Uztailak 2: Eikenek eta EiTBk ‘Gidoi Faktoria’ jarri dute abian, Euskadiko gidoi espezializatuei buruzko lehen prestakuntza programa

cc-by: fredy the boy
cc-by: fredy the boy

EIKEN Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterrak eta EiTBk  ‘Gidoi Faktoria / El Espacio del Guión’ izeneko espezializazio-programa jarri dute abian, ikus-entzunezko produkzioan lan egin dezaketen gidoilari adituak trebatzeko asmoz. Modu horretan, bete egingo litzateke telebistaren merkatuan eta aipatutako arloan gaur egun dagoen hutsunea.

Programa 2009ko azaroan hasiko da ematen EITBk Bilbon duen egoitzan. Programak lau modulu informatibo independente ditu, eta, guztira, 350 eskola-ordu emango dira. Bereziki, gidoilari orok ezagutu beharreko trebakuntzak eta gaitasunak landuko dira. Zentzu horretan, parte-hartzaileek sakon aztertu eta ezagutuko dute telebista, bai eta gidoiaren oinarriak eta tresnak eta fikzioa edo entretenimendua bezalako genero ezberdinetan dituen aplikazioak ere.

Gainera, ikasleek amaierako proiektu bat egin beharko dute, eta praktika-aldi bat egiteko aukera izango dute (gutxi gorabehera, 250 ordu), ‘Gidoi Faktoria / El Espacio del Guión’ ekimenarekin kolaboratzen duen produkzio-enpresaren batean. Era berean, tutore baten aholkularitza jasoko dute uneoro.

Programa osoa amaitzen denean, parte-hartzaileek “Gidoilari aditua” titulua lortuko dute, EIKENek eta EiTBk emanda.

Proiektu berritzaile hau 20 pertsonarentzat izango da, eta ondoko baldintzak bete beharko dituzte: Ikus-entzunezko munduari lotutako unibertsitate ikasleak edo prestakuntza zentroetakoak, sektoreko profesionalak edo erlazionatutako beste sektore batzuetako profesionalak, bai eta gidoigintzaren munduan euren ibilbide profesionala garatzeko interesa duen pertsona oro ere.

Gainera, gura duten profesionalek moduluetako bat egin dezakete modu independentean, aldez aurretik dagokion matrikula-tasa ordaintzen badute.

Ikastaro osoko matrikularen kostua 4.800 eurokoa da pertsona bakoitzeko, eta ordainketa zatika egin daiteke. Prezioaren barruan, kontzeptu hauek daude sartuta:

·        Prestakuntzako 350 ordu, telebistako gidoilari-profila betetzeko behar diren gaitasun eta trebeziak lortu ahal izateko.

·        Prestakuntza-aldian tutoretzapean egindako praktikak.

·        Prestakuntza praktikoko 250 ordu sektoreko enpresa batean, tutore batek gidatuta.

·        Gidoilari profesional baten laguntza amaierako proiektua egiterakoan.

·        Inskripzioa eta matrikulazioa ‘Gidoi Faktoria / El Espacio del Guión’ proiektuaren markoan emango den ikastaro monografiko edo tailerren batean.

·        Inskripzioa eta matrikulazioa Urteroko Jardunaldietan.

Gainera, antolakuntzak matrikularen %30era arteko bekak eman diezazkieke zenbait ikasleri, zehaztu beharreko irizpideen arabera.

Hautaketa prozesua uztailean eta irailean egingo da, eta sektore horretako profesionalek osatutako taldeak aukeratuko ditu hautagaiak. Programan interesatuta daudenek edota informazio gehiago gura dutenek mezu elektroniko bat bidal dezakete hurrengo helbidera: gidoifaktoria@eitb.com. Bestela, 94 656 32 30 telefonora hots egin dezakete, eta ‘Gidoi Faktoria / El Espacio del Guión’ programari buruzko informazioa eskatu.

Ikastaro monografikoak eta Urteko Topaketa

Prestakuntza programa honekin batera, iraupen laburreko (10-15 ordu) beste 5 tailer edo ikastaro monografiko antolatuko dira, eta nahi duten profesional guztiek parte hartu dezakete. Ikastaro hauetan, gehienez, 50 pertsonak hartu dezakete parte, eta horietatik 3 ikastaro osoaren ikasleak izango dira. Ekimen honen testuinguruan, halaber, EIKENek eta EiTBk urtean behin edo birritan hitzaldiak, jardunaldiak eta lansaioak egin nahi dituzte gidoigintzaren munduarekin erlazionatutako gaiei buruz, sektorearen profesional garrantzitsuenen lankidetzarekin.