10 urte barru

10 urte barru –

Bada betidanik interesatu zaidan gai bat: denboraren pertzepzioa eta ulermena eta iragana, oraina eta etorkizunarekin dugun harremana, edo bestela esanda, François Hartogek 2007an izendatu zuen historikotasunaren erregimena. Azken honi erreferentzia egiten diogunean, gizabanako batek edo gizarte batek denborarekiko garatzen duen pertzepzioaz hitz egiten ariko ginateke. Gizaki historiko gisa, historian betetzen dugun eta oraina, iragana eta etorkizunarekin garatzen dugun harremana, alegia.

10 urte barru

Denbora neurgarria da, erlojuak tik-tak egiten du eta hori ezin uka daitekeen egia enpirikotzat har daiteke, baina denbora pasa izanaren kontzientzia ez da gizarte guztietan berdin ematen. Ezta denbora hori gure orainetik non kokatzen dugun ere. Denboraren joana hura bizi duten subjektuek garatutako kontzientziaren arabera sortzen eta eraikitzen doa, eta beraz, pertzepzio hau guztiz aldagarria da. Denboraren esperientzia anitzei esker, gizakiek iragana, oraina eta etorkizunaren moduko kategoriak sortu dituzte. Baina esan bezala, pertzepzio hauek eta hauei emandako garrantzia gure historian zehar aldatu egin dira.

Adibidez, Antzinarotik XVIII. mendera arte, gure gizartea iraganari begira bizi zen, hau da, oraina bizitzeko modua iraganaren bidez zen, iragana eta iraganeko esperientziek balio handia baitzuten. XVII. mendeko nekazari batek bere gurasoen eta aitona-amonen esperientzietatik ikasi, ezagutu eta oraina ulertzen zuen. Ordea, XIX. mendetik aurrera, denbora bizitu egin zen, gertakariak maizago jazotzen ziren, eta gertaera hauek gero eta aldaketa bortitzagoak sortzen zituzten, oraina iraganetik gero eta gehiago aldentzen hasi zen. Horrenbestez, denboraren pertzepzioan aldaketa handi bat ematen hasi zen, etorkizunak balio handiagoa hartu zuen, aurrerapenaren ideia finkatu zen, etorkizuna helburu —itxaropentsu— bat bihurtzeraino: ideologiak, helburuak, utopiak edo doktrinak sortu eta ugaritu ziren: gizartea etorkizunera begira jarri zen.

Eta orain? Alde batetik —eta eskerrak—, aurrerapenaren ideia gainditzen ari den gizartea gara. Baina beste aldetik, Bizi oraina esloganean eta etengabeko gaur batean murgilduta gaude. Bihar da gaur eta atzo ere izan zen gaur eta azkenean, balio duena izan zen/da gaur gertatzen dena. Izan ere, etorkizunean arreta jarriz gero, hau ziurgabea, iluna eta ezjakina da, eta zail ikusten dut geure burua bertan proiektatzea. Hori dela eta, etorkizuna orainean bizitzen da, eta oraina orduan, azkarra, aldakorra, iheskorra eta bizia da.

Non ikusten duzu zure burua 10 urte barru galderari erantzuteko eskatzen badigute, kontxo, XVII. nekazariak esango luke berdin, XIX. mendekoak esango luke ziurrenik hobeto eta guk, guk ezin dugu ezer esan pentsatze hutsak —gehiengoari— hotzikarak eta antsietatea ematen diolako. Are gehiago, uste dut gure gizarteko belaunaldi guztietan galdera hau erantzuteko ariketa oso zaila dela, etorkizuna, tamalez, iraultza edo aldaketa estrukturalik ezean, ez delako desira bat.

10 urte barru