Surffing E.H.: Munduko Surf Txapelketa Zarautzen

San Miguel Pro Munduko Surf Txapelketaz gozatzeko aukera izango dute gaur hasi eta datorren igandera arte Zarauzko hondartzara gerturatzen direnek. Aurtengoan gainera iaz baino kategoria handiagokoa izango da froga, bost izarreko mailatik sei izarrekora igaro baita, mota honetako txapelketa batek izan dezakeen mailarik altuena.

Txapelketa Zarautzen antolatzen den laugarren urtea da aurtengoa, eta garbi dago urtetik urtera sendotzen ari dela. Aurrekontuei erreparatuta, iazkoan baino 80.000 euro gehiago bideratu dira txapelketara, guztira 300.000 euroko aurrekontua ezarriz. Horietatik 145.000 saritan banatuko dira, irabazleak 20.000 euroko saria jasoko duelarik.

MzIwMw==

Parte hartzaileei dagokienean, aipatu Aritz Aranburu, Tim Boal eta Gony Zubizarreta, orain arteko hiru edizioetako txapeldunak, parte hartzaileen artean izango direla. Hauez gain, aurten munduko 45 surflaririk onenen artean sailkaturiko hainbat surflari ere bertan izango dira. Etxekoak ere ugari izango dira, Hodei Collazo, Marcos San Segundo, Igor Muniain eta Mario Azurza Zarauztarrak eta herritik kanpoko Norman Landa, Eneko Acero edo Txaber Trojanola euskaldunak kasu.

Ikusle ugari mugiarazten dituen ekitaldia da Munduko Surf Txapelketa. Iaz, adibidez, 20.000 ikusle gerturatu ziren itsasertzera, munduko surflari onenetakoak lehian ikustera. Aurtengoan gainera internet bitartez ere zuzenean jarraitu ahal izango dute bertaratzeko aukerarik ez duten Surf zaleek.

Irudia | Shaun Gossmann surflaria Zarauzko uretan | Artzai Gomez | Creative Commons By SA