Zerga europar bat proposa dezake Europako Komisioak
Janusz Lewandowski Aurrekontu Komisarioak Finantial Times Deutschland egunkariari eskainitako elkarrizketa batean aurreratu duenez, batasuneko kide diren estatuek egin beharreko ekarpen ekonomikoa gutxitzerako orduan kontuan izateko moduko ideia bat da zerga europar baten sorrera.
“Lurralde askok gutxitu nahi dute zama hori, eta horrek estatuetako Finantza Ministroei eskatu beharrik gabeko errekurtso propioetan pentsatzera garamatza” adierazi du komisarioak. Gaur egun, EBren aurrekontuaren %76 inguru estatu kideek finantzatzen dute, eta honen aurrean “mozkin iturri alternatiboak bilatzeko unea iritsi” dela dio Lewandoskik.
Aukera ezberdinak aurkeztuko ditu horretarako. Finantza-transakzioen gaineko tasa bat ezartzea, aire garraioaren gaineko zerga berri bat sortzea edo negutegi efektuaren eragile diren gasen isurketa-baimenetatik eratorritako funtsak erabiltzea, besteak beste.
Dena den, komisarioen elkargoak hartzen duen edozein erabakik “politikoki onargarria, finantza mailan zentzuduna eta praktikoa” izan beharko duela azaldu zuen astelehenean Patrizio Fiorilli Aurrekontuen Bozeramaileak. “Ez du zentzurik 100 euro lortzeak, 100 euro horiek biltzen 95 xahutzen badituzu”.
2006tik datorren kontua da aurrekontu komunitarioaren egitura berrikusteko beharra. Aurrekontuek autonomia gehiago izate aldera zerga europar berri bat ezartzearen ideiak estatu kideen oposizioarekin egin izan du beti tupust. Irailaren 21 edo 28an aurkeztuko dute Europako Komisioaren proposamena.