al da txantxulloa eztabaida ukatzea deskalifikazio erraldoi batekin? Ze klaro esan beharko didazu zer dago ETAren 845 heriotza eta ehunka presoak kontrapixatzen duen neurri zoragarria. Ez al da kalkulu hori aski adierazteko ETArena timo erraldoi bat izan dela, eta odoltsua gainera? Ez al du lotsarik ematen hain harro ibili eta jokatutako erakunde batek armak uztea, bere helburuen minimorik lortu gabe eta adieraziaz oraindik beste guztiak oso gaiztoak garela? Ez al da hori benetako timazo bat?
    Gero euskarari buruz gainera lezioak ematen digu Euskaltzaindia bera izango balitz bezala. Euskararik txarrena idazten ez dena da, Berazubi, eta pertsona baten iritzia gaitzestea euskara kaxkarra erabiltzeagatik elite nazkagarri baten aldeko joera aldrebesa erakusten du eta noski zure burua pentsatzea euskara arloan aitasantua zarela. Ezker abertzalearen ohiko hegemonismo harroputza.