Zerekin dantza egin?
Badute umeek doinuekin gozatzeko gaitasuna. Ikusten dugu nola gure ingurukoek txikitatik egiten duten dantza modako famatuen kantekin, nola ikasten dituzten gustuko marrazki bizidunen abestiak, nola maite duten behin eta berriz entzutea ipuin ezagunak, nola ikasten dituzten atsegin dituzten filmen elkarrizketak… Eta guk haien gogoa elikatzeko umeentzako espresuki egindako produktuak ematen dizkiegu hori egokiena delakoan.
Behin, duela urte asko, Joxerra Garziari entzun nion, haurrei ohikoa dugun baino maila goragoko literatura eskaini behar geniela, naiz eta iruditu agian ez zutela ulertuko. Orduan, han zeuden askok ez zuten proposamena ondo hartu, ordura arteko jardunari kritika egiten zitzaiola ulertu baitzuten. Eta ideia bera beste arloetara eraman daiteke, arte plastikoetara edo musikara, adibidez. Harrezkero askotan gogoratu naiz horrekin, eskola liburuetan azaltzen diren testu egokituak irakurtzen ditudanean, batez ere. Sarritan iruditu zait errazte eta egokitze aldera egiten ditugun ekarpenekin ekoizkina lotsagarri kamusten dugula. Baina, adina kontuan ez izatea komenigarriagoa da?
Hori guztia etorri zait gogora gaur, bideo hau ikusi dudanean. Zer iruditzen zaizu zuri?
Bukaeraraino ikusi dut bideoa eta iruditzen zaidana da Beethoven jaunak zailtasun handiak zituela bere mugimenduak bukatzeko; umea bera konturatu da horretaz, ezin bukatu!
Nola hasi eta nola bukatu, diotenez, sorkuntzaren konflikto handienetarikoak dira…
Ez diogu kenduko Beethoveni bere jenialtasun puska, pieza oso ederrak egin baitzituen, baina bai, egia da bukaera batzuetan gehiegi luzatzen dela. Hala era nik beste gauza batzuk ikusten ditut hor eta hortik datorkit galdera:
bideoko umea gozatzen ari da, dudarik gabe, baina zenbat aldiz entzungo zuen pieza horrela kontrolatzeko? noraino da bere gogoa, edo gurasoena?
hezitzaileok, noraino estandarizatzen dugu eskoletan ikasleei ematen diegunarekin?
nola egin ikasle bakoitzaren potentziala ateratzeko?
…
Halako gauzak
Nik uste bideoko umeak edo adin horretako zenbait umek hori egin dezaketela aurretik egundoko lanik egin gabe. Adin horietan naturalki gauza harrigarriak egiten dituzten umeak ikustera nahiko ohituak gaudela uste dut. Nire ustez arazoak sortzen dira sarritan dohain horiek garatzen saiatzean. Ez dakit zein den horretarako modu egokia (ziurrenik ume bakoitzarentzat ezberdina izango da), baina nik neure buruari askotan esaten diot, gure umeek harritzen gaituzten gauzak egiten badituzte, ez okurritzeko hoien garapena nolabait “behartzean” pentsatzea (bideoko umeari hori ez gertatzea zaila izan daitekenaren susmoa dut).
Bestalde, niretzat Beethovenen sinfoniak ez dira gehiegi luzatzen.
Erabat ados! Beethovenen sinfoniak ez dira gehiegi luzatzen nere gustorako ere. Eta umeari dagokionez… batetik beldur pixkat ematen du, hainbesteko zehaztasunez ikusten bait da ezagutzen ditula musika bera, eta zuzendari batek egingo lituzken mugimenduak.
Umeak telebista aurrean fermentatzen edukitzea baino hobe, musika (on) pixka bat jartzea, ezta? Nik umea gozatzen ikusten dut, desatatuta, endorfinak barra-barra sortzen, eta, bide batez, sorrarazten, amaren algarak entzunda. Misterio handiagoa ikusten diot egongelako kanping dendari; gonbidaturen bat izango dute agian etxean, Maurice izenekoa, Ravel bezala ezagutzen duten musika ikasle bat… Auskalo!